Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
DESOBEDIENTZIA EKIMENA BAIONAN

Bakegileek suprefeturara eraman dute presoak etxeratzeko eskaera

Iragan urtarrilaren 8an Baionan eginiko martxaren bukaeran iragarri zuten bezala, euskal presoen auzian konponbidea eskatzeko ekimen «azkar eta determinatuen» faseari ekin zioten atzo bakegileek. 200 bat herritarren engaiamenduari esker, Estatuaren ordezkaritzaren teilaturaino heldu zen desobedientzia ekimen ikusgarria egin zuten.

Bakegileek deituta, berrehun bat herritar inguru batu ziren atzo Baionan suprefeturak duen egoitzaren aitzinean eginiko ekintzara. Gatazkaren ondorioei konponbide integrala eman behar zaiela aldarrikatu zuten ekimen ikusgarri baten bidez. 16.00ak aldera, jende talde handi bat bertaratu zen Estatuaren ordezkaritzara. Haietako batzuk kateatu egin ziren eta poliziak ohartu zirenerako beste batzuk eraikinaren teilatura igo ziren. Orotara lau lagun igo ziren teilatura. Hiru ordu luze eman zituzten bertan, hain zuzen ekintza amaitutzat eman arte.

Poliziaren presentzia nabarmena zen goizean goizetik Baionako hainbat eraikinen aurrean, auzitegia edo suprefetura bera kasu. Are, Estatuaren egoitzara daraman etorbidea hetsia zen ekintzaileak heldu zirenerako.

Multzoan heldu ziren hitzordura. Batzuek kamiseta urdinak janzten zituzten bitartean, beste batzuek “Orain presoak” leloa zuen banderola erraldoia jarri zuten errepidean.

Kartzelan 31 urte daramatzaten Jakes Esnal eta Ion Kepa eta Unai Parot gogoan izan zituzten ekintzaileek oihu eta kantuen bitartez. Lapurdiko preso beterano horiek lehenbailehen askatzea da atzo bakegileek martxan emandako dinamika berriaren xede nagusia.

Ohiko manifestazioak eta elkarretaratzeak ez direla nahikoa ikusita, azeleragailua sakon zapaltzeko prest dela erakutsi zuen, beste behin ere, Ipar Euskal Herriko gizarte zibil antolatuak. «Ekintza hau posible da urte luzeko lanaren eta engaiamenduaren bidez sortu den indar eta konfiantza harremanari esker», azaldu zion GARAri Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko presidenteak. Bazen adierazpena baieztatzeko balio zuen irudi bat ere: Mikel Hiribarren Itsasuko auzapez abertzalea eta Jean Michel Veunac zentrista, Biarrizko auzapez ohia, bata bestearen ondoan eseri ziren lurrean, bertze herritar askorekin batera ekintzan parte hartuz.

Hautetsien ordezkaritza

Ekintza abiatu zenetik ordu bat pasata, hautetsien talde bat bertaratu zen Baionako suprefeturara. Besteak beste, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Eneko Aldana Ziburuko alkatea, Joseba Erremundeguy Baionako hautetsia, Lucien Betbeder Hautetsien Biltzarreko burua eta Emilie Dutoya Akitania Berriko eskualde kontseilari sozialista heldu ziren Estatuaren egoitzaren aurrean herritarrek martxan jarritako protesta babestera. Auzolanean, herritarrak eta hautetsiak. Adin eta jatorri askotako herritarrak bildu ziren presoen aldeko borrokan fase berri bat abiatzeko balio izan zuen ekintzan.

Sindikalistak, artistak, auzapezak, laborariak. Baita ikusmira berezia eragin zuen gazte laukotea ere. Lurrean etzan ziren, kateaturik, eta denbora hobeki igarotzeko musean aritu ziren. Ondo prestatuak ziren. Euria zarra-zarra hasi zenean... oihal dendan babestu ziren partidarekin jarraitu ahal izateko.

Haiengandik gertu Aurore Martin banderolaren atzean zegoen. Oroitu behar denez, aurreko hamarkadan desobedientzia ekintza baten bidez oztopatua izan zen bere atxiloketa. «Denok elkarrekin ikusteak indarra ematen du», aitortu zigun Jean Daniel Elichiryk bakegileen bozeramaileak. Apirilaren 1ean eta 2an beste hitzordu bat izanen dela ere aurreratu zigun.

Fase berriaren ardatzak

Urtarrilaren 8an “Le Temps presse. Ion, Jakes eta Unai gurekin” manifestazioa egin zuten Baionan Bake Bidea elkarteak eta bakegileek deituta. Martxaren bukaeran, Parisko Gobernua mugiaraztea xede, desobedientzia zibileraino joan daitezkeen ekimenak martxan emateko erabakia baieztatu zuten antolatzaileek. San Andres plazan bildutako milaka lagunen aurrean eman zuten hitzordua otsailaren 18rako. Bada, atzo, maila bat igoarazi zuten protesta suprefeturan, Parisi mezu zuzena bidaliz. Entzun ezean, eskaileran gora jarraituko dute.