Ane URKIRI ANSOLA
Elkarrizketa
MADDI AALLA
BERA BERAKO ATEZAINA

«Bi partida horiek behar genituen Rocasari sasoi onean aurre egiteko»

«Oso pozik» dago Maddi Aalla Bera Beran eta Donostian, oro har. Pertsona familikoia den heinean, etxetik gertu gorengo mailan jokatzen jarraitzea funtsezkoa zen berarentzat, Zuazo utzi eta Gipuzkoa aldera joatea erabaki zuenean. Alice Da Silvarekin «talde ona» egiten duela iritzita, talde txapeldun honetako exijentzia maila ondo eramaten ari dela adierazi du.

Paris 92 taldearen aurkako kanporaketan, itzulerako partidan, Maddi Aallak sekulako partida egin zuela azpimarratu zen. Azken bost minutuetan orkatila bihurritu eta zenbait partida erabakigarri harmailetatik ikusi behar izan ditu. Sagunton itzuli zen kantxara berriro ere, eta merituzko geldiketak eginez, hitz guztiekin ziurta daiteke bueltan dagoela. Rocasaren aurka lehiatuko da Bera Bera bihar (18.00etan, Gasca). Bigarren sailkatuak dira kanariarrak, donostiarren lidergotik bost puntura –partida bat gutxiagorekin–, eta talde gipuzkoarreko atezainak azken asteetako zenbait xehetasun eman dizkio GARAri.

Lesioa osatu eta maila onean itzuli zarela dirudi; Sagunton, estatistiken arabera, %30 geldituta…

Lesiotik itzuli ondoren nire helburua zen partida hauetan erritmoa hartzea eta nik uste dut ondo joan dela.

Imanolek bi atezainen artean banatzen ditu minutuak. Hori onuragarria da?

Bai, minutuak oso banatuta egotean bi atezainak oso entxufatuta gaude une oro. Biok ari gara ondo eta garrantzitsua da. Hala izan ezean, soilik bat jokatzen baldin badago, bestea behar duzunean agian ez delako entxufatua egongo.

Aipatu duzu pozik zaudela, Sagunton eginiko zenbait geldiketatan irribarrez begiratzen zenuen aulkira. Eroso zauden seinale argia al da?

Bai, oso pozik eta oso eroso nago. Iritsi nintzenetik oso ondo hartu naute, bai ni eta baita iritsi diren gainontzekoak ere. Pertsonalki, Alicekin [Da Silva] oso gustura nago atean, oso talde ona egiten dugu, elkar ulertzen dugu, elkar laguntzen dugu.

Atezain baten kasuan errazagoa da egokitzapena?

Pertsonalki beste edozeinentzat bezala da baina, beharbada, kirol esparruari dagokionez, pixka bat errazagoa izan daiteke, ze gu ez gara sartzen taldearen eraso edo defentsa sistemetan. Gu ez gara egokitu behar defendatzeko modu zehatz batera edo jokaldi batzuetara. Gure helburua geldiketak egitea da eta hori berdina da leku batean edo bestean.

Min hartuta egon zinen azaro osoan; Alice Da Silvak hartu behar izan zuen erantzukizun osoa.

Bai, Oihane [Bautista, bigarren taldeko atezaina] ere bazegoen, baina egia da oso gaztea dela eta oraindik ez daukala hainbesteko esperientzia. Gainera, hain justu, partida gogorrak jokatu behar genituen, Europako bigarren kanporaketa tartean. Ligan Atletico Guardes, Zuazo, Gijongo La Calzada, Granollers, Elx… Alicek partida guztiak jokatu behar izan zituen eta berarentzat agian zailagoa izan zen; batez ere, partiden karga asko zegoelako. Hilabetean zazpi partida jokatu zituen; ia astero bi partida.

Zuk nola ikusi zenuen taldea orduan?

Uste dut urtea maila oso onean bukatu genuela, ligako partida guztiak irabazita bat izan ezik, Porriñoren aurka berdindu genuena. Europan, nahiz eta ez genuen aurrera egitea lortu –oso zaila zen–, taldeak aurpegia eman zuen eta oso maila onean lehiatu ginen.

Kasik hiru hilabete egon zara lehiatu gabe, taldea bi hilabetez geldirik… Sagunton apur bat igarri zen geldialdia, ezta?

Bai. Bai Sagunton bai Lanzaroten nabaritu da oraindik ez geundela urtea bukatu genuen maila berean. Partida hauek izan dira apur bat erritmoa hartzeko, taldea berriro ohitu eta elkar ulertzeko, txapelketaren dinamikan sartzen joateko. Asteburu honetan Rocasaren aurkakoa proba erabakigarria izango dela iruditzen zait.

Rocasaren aurka maila onean iristeko prestaketa onak izan dira, alegia.

Bai. Behar genuen talde bezala berriro lehiatzen hastea. Denbora asko izan gara geldirik, jende pila bat falta izan da entrenamenduetan. Batzuk selekzioekin, gero oporrak, covid-19a… Behar genituen bi partida hauek berriro erritmoa hartzen joateko eta Rocasaren aurka sasoi onean iristeko.

Eta uste duzu kirolari moduan pauso bat eman duzula? Iritsi zinenean baino atezain hobea zarela?

Ez dakit… Lehiari dagokionez, egia da beste gauza batzuengatik lehiatzen ari naizela eta exijentzia handiagoa da. Uste dut, momentuz, exijentzia maila horretan ondo erantzuten ari naizela. Estatistikei dagokienez, ez dakit zein den desberdintasuna baina, nolanahi ere, goiz da jakiteko atezain hobea naizen edo ez. Uste dut prozesu bat dela; nire helburua, urtez urte hobetzen joatea da. Horregatik erabaki nuen Bera Berara etorri eta aurrerapauso bat ematea.

Ezberdina da salbazioa lortzeko jokatzea edo garaikur bat irabazteko lehiatzea?

Partida bakoitzean beti zoaz lehiatzera, zure onena ematera eta irabaztera. Esan dudan bezala, helburuak hemen eta Zuazon ezberdinak dira. Zuazorekin partida batzuetan ez zen hain garrantzitsua irabaztea. Beti nahi duzu irabazi baina, esaterako, Rocasa edo puntako taldeen aurka irabaziz gero, poza sekulakoa da, baina galduz gero, ez dauka eragin berezirik. Hemen, ordea, partida guztiak irabazi behar dira liga irabazteko. Badago ezberdintasuna.

Partidak prestatzeko garaian, badago aldaketarik Zuazo eta Bera Beraren artean?

Ez, partidak prestatzeko bideoak ikusten dira. Egia da hemen aste guztietan prestatzen ditugula aurkarien jaurtiketen bideoak eta gure aurreko partidaren bideoa ere aztertzen dugu, akats eta geldiketekin, eta hori oso ondo datorkigu.

Partida garrantzitsua daukazue larunbat honetan Rocasaren aurka. Nola prestatu duzue?

Rocasa aurkari zuzena da eta badakigu entxufatuta atera behar garela hasieratik. Egia da urtea oso ondo bukatu genuela eta gure helburua sentsazio horiek berreskuratzea da. Irabaztea edo ez, gure esku dago; aurkaria ere hor dago, baina gehienbat gure esku dago garaipena.

Imanol Alvarez entrenatzaileak aipatzen zuen azaro bukaeran taldearen maila sekulakoa zela eta helburua puntu horretara iristea dela.

Etxean jokatu genituen partida guztiak –Gijongo La Calzada, Elx, Aula Valladolid– maila onean irabazi genituen eta larunbatean maila horretara iristea lortzen badugu, oso posible da garaipena etxean geratzea.

Eta irabazteko nor geldiarazi behar da? Sayna Mbengue, Alba Chiara Spugnini…

Oso jokalari onak dituzte. Spugnini pibota oso ondo dabil, ikusten da partidetan taldekide guztiek bilatzen dutela. Oso garrantzitsua da pibota kontrolatzea, baina ezin gara oso atzean geratu, ze bestela kanpotik Sayna Mbenguek zein beste hegaleko Pavlovicek min handia egin diezagukete (barrez).

Rocasari irabaziz gero, aldea handituko zenukete bigarren sailkatuarekiko. Hala ere, badirudi Malaga suspertzen ari dela…

Goian borrokan egongo gara Rocasa, Gijon eta Malaga. Azken bi horiei etxean irabazi diegu, baina bigarren itzuli honetan aurkari zuzenen aurka kanpoan jokatzea tokatuko zaigu.

Baina ez daukazue Europa…

Bai, argi dago, lasaiago egongo gara. Larunbatean bi puntuak lortzea ez da soilik garrantzitsua sailkapenagatik, baita sentsazioak berreskuratzeko ere. Gero bigarren itzulia hasiko da eta orduan erabakiko da guztia.

Nola ikusten duzu Zuazo?

Ondo. Ikusi ditut beraien partida batzuk eta uste dut ondo jokatzen ari direla. Agian gertatzen zaie lehen gertatzen zen gauza bera, azken unean ez dutela urrats hori egitea lortzen partidak irabazteko. Aurkari zuzen ia guztien aurka jokatu dute eta bat izan ezik beste guztiak irabazi dituzte. Uste dut ondo ari direla.