Txabi Txakartegi, Josune Olabarria, Nahia Idoiaga*
KOLABORAZIOA

Funtzio publikoa eta horren mesedetan ez dabiltzanak

Quando há um setor público que funciona, nem um único euro para o setor privado». Hori zen Portugaleko Bloco da Esquerdaren goiburu nagusietako bat Estatu horretako 2015eko hauteskundeetarako, afixetan edo hormetan edonon agertzen zena. Gero, Blocok Alderdi Sozialistarekin sinatu zuen gobernatzeko ituna, zeinaren emaitzak ez diren eskasak izan.

Gurean, esan genezake alderantzizkoa dela, eta gobernukideek eta beren ardurapean dauden medioek, publikoak izan arren azken hauek, pribatuaren alde egiten dutela argi eta garbi, lotsarik gabe, behin eta berriz.

ETB, orokorrean baina batez ere informatiboetan, bertan behera doa eta EITB Gasteizko Gobernuaren edo Sabin Etxekoaren bozgorailu nagusia dela pentsatzen dutenen kopurua ez da batere txikia. Gainera, argi dago EITBk, erakunde publiko batek, guztiaren gainetik, mespretxu handia erakusten diela beste erakunde publikoei eta horietan diharduten langileei. Badirudi erakunde publikoetan ez dagoela aditu, buruargi, pertsona presturik edozein gai edo arazoren aurrean iritzi-emaileak izateko; ez sektore pribatuan beste, behinik behin. Medikamentu edo diagnostiko-bide berri bat agertzen denean, ETBk klinika eta mediku pribatuei ematen die protagonismoa. Eta hezkuntzan egoera berritzaile batera egokitu behar denean, ikastetxe pribatu eta kontzertatuak eta hango zuzendari edo irakasleak agertu ohi dira ETBn; askoz ere gutxiagotan zentro publikoetako ordezkariak. Gauza bera jazotzen da adindunen erresidentziekin.

Pentsa genezake, beraz, beren seme-alabak eskola publikora eramaten dituztenen edo beren osasuna alor publikoan laga dutenen artean, erabaki zuzena hartu duten ala ez aztertzerakoan, zalantzak sor daitezkeela.

Sinatzen dugunok kontrakoan gaude: publikoan dihardutenek funtzionamendu hobea daukatelakoan gaude, oro har, pribatuan egiten dutenek baino. Hori gure uste pertsonala da eta, sakona izan arren, badakigu ez duela derrigorrez zertan horrela izan. Baina berdin dio, ze edozein esparruko gobernu eta alderdi politikoen izaeran dago publikotasuna sustatu beharra, erakunde publikoak hobetzea etengabe egokiak eta onenak izatea lortu arte.

Emaitzek (PISA txostena) argi eta garbi utzi dute portugaldarren jarreraren arrakasta. Azpimarra dezagun Portugalen umeen %83 eskola publikora joaten direla. Osasun Publikoaren aldeko posturak ere emaitza onak lortu ditu, itxura guztien kontra Aljubarrotan irabaziz Gaztelagandik independentzia lortu zuen lurrean.

Ez da kontu erraza izango funtzio publikoa aurre-aurrean ipintzea, eta badago mila motibo ezkorra izateko. Gauza publikoa ahultzen hasia dago: begira bestela Osakidetzaren egoera negargarria. Europan, modu apalagoan bada ere, antzera gertatzen da Maastrichten ondorenetik. Egoera honi aurre egiteko ez da geratzen borrokatzea baino, norberak defendatu ditzan sektore publikoak bere osotasunean, gogoan izanda dena pribatizatzen baldin bada ez zaigula ezer geratuko.

Bada ETBko kateak ahaztuen aldera, hau da, ohikoak ez diren kateen artera, baztertzea erabaki duen jendea; ez da harritzekoa. Espero dezagun euskal ezkerreko alderdiek, beste aldarrikapenen artean, sutsuki, arimaz eta ekinez, eta zurikeria barik, sektore publikoa defendatuko duen aldarrikapena ipiniko dutela mahai gainean. Hala ez balitz, kontuan hartu beharko lukete jende askoren ohiko aukera zerri-askan geratuko dela alferrik galduta.

*Sinatzaileen zerrenda osoa NAIZen ikusgai.