EDITORIALA
EDITORIALA

Hobe deus ez egitea zerbait egitea baino

Urkatua izan baino ordu batzuk lehenago zianuro pilula batekin bere buruaz beste egin zuen Hermann Goering-ek, Hitlerren Luftwaffe Aireko Indar beldurgarria zuzendu zuenak eta haren ondorengoa izateko hautatua zenak, Nurenbergeko epaiketan kazetari estatubatuar bati hau esan zion: «Jakina jendeak ez duela gerrarik nahi! Baina, azkenean, herrialdeko liderrak determinatzen du politika eta jendea arrastatzea erraza izan ohi da. Jendea beti makurraraz daiteke liderren aginduetara. Erraza da. Esan behar zaien bakarra da etsaia beraiek erasotzen ari dela, eta gerra nahi ez dutenak gogor salatu behar dira patriotismo ezagatik eta herrialdea arrisku handiago baten aurrean jartzen ari direlako». Hitz horiek gogoratu beharko lituzkete Joe Bidenek eta Vladimir Putinek, masen manipulazio erraldoi baten erdian Errusia eta Ukrainaren arteko gerra saldu nahi den honetan.

Erretolika gerrazale horren erdian, mezu indartsua pasatu dio Bidenek Putini, oharkabean agian. Ukraina «defendatuko» du, baina neurri batean bakarrik, ez estatubatuarren bizitzekin eta herrialdearen altxorrarekin, eta jarrera hori dute bere etxeko etsaiek ere. Ez da gerrara joango, eta, horrek, nolabait, Errusiaren ustezko eragin-eremuan ez nahastea esan nahi du. Putinek mezu inplizitu hori onartuko balu, funtsean txanda hau irabazi duela ikusiko luke. Hartara, hori da Putinek egin beharko lukeena: ezer ez. Bakeari aukera bat eman eta gerrari aterabide bat eskaini nahi badio, ez du beste ezer behar.

«Eginzazue zerbait», erregutzen dute bi herrialdeetako nazioarteko politikako hainbat arrain handik, ezer egiten ez bada sinesgarritasuna jokoan dagoelakoan. Urduri dabiltza ezinbestekoa dela uste duten indar erakustaldia ez delako oraingoz ageri. Baina historiak erakutsi duenez, zerbait egitean hasten dira arazoak. Izan ere, nazioarteko diplomazian, sarritan, gehiago baino hobe da gutxiago, eta ezer ez egitea zerbait egitea baino hobea da.