GARA
GENEVA

Pandemia egoeratik «kontrol fasera» igarotzeko plana argitaratuko du OMEk

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) otsail amaieran covid-19ari erantzuteko plan berri bat argitaratuko du. Plan horrek gaixotasunaren egungo kudeaketa eredua aldatzea eta covid-19a pandemia gisa artatzeari uztea proposatuko du, Mike Ryan erakundearen Osasun Larrialdietako zuzendariak atzo iragarri zuenez. Azken helburua covid-19aren «kontrol iraunkorra» ahalbidetuko duen fase batera pasatzea da, beste arnas gaixotasun batzuekin gertatzen den bezala, gripea adibidez, Ryanek OMEren Batzorde Betearazlean pandemiari buruz egindako hitzaldi tekniko batean azaldu zuenez.

«Covid-19ak eragindako nazioarteko larrialdia amaitzeko, 2022an gauza asko egin beharko dira, kontrolik gabeko infekzioa murriztea kasu, bereziki populazio ahuletan. Aldaera berriak sortzeko arriskua murriztea ere beharrezkoa da», azpimarratu zuen aditu irlandarrak. Ryanek azaldu zuenez, heriotza tasa ere murriztu egin behar da (%1,6koa da egun kutsatu eta hildakoen mundu mailako kopuru ofizialak kontuan hartuta), eta «infekzioaren epe luzeko ondorioak minimizatu». Horretarako, «osasun estrategia nazionalak optimizatu behar dira» Ryanen arabera, eta, hori egiteko, estatu bakoitzaren egoera berezia kontuan izanik (adibidez, txertatze tasa), «herrialde bakoitzak bere bidea aurkitu behar du».

Bestalde, Ryanek nabarmendu zuenez, aztertu egin behar da osasun publikoko zer neurri onartuko dituzten tokian tokiko gizarteek etorkizuneko etapetan, eta azpimarratu zuen egungo estrategiek etorkizuneko pandemiak prestatzeko ere balio behar dutela. Ildo horretan, OMEko Osasun Larrialdietako zuzendariak esan zuenez, «hurrengo pandemia arnas agente batek eragingo du ziurrenik», hau da, covid-19aren, arnas sindrome akutu larriaren eta beste gaixotasun batzuen atzean dauden koronabirusen antzeko agente batek, edo gripea eragiten duen birusaren antzekoa.

Txertoen mugak

Kate O’Brien OMEko Immunizazio, Txerto eta Produktu Biologikoen Saileko zuzendariak, bere aldetik, ez du uste immunitate esterilizatzailea ekarriko duen covid-19aren aurkako txerto bat garatzea lortuko denik, hau da, covid-19ak eragindako infekzio guzti-guztiak saihestuko dituena. «Ez dut uste immunitate esterilizatzailea eskainiko duen txerto bat izateko itxaropena izan behar dugunik. Oso egiteko zaila da hori txerto batentzat», azpimarratu zuen atzo O’Brienek OMEren Kontseilu Betearazlearen informazio saio batean.

Nolanahi ere, O’Brienek esan zuen covid-19aren aurkako hurrengo txertoak egungoak baino hobeak izan daitezkeela. «Uste dut txertoek infekzioaren aurkako errendimendu hobea izango dutela. Ikusteko dago, hori bai, gaixotasunaren transmisioaren aurka egin dezaketena».