Asier ROBLES
bilbo
EUSKARAREN ALDEKO EKIMENAREN HIRUGARREN EDIZIOA

Euskaraldia «ikusgarriago» egin, praktika linguistikoan eragiteko

2020an egindako bigarren edizioko parte-hartzeari, eraginari eta antolaketari buruzko azterketa aurkeztu zuten atzo Euskaraldiko koordinazio-mahaiko kideek. Aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra gauzatuko den hirugarren edizioan, ariketa soziala «ikusgarriago» egin beharra dagoela azpimarratu zuen Kike Amonarrizek.

2020an Euskaraldiaren bigarren edizioa egin zen, eta aurrekoan bezala, horren ikerketa sakona egin da. Azterketa horren emaitzak aurkezteko elkartu ziren, atzo, Bilboko Itsasmuseumean Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilaria. Han izan ziren Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariak ere; hots, azterketaren egileak.

Datu eta joera ugari agertzen ditu Siadecoren ikerketa lanak. Orotara, 178.184 belarriprestek eta ahobizik eman zuten izena; 2018an baino gutxiagok (%20,9). Jaitsiera horretan covid-19aren pandemiak izandako eragina nabarmendu zuen koordinazio mahaiak. Hala ere, bost parte-hartzailetik batek lehen aldiz eman zuen izena ariketan, eta belarripresten artean lehen aldiz izena eman zutenak ere gehiago izan ziren.

Ikerketak ekimenaren inguruko joera asko azaleratu ditu. Erakutsi du, besteak beste, zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua orduan eta altuagoa dela ahobizi kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Eta lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobiziak nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta, adinari begiratuta, 30-44 urte artekoak ziren gehienak.

Erabilera handitzea helburu

Siadeco ikerketa elkarteko kideek atzoko aurkezpenean azpimarratu zutenez, parte-hartzaile gehienek euskararen erabilera handitzea izan zuten helburu. Belarripresten artean, aldiz, pisu handiagoa du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak.

«Kaleko eremuan eman zen aurrerapausorik handiena eta egonkorrena, nahiz eta bi rolentzat bertan izan zen zailena rolen konpromisoak betetzea. Dena den, lehen pausoa ematea lortu zen eta tinkoago eutsi zaio», azaldu zuen Rekondok

Gainera, portaera aldaketetan txapak lagungarri izan zirela nabarmendu zuten partaideek: 10 partaidetik 7k txapa beti, ia beti edo askotan erabili zuen, eta erabilerak ziurtasuna ematen duela ziurtatu dute.

Entitateetan ariketa lehen aldiz egin zen 2020an, eta horrek ariguneetan ariketa modu kolektiboan egiteko aukera eman zien herritarrei. 8.309 egoitzak eman zuten izena, eta horiek 24.363 arigune sortu zituzten Euskal Herri osoan.

Ikerketak azaleratu duenez, kanpo-arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei, eta barne-ariguneak lanketa sakonagoa behar izan zuen. Gune euskaldunetan barne-arigunearen ariketa errazago egin zuten; kanpo arigunearena, aldiz, erdaldunetan.

Zupiria sailburuak «ariketa masiboa» izan zela nabarmendu zuen, eta hel daitekeen unibertso potentzialaren %15era iritsi zela gogoratu zuen. Hala ere, Euskaraldiak oraindik hedatzeko aukera baduela azpimarratu zuen, «bereziki hiriguneetan kale presentzia handituz».

Azterketak ondorioztatzen duen bezala, Ollo kontseilariak azpimarratu zuen parte-hartzaile askok aurrerapen garrantzitsuak izan dituztela beren inguruneko harremanetan eta euskararen erabileran: «Eta horretan jarraitu behar dugu, hizkuntza ohiturak aldatzea epe ertain-luzeko prozesua baita. Beraz, epe laburreko begiradak alde batera utzi behar ditugu».

«Euskaraldiaren antolaketa- dinamikari buruzko datu positiboak erakusten ditu eta dinamika horrek onarpen ona izan du. Batzordeetan gizarte eta erakunde arloko lankidetza lana egin da, eta boluntarioen eskutik etorri da partaidetza nagusia. Partaidetza eredu horrek garrantzi handia du, eta lankidetza modu horietan sakontzen jarraitu behar dugu, gobernuen eta herritarren ekintzek elkar elikatuz, elkarrekin joan behar baitute gaur egun», gaineratu zuen Ollok.

Aurtengo Euskaraldiari begira

2020ko edizioaren ikerketatik ateratako ondorioak kontuan hartuz, aurrerapausoak emateari ekingo diote aurtengo Euskaraldian. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da “Hitzez ekiteko garaia” lelopean, eta hirugarren edizio honetarako ariketa soziala «ikusgarriago» egin behar dela azpimarratu zuen Amonarrizek, «aktibazioaren urtea» izango dela erantsiz. Horretarako, alde batetik, kalea berreskuratu beharra aipatu zuen eta, bestetik, identifikatzaile eta txapen erabilera indartzeko lan egingo dela, horrek ariketan eragin positiboa duela azpimarratu baitu ikerketak.

«Partaideek egiten duten Euskaraldiaren balorazioa bizipenei oso lotuta dago, norberak egindako aurrerapausoei eta gizarte mailan ikusten diren jokabide aldaketei oso lotuta. Aurrerantzean Euskaraldiak aurrerapauso eta lorpen horietan jarriko du arreta. Orain arte egin du, baina aurrerantzean askoz gehiago», adierazi zuen Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak ilusioz.