Gontzal Martinez de la Hidalga, Isabel Canales Arrasate eta beste hamalau sinadura
Pediatrak
KOLABORAZIOA

Pediatrok pandemia kontrolerako neurriak arintzearen alde

Euskal Herritik, idatzi hau sinatzen dugun pediatrok pandemiaren kontrolerako hartzen ari diren neurriei buruzko hausnarketa egin nahi dugu, horiek gure haurrengan duten eragin handia ikusita.

Katalunian, Societat Catalana de Pediatria (SCP) elkarteak pandemia kontrolatzeko oraindik ere ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du duela gutxi, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio negatiboak direla eta. Guk ekimen horrekin bat egin nahi dugu.

Covid-19 gaixotasunaren konplikazioek adineko pertsonei edo gaixotasun kroniko larri batzuk dituztenei eragiten diete, batez ere. Haurtzaroan gehienetan oharkabean pasatzen da edo sintoma arinak eragiten ditu.

Azken bi urte hauetan, pandemia kontrolatzeko hainbat neurri ezarri izan dira: sei astez kalera irteten utzi gabe beren etxeetan konfinamendu zorrotza izatea, gainkutsatzaileak izatea leporatzea, hezkuntza arautu presentziala eta eskola kirola denbora luzez etetea, eta abar. Horiek askotan ondorio larriak eragin dituzte haurren bizitzetan.

Gaur egun ere, eskoletan maskara erabili behar dute, burbuila taldeetan bereizita daude, konfinamenduak egiten zaizkie infekzioa duen jendearekin kontaktuan egon eta gero, gela osoak konfinatzen dira eta sarritan hainbat isolamendu kateatu izan dituzte jarraian. Ez genuke ahaztu behar neurri horietako asko orokorrean helduekin baino zorrotzagoak izan direla.

Horrek guztiak ondorioak dakartza. Garrantzitsua da beti edozein neurriren onurak eta kalteak kontuan hartzea. Azken horiek argi daude: ondorio negatiboak garapen emozionalean, hezkuntzan, soziabilizazioan eta osasun mentalean. Gure pediatriako populazioa oso kaltetua izan da garai honetan. Era berean, erraz ebaluatu ezin diren arren, denboran zehar agertuko diren ondorio latzak aurreikus ditzakegu. Haurren osasuna zaintzea infekzio biral baten kontrola baino askoz ere konplexuagoa da. Are gehiago, infekzio hori normalean modu arinean agertzen bada.

Beraz, Societat Catalana de Pediatria elkarteak eskoletarako eskatu duen bezala, honako hau progresiboki egitea eskatzen dugu: maskararen erabilera etetea, bai barrualdean, bai kanpoaldean; sozializazio normala, talde isolatuak edo burbuilak sortu gabe; kontaktuen test masibo eta berrogeialdirik ez egitea eta eskolaz kanpoko eta kirol jarduera guztiei berriro ekitea, mugarik gabe.

Azken finean, koronabirusak eragindako infekzioa haurtzaroko gainerako infekzio biralak bezala kudeatzea. Hau da, eskoletara sintomekin ez joatea eta behin desagertuta itzultzea. Hori guztia zaintza epidemiologiko eta kasuen notifikazio zereginak alde batera utzi gabe, beste arnas infekzio batzuekin egiten den bezala, hala nola gripea edo arnas birus sinzitiala.

«Normaltasunera itzultzeko» prozesuan haurrak lehenak izan beharko lirateke. Haurrek gure gizartean duten lekuari buruzko gogoeta egitera deitzen dugu. Pediatrok, beste profesional batzuek bezala, beren garapenaren etapa guztietan laguntzen ditugu, eta egoera guztietan umeen ahotsak eta beharrak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gure erantzukizuna da merezi duten errespetua eta zaintza defendatzea. Beraien gaur egungo eta etorkizuneko osasuna jokoan dago.