Izai Bujanda Cambra
ELA sindikatuko arlo publikoko arduraduna
KOLABORAZIOA

Euskara Nafarroan: gutxietsia eta, halere, mehatxu

Administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko irizpideak arautzen dituen dekretuaren zirriborroak honako hau ezartzen du: eremu ez-euskalduna deiturikoan euskara ez da merezimendu gisa kontuan hartuko, eta eremu mistoan lanpostu batzuetan soilik hartuko da aintzat. Hartara, alemana edo frantsesa baloratzeko aukera egon da; euskara jakiteari, aldiz, ez zaio aukera hori aitortuko. Hala, Nafarroako administrazioan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea guztiz zokoratua geratzen da.

PSNren borondatea gailendu da euskararen aferan –ere–, eta horretan ardura zuzena dute Nafarroako Gobernuko Geroa Bai eta Podemos kideek. EH Bilduk ere badu zeresanik, egungo gobernuari babesa eman eta urteroko aurrekontuetan akordioetara iritsi direlako. Jakin badakigu borondate politikoarekin euskarak beste esparru bat eduki dezakeela arlo publikoan. Hala gertatu zen Barkosen legegintzaldian 2017ko Euskararen Dekretuarekin. ELA izan zen dekretuari babesa eman zion sindikatu bakarra, sindikatuaren aldarrikapen guztiak jasotzen ez bazituen ere, aurrerapausoak eman baitziren euskararen normalizazioan.

Erantzukizun eta ardura politikoak hor daude, eta euskararekin konprometitua dagoen sindikatu bezala, alderdi politikoengan eragiten saiatuko da ELA. Baina nafar, euskaldun eta euskaltzale garen heinean, kezkatuta gaude. Euskararekiko mespretxu hau onartzen du Nafarroako jendartearen parte zabal batek. Euskararen normalizazioari oztopoak jartzen dizkion araudi baten aurrean ez dago erantzun masiborik. Alta, hizkuntza eskubideen errekonozimenduan aurrerapausoak emateko saiakerak egin direnean, oso erantzun oldarkorrak jaso izan dituzte –hezkuntzan zerrenda bakarraren planteamendua edo eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa kontuan hartzea, esaterako–.

Euskara gatazka politikoaren erdigunean jarri du Nafarroan historikoki espainiar nazionalismoak, botere ekonomiko eta mediatikoen laguntzarekin. Konfrontatzeko erabili du hizkuntza, eta horrek eragina izan du nafar askoren prozesu ideologikoan. Euskara erasota ikusi dugunean, orain ere ikusten dugunean, erantzutera behartuak gaude, noski. Baina erantzuteko ditugun moduen eta, zabalago, euskarak merezi duen errekonozimendua lortzeko ditugun estrategien inguruan hausnarketa egin beharko genuke euskaltzaleok. Nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatzea lortu nahi badugu, ezin ditugu gure ekimenak mugatu erabaki politiko baten aurreko erreakzioetara. Euskara gatazka elementu izatea ez genuen guk erabaki, ez gara horren erantzule. Baina euskara gatazkatik haratago eramatea gure ardura da, euskaltzale guztiona. Bien bitartean, egungo indar korrelazioaren ondorioz, euskara museo batean nahiko luketen horiek guztiak lasai egongo dira.

Horregatik, ELAk mobilizazioak sustatuko ditu hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen. Bestetik, sindikatu barneko egituran ere neurriak hartzen goaz euskara egunerokoan erlazio formal eta informaletan egon dadin, eta helburu bera dugu Nafarroako lantokietan, euskara planak sustatuz edota euskara ikasteko eskubideen alde borrokatuz. Horretaz gain, euskaraz eroso bizitzeko sortzen ari diren ekimenen bidelagun eta partaide gara, asko baikara Nafarroan euskaraz modu librean gure egunerokotasunaz gozatu nahi dugunak. Hala, zinez uste dugu, konpromiso horiekin, orain euskara mehatxu gisa ulertzen duten horiek aukera gisa ikusten joango direla.