Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ezkurdiak are gehiago estutu du

Arbizukoaren erakustaldiaren eta Elezkano-Zabaletaren garaipenen ostean, hiruna bikote geratuko dira berdinduta goian eta behean.

URRUTI.-ARANGUR. 10

ELEZKANO-ZABALETA 22


Inoizko Binakakorik orekatuenean, azken jardunaldiaren faltan, ez dago finalerdietarako sailkatua dagoen bikoterik, ez eta dagoeneko kanporaturik dagoenik ere. Ostiraleko Altuna-Martijaren garaipenaren ostean, atzo Elezkano-Zabaletak 22-10 irabazi zieten Urrutikoetxea-Arangureni Bilbon eta Aspeko bi bikoteak sailkapenaren puntaren puntan dira bederatzina punturekin, eta gaur Tafallako garaileak (Irribarria-Rezusta edo Laso-Imaz) batuko zaizkie.

Sailkapeneko zuloan ere gauzak ezin orekatuago daude, eta Labriteko Ezkurdia-Tolosaren garaipenarekin, 22-12 gailendu zitzaizkien Jaka-Mariezkurrenari, beste hiru dira azken bi postuetatik irteteko borroka horretan launa punturekin berdindutakoak, Labriteko biak eta Bilboko galtzaileak. Datorren larunbatean Aspekoek Urrutikoetxea-Arangurenen aurka jokatu behar dutela jakinda, txapelketa osoa zuloan pasatu ostean, arbizuarra eta anoetarra kanporaketan egongo dira Zallan irabazteko gai badira.

Duela bi edo hiru aste egoera honek ezinezkoa zirudien, baina dena beltzen ikusten zutenean atera dute euren onena Ezkurdiak eta Tolosak eta oraintxe aurrera egiteko hautagaiak dirudite. Batez ere, aurrelari nafarra atzoko joko mailari eusteko gai bada. Lana, defentsa, lehiakortasuna, kemena... txapelketa osoan erakutsiak zituen Joseba Ezkurdiak, baina atzo horiei guztiei erasoan sekulako distira eta eraginkortasuna gehitu zizkien. Aurreko astean bertan, irabazi arren, tantoak amaitzea kostatu zitzaion; atzo, aldiz, pauso bat eman zuen aurrera Sakanakoak eta txapelketako bere partidarik osoena jokatu zuen, noiz eta unerik erabakigarrienean.

Lehen tantotik –bi paretako zoragarri batekin lortua– ikusi zen Ezkurdia pilota gosez irten zela kantxara eta onenen artean egonkortzea lortu duen Xabi Tolosak ere bikain lagundu zion beste jotzaile handi baten aurka; esaterako, hirunako berdinketan Jon Mariezkurrenak jotako bi erreboteetatik bat bikain erantzunda. Bigarrenarekin ezin izan zuen anoetarrak.

Partida hasiera oso bizia eta ikusgarria suertatu zen, Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenak ere oso hasiera egokia eman baitzioten partidari. Bi aurrelariak oso eraginkor aritu ziren erasoan eta berriozartarrak ere ondo astindu zuen pilota. Joseba Ezkurdiak, ordea, azkar asmatu zuen jokoa berari komeni zitzaion eremura eramaten, etengabe jokoan sartuz ezker-eskuin ibili zituen aurkariak eta arbizuarraren erakustaldiak min egin zien Baikokoei.

Faboritoen arteko kiniela gehienetan sartzen zen bikotea osatzen zuten Jaka-Mariezkurrenak, baina sarri gertatu zaien gisan, ez zuten segidarik izan euren jokoan eta partida gogortzen joan zen eran behera egin zuten nabarmen.

Zortzinako berdinketaraino gauzak pare-parean joan ziren, baina hortik aurrera Aspekoak goitik behera nagusitu ziren eta kinka larrian jarri dituzte euren atzoko aurkariak; are gehiago, ostiralean Azkoitian Elezkano-Zabaletaren aurka jokatu behar dutela jakinda.

Zabaleta, zalantzarik bazen

Izan ere, hiru partida jarraian galduta, egungo txapeldunek ere izan zuten euren krisialdia, euren inguruan zalantzaren bat sortzeraino, baina astelehenean Tolosan egin bezala, txakalaldi hori erabat gainditua dutela erakutsi zuten Bizkaia pilotalekuan, Urrutikoetxea-Arangureni ohikoa zuten nagusitasunez irabazita (22-10). Bide batez, esku on bat bota zieten Ezkurdia-Tolosa kideei, Zaratamokoa eta aginarra punturik gabe utziz.

Bakoitza bere joko puntuan egonda, bikote ia gaindiezina osatzen dute Zaratamokoak eta etxarrendarrak eta atzo ere itxura hori eman zuten Bilboko pilotalekuan, garaipenak ihes egingo zion inolako itxurarik eman gabe. Partida hasteari izugarrizko garrantzia ematen zion Jose Javier Zabaletak takoak jantzi aurretik eta ezin hobeto ekin zioten partidari 9-1 aurreratuta. Atzelariak emanez eta aurrelariak amaituz, ez zuten markagailuan lortutako alde hori kudeatzeko inolako arazorik izan eta euren onera itzuli direla argi utzi zieten arazo larrian dauden Urrutikoetxea-Arangureni eta beste aurkari guztiei.