D.L.

Huthiak Arabiar Emirerri Batuei erasoka, Israelgo presidentea bertan bisitan dela

Yemengo huthiek beren gain hartu dute igande gaueko Arabiar Emirerri Batuen aurkako erasoa, urtarrilean egindako hirugarrena. Xiismoaren adar zaidiarekin bat egiten duten huthiek misil balistikoekin eta droneekin egindako erasoak Abu Dhabi eta Dubai izan zituen jomugan.

Israelgo presidente Isaac Herzog Abu Dhabin zegoen erasoaren orduan, igandean bertan bertara iritsi eta gero. Goi agintari israeldar batek Emirerrietara egiten duen lehen bisita da eta gaur bertan Dubaiko Expora joatekoa da Herzog, bertan Israelen Eguna ospatuko delako. Mohamed bin Zayed al Nahyan xekeak, Arabiar Emirerri Batuetako printze oinordekoak, Israelgo presidentea hartu zuen atzo.

Arabiar Emirerri Batuek Israelekin harremanak normaldu zituzten 2020ko irailean, palestinar herriari traizio eginez. Donald Trump orduko AEBetako presidenteak bultzatu zuen “Abrahameko Akordioa” izenarekin bataiatutako ituna. Emirerriekin batera, orain arte bere egin dute akordioa Bahrainek, Marokok eta Sudango Armada kolpistak ere. Akordio horretan, arabiar erregimenek Israelgo Estatua onartzen dute, palestinarren etsipenerako. Trukean, Israelek laguntza militarra eskaintzen die saharar herriaren eta Iranen kontra.

Teheranen laguntza militarra jasotzen duten huthiek iragarri dutenez, Arabiar Emirerri Batuei eraso egiten jarraituko dute «Abu Dhabik eta Dubaik gure herri eta aberri maitatuari eraso egiten jarraitzen duten bitartean, Israel etsaiaren tresna militarrak erabiliz gainera». “Yemen Operazioaren Hirugarren Zikloia” izenarekin bataiatutako igandeko erasoa urtarrileko hirugarrena izan zen.

Etenik gabeko odolustea

Urtarrilaren 17an huthiek eraso egin zioten Abu Dhabiko aireportuari, baita industrialde batean erregaia biltzen zuten tanke batzuei ere. Hiru hildako izan ziren erasoan.

Mendeku gisa, Saudi Arabiak gidatzen duen koalizio sunitak aireko erasoak areagotu ditu Yemenen azken asteetan. Eraso batean 90 pertsona hil ziren Saada iparraldeko probintzian, huthien gotorlekuan, presondegi batean zehazki. Urtarrilaren 24an, Abu Dhabin base bat duen AEBetako Armadak misil balistikoekin egindako huthien beste eraso bat geldiarazi zuen.

Arabiar Emirerri Batuetako erregimenak bultzatutako Yemengo hegoaldeko miliziek Shabwako probintzia ia osoa bereganatu ostean, huthiek Emirerriak dituzte orain jomugan. Izan ere, 2019an Yemengo gerratik aldendu eta gero, Emirerriak buru-belarri sartu dira berriro gatazkan. Huthiek Maribeko probintzia kontrolpean dute oraindik, Yemengo hegoaldean bakarra, baina isolatuta geratzeko arrisku larrian dira.

Igandeko erasoan ez hildakorik ez zauriturik ez zela egon ziurtatu du Emirerrietako satrapiak eta Yemengo Al-Jawf gobernaziotik misil balistikoak jaurti zituen plataforma suntsitu egin duela ere ziurtatu du. Dena den, argi dago Emirerriak kezkatuta daudela, huthiek argi frogatu dutelako ez bakarrik gertu duten Saudi Arabiari, baizik eta Arabiar Penintsularen bestaldean dauden Emirerriei ere eraso egiteko gai direla.