Araitz Amatria eta Maddi Isasi
Emagin elkarteko kideak
KOLABORAZIOA

Covid-19a eta indarkeria matxistaren prebentzioa

Emaginen urteak daramatzagu indarkeria matxistaren prebentziorako lana egiten Euskal Herriko auzo, herri eta mila txokotan. Batzuei agian ezaguna egingo zaie jai giroan gertatzen diren erasoen aurrean, sentsibilizatzeko, informatzeko edota arreta berezia eskaintzeko Emaginen Indarkeria Sexistarik gabeko Guneak ikusi izana edo askotan mugimendu feministarekin ere telefono bidez gauez eta egunez aktibatzen diren protokoloen berri eduki izana...

Urteetako esperientziatik, kezkaz bizi dugu gaurko egoera. Izan ere, covid-19aren pandemiarekin batera, indarkeria matxistaren aurkako programa eta baliabide asko bertan behera geratzen ari dira. Gaur da eguna, pandemia hasi zenetik hilabete luzeak pasa direnean, baliabideak birpentsatu eta gauden egoerara egokitu beharrean, zuzenean programak bertan behera geratzen direna.

Arduraz bizi dugu egoera hau: ez bakarrik herri eta auzoetako jai «ofizialak» antolatzen ez baldin badira ere, erasoak badirelako oraindik ere, baizik eta pandemia hasi zenetik, konfinamendu ostean harreman, jokabide eta eraso batzuk normalizatzen ari direla uste dugulako. Hau al da emakumeontzat normalitate berria? Balio askatzaileetatik oso urrun kokatzen diren giroak bizi ditugu bereziki aisialdi eremuan: jarrera oso oldarkorrak, espazioaren erabilera maskulino eta bortitzak...

Bitartean, erasoen prebentzioa eta erasoei aurre egiteko programak oso leku gutxitan garatzen ari dira. Ez da zerbitzu hori eskaintzen, eta, beraz, ondorio zuzena da gertatzen diren erasoak ezkutuan geratzen direla edo gertatzen diren erasoei aurre egiteko tresnarik gabe aurkitzen direla emakumeak*. Zintzoki uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela biolentzia heteropatriarkalari aurre egitea, argitara ekartzea eta tresnak eskaintzea.

Finean, garrantzitsua dela uste dugu berandu baino lehen eremu honetan atzerapausorik ez emateko erabakiak hartzea eta baliabideak jartzea. Azpimarratu nahi dugu instituzio publikoek daukaten ardura, uste baitugu ardura honi ihes egiten ari zaiela, jaiak ofizialak ez diren aitzakiarekin.

Emagineko kideok argi daukagu gure jarduera guztiarekin aurrera jarraituko dugula, egiten duguna inoiz baino premiazkoagoa dela uste dugulako. Indarkeria matxistak lehen mailako arazo sozial eta politikoa izan behar duelako.