Nagore Iturrioz eta Ainhoa Astigarraga
Steilas
KOLABORAZIOA

Hezkuntza itunaren oinarrietan aurrerapausorik ez

Otsailaren 8an argitaratu zen etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarria izango dena. Dokumentuak bide luzea izango du oraindik, tarteko prozesu parte-hartzaile bat barne, baina dirudienez dagoeneko barnebiltzen ditu maiz ados jartzen ez diren alderdiek balekoa eman ahal izateko nahiko giltzarri. Horren aurrean ezer gutxi dugu esateko hezkuntza eragileak garenok, besteak beste, joan den astera arte ez genuelako dokumentuaren lerro bakar bat ere ikusi eta hamar egun baino ez ditugulako ekarpenak egiteko.

Batetik, dokumentuak errendimendu, bikaintasun eta etekinaren erretorika neoliberalean planteatzen diren eduki zehatzik gabeko hitz potoloak botatzen ditu, baina eraginkorrak izango diren baliabide, neurri eta planifikazioen inguruan ezer gutxi azaltzen du. Egun gure hezkuntzan dugun arazo larrienetariko bati konponbidea emateko, maila sozioekonomiko apaleko eta atzerritar jatorriko ikasleen eskola-segregazioari alegia, ez du neurri zehatz bakar bat bera ere jasotzen.

Dokumentuak ikastetxeen autonomiaren beharra azpimarratzen du, eta gobernantza eredu berrien beharra udalari atxiki zaio. Steilasen argi dugu tokian tokiko erabakiak hartzea eta hezkuntza-komunitateak rol proaktibogoa izatea onuragarria dela, baina ezin dezakegu ahaztu horrek desregularizazioaren arriskua dakarrela. Eta horixe da, hain zuzen ere, egun dugun arazorik larriena, ikastetxeen arteko desoreka. Arazo hori, noski, hezkuntza publikoko eta pribatuko sareen joko-arauetan ematen den ezberdintasunaren eta administrazioaren utzikeriaren eta kontrol faltaren ondorio da. Ez dezagun ahaztu autonomia maila eta gobernatza horretan eragina izateko jatorrizko baldintza batzuk izan behar direla, ikastetxe guztiek ez baitute indar berdina, ezta udal guztiek aurrekontu berdina edo ikuspegi ideologiko berdina ere. Beraz, erronka Hezkuntza Sailak hori guztia konpentsatzeko neurri berdintzaile eta zuzentzaileak hartzea litzateke.

Aitzitik, egun dugun errealitatea guztiz bestelakoa da, esate baterako, hainbat araudiren bitartez bermatuta daukagu ikaspostuen eskaintza eta onarpena modu orekatuan gauzatuko dela (21/2009 eta 1/2018 dekretuen bitartez) edo kuotak kobratzea debekatuta dagoela (1987ko 293/87 dekretuaren bitartez). Baina egun itundutako ikastetxe pribatuek ikasleak sailkatzen eta ikaspostuen eskaintza modu irregularrean puzten jarraitzen dute Hezkuntza Sailaren inolako kontrolik gabe eta konplizitatearekin.

Arazoa konpondu beharrean dokumentuak proposatzen duena konpromiso zehatz batzuk betetzen dituzten ikastetxe guztiak (auskalo zein konpromiso) maila berdinean jartzea da, hots, administraziotik trataera bera jasotzea, izan hezkuntza zentro publiko edo pribatu, eta berdin finantzatu. Batetik, gogorarazi nahi dugu ikastetxe itunduak bere osotasunean finantzatuta daudela, eta ilegalak diren kuotak baliabide eta zerbitzu gehigarriak ahalbidetzeko erabiltzen direla. Beraz, bi sareak parekatzeko neurriak hartu beharko balira, ikastetxe publikoek itunduekiko dituzten gabeziak konpentsatzeko neurriak izan beharko lirateke. Eusko Jaurlaritzak urteetan sare pribatuaren aldeko konplizitatean harturiko erabakien ondoriozko abantaila murrizteko, alajaina, bai azpiegiturei dagokionez, bai baliabideei...

Deigarria da oraindik hezkuntza itunaren xehetasunak argitzeke daudenean, hurrengo sei urteetako ituntzea baldintzatuko duen dekretua datorren hilabetean gauzatzea. Nola garatu bi sareen arteko oreka, eta dirudienez nortasuna, baldintzatuko duen akordio bat dagoeneko itunak itxita badaude? Badakigu maximalista izatea leporatuko digunik izango dela, eta argi dugu ere desadostasunak desitxuratzeko halakoak bota ohi direla, baina eragina izan nahi badugu hezkuntza politikan aurrerapauso bat emateko unea iritsi dela sinisturik, nola eragin erabakiak hartuta daudenean eta errealitatea betikotzera zuzentzen badira?

Hortaz, arazoa seguruenik ez da maximalismoa izango, helburu desberdinak ditugula baizik. Edonola, bitxia da adostasuna dugun eremuan ere dokumentuaren ausardia falta, euskarazko murgiltze ereduaren alde egiterakoan hankamotz gelditzen da-eta. Euskara modu eraginkorrean orokortu ez eta marko hirueleanitzean sakontzen jarraitzen du gobernu neoliberal honek.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu edozein legek, bere osotasunean, biztanleriaren bizi baldintzak hobetzea izan beharko lukeela helburu eta egun hezkuntzan dugun arazoa egituraz gizartea segregatzen duen sistema publiko-pribatu duala dela. Horregatik, lege honek izan beharko lukeen xedea, publifikazio progresibo baten bitartez, hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta epe motzean hartu beharko diren erabakiak lehenesten joatea izan beharko litzateke. Bestela esanda, gure gizartearen bizi baldintzak hobetuko dituen hezkuntza itun bat nahi badugu, ikastetxeen titularitatea moldatu egin behar da. Hori egin ezean, alderdi politikoen arteko adostasunak haien interesei eta beharrei erantzuten dien legea onartzera eramango ditu. Egon ziur herri honetan ez dela bake sozialik egongo Euskal Eskola Publikoa gure hezkuntza sistemaren ardatza izan arte.