Andoni ARABAOLAZA
PIRINIOAK

Mendebaldeko Aspe mendiak bi proposamen berri ditu

Urtarrilaren amaieran, Angel eta Mikel Zabalzak kasko horren ipar-mendebaldeko aurpegian «Goulotte M.A.Z» bidea (MD, 400 m) sortuzuten. Otsailaren 12an, berriz, Unai Mendia eta Albert Salvadorrekin, Mikel Zabalzak «Alpinismo onirico» (MD+, 350 m) ireki zuen.

Pirinioetan jarduera berriak egiten dituzten espezialistak beti egoten dira klimak eskaintzen dituen aukerei begira. Baldintzen arabera, azterketa (esplorazioa?) mugatuta egoten da. Baina behin karta guztiak mahai gainean jarri ondoren, soilik xedea zehaztea falta zaie.

“Lan” horretan maiz ikusi duguna Mikel Zabalza dugu. Pirineista nafarraren inguruan ezer gutxi gehitu dezakegu; hots, den-dena esana dago. Soilik aipatuko dugu bere sokakideek jarri zioten goitizena: “Pirinioetako doktorea”.

Bada, abenduan mendilerro horretan botatako prezipitazioak eta urtarrilean kokatu zen antizikloi sendoa ondo baino hobeto aztertu ondoren, Zabalzak ondorioztatu zuen baldintza egokienak Mendebaldeko Pirinioetan zeudela. Eta, antza denez, bikian asmatu zuen; azken bi hilabeteotan jo eta su jardun duelako marra izoztuak errepikatzen eta berriak zabaltzen.

Bere anaia Angelekin batera pioletak zein kranpoiak ederki astindu ditu. Urtarrilean, adibidez, bi anaiok Aspeko iparraldeko zirkua ixten den iparraldeko murruan hiru bide eskalatu zituzten. Gainera, eguneko bat. Llana del Bozon iparraldeko diedroa (MD+, 250 m) igo zuten. Llana de la Gargantaren iparraldeko horma izan zen bigarrena; hain zuzen ere, “Txunda Samuel” bidearen eskuinera dauden diedro oso dotore batzuetatik (MD+, 400 m) igo ziren. Eta Mendebaldeko Aspe mendian (2.600 m) zirkulua itxi zuten. Hain zuzen ere, bide berri horri “Goulotte M.A.Z.” (MD, M5, 400 m) deitu diote. Krokisean ikusten den bezala, marra horren azken metroek “Perutxo”-rekin bat egiten dute.

Mikelek berak aurreratu du zirkuaren sarreran, 2.000 metrora, “oinarrizko kanpalekua” altxatu zutela: «Hiru bide horiek eskalatzeko irteera izan zen. Oro har, aurreratu behar dut marra guztietan baldintza bikainak zeudela. Hori bai, jaitsieretan arreta handiz ibili behar izan genuen; izan ere, izotza zein elurra oso gogor zeuden. Nahiz eta bide horiek zailtasunean ez diren muturrekoak, ondo eskalatu behar da. Orain arte Pirinioetan egin dudan jarduera ederrenetarikoa izan da».

Urtarrila era horretan bukatu zen Zabalza anaientzat. Baina Mikelek pioleten erritmoa ez zuen gelditu nahi. Eta otsailaren 12an, bisita gutxi izaten duen Mendebaldeko Aspeko ipar-mendebaldeko hormara itzuli zen sokakide ezberdinekin. Kasko horrek gailur nagusia baino 45 metro gutxiago ditu.

«Alpinismo onirico»

Mikel pareta horri eginiko lehen bisitan konturatu zen aukera bazegoela zirrikitu bat bilatu, hari jarraitu eta marra berri bat sortzeko. Proposamen berri horretara Unai Mendia eta Albert Salvado batu ziren: «Mendebaldeko Pirinioak ezusteko atseginak ematen ditu, eta uste dut, gainera, mendi horrek duen ipar-mendebaldeko murrua oso ezaguna dela pirineista ia guztientzat. Ikusi genituen baldintzak aztertu ondoren, hurbilketa bidea hegoaldeko isuritik egin genuen. Hots, Aisatik. Eta han Unai eta Albertekin ‘Alpinismo onirico’ marra berria (MD+) zabaldu genuen. Pareta horren hirugarrena da. Bere estiloan marra oso ona iruditu zaigu. Eta, jakina, gomendatzeko modukoa da».

Egunsenti lanbrotsua izan zuten, baina batez ere nafarrek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte inguru horiek, eta hurbilketa bidean ez zuten eragozpenik izan: «Lehen metroak goulotte bikain batean egin genituen. Izotzezko txaplatak eta elur gogorra zituen, eta, aseguratzeko zaila bazen ere, eskalatzeko aukera ematen zuten. Bidearen giltza da. Ondoren, zailtasunak asko samurtzen dira, eta aseguratzeko puntu egokiak zituen marra estetiko batetik jarraitu genuen. Proposamen berriaren goiko aldean, berriz, diedro eta tximinia samurrak igo genituen».