Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Elkarrizketa
XABI «DRUMMER» ALDAZ
KAOTIKO TALDEKO BATERIA JOTZAILEA

«Musika talde baten helburua eta betebeharra kontzientzietan eragitea da»

Otsailaren 16an, asteazkenarekin, NAIZen kontatu genuen Kaotiko taldeak disko berria aurkeztu zuela, «Sin filtro» deiturikoa, Bilboko Bira kulturgunean. Bi egun geroago kaleratu zuten diskoa eta NAIZ Irratiko «MusikHaria» saiotik pasa zen Xabi Aldaz «Xabi Drummer» taldeko bateria jotzailea, argia ikusi berri duen lanari buruzko xehetasunak kontatzera.

«Sin filtro» diskoaren aurkezpenarekin pandemiak kendutako sentsazioa berreskuratuko duzue, ezta?

Egia esanda bai, azken finean erabat deskolokatuta egon gara; batez ere pandemiaren lehen urtean erabat jokoz kanpo ginen. Bakoitza bere etxean, familiarekin galdutako denbora berreskuratzen ibili ginen, beti biran gabiltzalako. Azken urtean diskoa osatzen ibili ostean, emozioz beteta eta gogotsu gaude orain.

Lehen abestitik mezu zuzenekin zatozte. Ez dugu erremediorik? Jendartea lo dago? «B planik» sortu nahi al dugu?

Nik uste sortu nahi dugula, baina zaila dago kontua. Agian pixka bat katastrofistak gara letretan, baina jendea esnatzeko pixka bat horrela izan behar da. Otsoa etxeko atarian dugula konturatu arte askotan ez gara egoeraz ohartzen.

Aurreko diskoan Evaristo Paramosen hitzak zituzten zuen abestiek. Oraingoan zuek idatzitakoak izan dira edota izan duzue kanpoko laguntzarik?

Gehienak guk idatziak dira, baina Non Servium taldeko Carlitos eta Ivik abesti bana idatzi dute. Bakoitzak modu batera idazten du eta, haiekin aurretik harremana genuela aprobetxatuz, proposamena luzatu genien eta hor geratu dira haien letrak.

Musikari adikzioa diozuela kontatzen duzue «Adicto» kantuan. Eta normala da, 23 urte daramatzazue dagoeneko Kaotiko taldearekin!

Nik uste dut bizitza guztian egongo naizela musikaren munduan sartuta, baina horrelako talde batean eta hain aktibo eta indartsu jarraitzea, sekulako oparia dela uste dut guretzat ere. Rocka eginez bizitzea eta Euskal Herria bezalako toki txiki batean zaila da; guk zortea daukagu, Estatu espainiarrean ere publikoa ere baitaukagu, baina hor ere zaila da aurrera egitea. Zorionekoak gara, pribilegiatuak.

Aurreko diskoetan euskaraz egin duzue abestiren bat edo beste. Azkeneko lan honetan, aldiz, ez.

Egiari zor, ez dugu euskararen gaia mahai gainean jarri proiektu honetan. Zentratuta egon gara gure lanean eta ez zaigu euskarazko kanturik sortu oraingoan. Egia da beti abestiren bat euskaraz sartzea gustatzen zaigula, baina, putakeria bat den arren, oraingoan ez da atera. Baina egia da azken bi diskoetan ez dela euskarazko kanturik egon eta pena da.

Soinuaren aldetik antzeko bidetik doaz «Descontrol» eta «Mi inspiración» abestiak. lehenengoarekin zer esan nahi izan duzue, jendea nazkatuta dagoela eta egoera kontrolez kanpo geratuko dela edota dagoeneko galdu dela kontrola?

Batzuetan bizitzaren kontrola galdu behar dugula esan nahi dugu. Egoera kontrolez kanpo dago, baina guri ere gustatzen zaigu batzuetan horrela ibiltzea, egunerokotasunetik atera eta ihes egitea ondo dago, noizbehinka behintzat. Garai batean askoz gehiago zen, orain ordea…

«Mi inspiración» ere aipatu dugu. Nori zuzenduta dago?

Letra sakona da, Carlitos Non Serviumek idatzitakoa. Lehengusua galdu nuen duela bi urte eta Carlitosek nire tokian jarrita idatzi zuen. Esan zidan letra irakurtzean konturatuko nintzela norentzat idatzi zuen eta berezia izan da. Oso gogorra izan zen galera hura guretzako, eta, abestia kasu horretan oinarritu bada ere, norbait galdu edota faltan sumatzen duen edonorentzat balio dezake.

Sare sozialei kritika zuzena egiten diozue «Red» kantuan. Inoiz pentsatu al duzue haietatik ihes egitea?

Ihes egitea ez, baina sareetatik kanpora egon gara duela bizpahiru urtera arte. Garai batean ez genion garrantzirik ematen eta bost axola zer gertatzen zen bertan, baina, gaur egun, tristeki, hortik lan asko egin behar da.

Musikalki akorde bereziren bat edo beste entzuten da abesti horretan, elektronika ukitu bat ere sartu duzue… Konposatzerakoan aldaketarik sumatu duzue?

Kaotiko old school abestiak daudela esan dezakegu eta berritu ditugun beste gauza batzuk ere bai. Betiko akordeez gainera bestelakoak ere bilatu ditugu, xehetasun txikiak eta kantu pare batean elektronika ukitu txiki batzuk. Esperimentatu egin nahi izan dugu; gure ustez ondo geratu da eta gustura geratu ginen, uste dugulako gure esentzia ez dugula galdu.

Esperimentazio lanean Paxkal Etxepareren laguntza izango zenuten, ezta?

Oso teknikari ona da eta estilo asko kontrolatzen ditu, jende askorekin aritua baita grabazio lanetan. Bera izan da grabaketaz eta nahasketez arduratu dena. Proposatu genion eta ideia bikaina iruditu zitzaion, berak lotu zigun norekin egin genitzakeen samplerrak eta aurrera egin genuen.

Aberatsenen eta txiroenen arteko arrakala geroz eta handiagoa dela agerian utzi duzue «Seguridad antisocial» abestiarekin.

Politikariei eginiko kritika zuzena da. Gure burua zaindu behar dugula esanez ahoa betetzen zaie azkenaldian; pandemian ardura gure gain jarri dute eta bitartean osasun publikoan murrizketa basatiak egin dituzte, kasik herritarrak osasun pribatura joatera behartuz. Kapitalismoa dago guztiaren atzean, diruarekin egiten dugu tupust bizitzako egoera gehienetan eta hori da tristeena.

Lehendabiziko bederatzi kantuetan esan dezakegu modu batera egin duzuela kritika. Azken bietan, berriz, 80ko punkaren bidetik dinbi-danba eman dituzue mezuak.

Lehen esan dudan moduan, musika talde baten helburua eta betebeharra kontzientzietan eragitea dela uste dut. Guk horrela ulertzen dugu musika, eta badakit asko ez direla ados egongo, baina guk egurra eman nahi dugu jendea behingoz ohartu dadin zer gertatzen ari den, puntu ironikoa sartuz.

Bi kantu desberdinenak «Gatillazo» eta «Evolution» dira, bai behintzat musikalki. Lehendabizikoaren atzean gizonezko, zuri, heterosexual, normatibo horren figurari egindako kritika dago?

Abesti horrek estereotipo garbi bat duen arren, ez da zehazki horri zuzendutako kritika. Edozein pertsonak jokatu dezake abestian aipatzen den modu kutrean. Bide horretatik enfokatu genuen nabarmenago geratu zedin, baina edozein izan daiteke jarrera eskas horiek dituena.

The Killers taldea gogorarazi didazue kantu horretan.

Bai noski, haiei omenaldi txiki bat egin genien. Hasieran eta estrofan The Killersen “Somebody told me” abesti dotorearen kutsua du; elektronika pixka bat sartuko genuela erabaki genuenean erabaki genuen kantu horren ukitua sartzea. Horrela atera zen eta txukun eta dotore geratu zela uste genuenez, aurrera egin genuen.

Kontzertu bira indartsua duzue aurretik. Martxoaren 4an Euskal Herrian hasi eta jarraian kanpora zoazte. A zer-nolako hilabete eta erdi daukazuen hor aurretik!

Jo eta su ibiltzeko hilabete eta erdi daukagu hor eta, gero, bigarren zatia etorriko da uda ostean. Estatuko jarraitzaile asko ditugunez, ahalik eta probintzia gehienetara joan nahi dugu jotzera. Gero udaran jaialdietan ere ibiliko gara, duela bi urte itxi genituen datak tarteko; asko atzeratzen joan dira eta aurten berreskuratuko ditugu galdutako data horiek. Hortaz, agenda estu-estu izango dugu, baina gogotsu gaude bi urteren ondoren.

Zuek errepidearen maitaleak zarete, ezta?

Oso! Kontzertuetan asko gozatzen dugu, baina furgonetan ia-ia oholtzan bezainbeste! Giro aparta sortzen da furgonetan eta barre asko, farra asko… kar, kar. Oso osasuntsua da dugun giroa eta kilometroak egin eta elkarrekin egotea sekulako oparia da guretzat.

«Evolution» kantuan plastikoa, asfaltoa, hegazkinak… aipatzen dituzue. Larrialdi klimatikoaren inguruko gogoeta piztu nahi duzue?

Bai, jakina. Dena suntsitzen ari gara eta badirudi mundu hau lehertzea maite dugula eta gutxinaka bada ere lortzen ari garela nabaritzen da. Egunerokotasunean zaborrekin dugun joera, itsasoa eta mendia nola tratatzen ditugun… Betikoa da, beranduegi denean hasiko gara aurretik ezer egin ez izanaz damutzen.

Kantu hori da guztietan desberdinena. Akaso elektronikak beste publiko batengana ere gertura dezake zuen musika, ezta?

Abesti dantzagarria da eta lokalean prestatzen eta inprobisatzen ari ginela animatu ginen aurrera jarraitzeko. Aguayok ekarri zuen ideia landuta eta hortik hasi eta zerbait desberdina eta berezia geratu da, baina ez dugu uste diskoan tokiz kanpo geratzen denik.

Hori ere bada gauzak filtrorik gabe egitea.

Hala da! Ea orain jendeak zer dioen.