GARA
ALAVES

Jaitsiera postuetatik atera vs Liga irabazteko lehian segitu

Gasteiztarrak eta sevillarrak bolada onean iritsiko dira gaur gaueko partidara.

Mendizorrotzak zeharo denboraldi ezberdina egiten ari diren bi talderen arteko partida hartuko du gaur gauean. Alde batetik behingoz jaitsiera postuetatik alde egin nahi duen Alaves egongo da; eta, bestetik, Sevilla, Real Madril liderraren itzala jarraitzen ari den talde bakarra.

Gasteiztarrek garaipenak batzen hasi behar dute ezinbestean. Pentsa, Sevillaren aurka irabazita ere, Alavesek ez lituzke oraindik jaitsierako postuak atzean utziko. Uneotan, Cadizekin 21 puntura berdinduta daude arabarrak eta Lehen Mailan jarraitzea ahalbidetzen duen azken postua duen Granadak Alavesek baino lau puntu gehiago ditu. Sevillaren aurkako partida final bat den galdetuta, Jose Luis Mendilibarrek ez zuen atzo hitz hori erabili nahi izan. «Partida garrantzitsua da. Hor atzean gaude, hiruzpalau puntura. Asmoa da irabaztea eta ea besteek zer egiten duten, jakinda oso zaila izango dela partida, oso talde ona baita Sevilla. Etxean partida guztietan lehiatu gara; lehenengo partida ona egin behar dugu, ondoren irabazteko», azpimarratu zuen atarikoan.

Getafen maila ona eman ostean bueltatuko dira Mendizorrotzara babazorroak. Coliseum Alfonso Perezen berdinketa lortu eta gero –Mendilibarren lehen puntua etxetik kanpo–, Sevilla hartuko dute etxean, baina arabarrei golak sartzea falta zaie. Egia da Joseluk 12 gol daramatzala denboraldi honetan, baina taldea arerioaren atean oso kamuts ari da oro har.

Jose Luis Mendilibarrek hiru baja ditu gaurko partidarako: Mamadou Loum –zigortuta–, Tomas Pina –lesio txiki bat du– eta Martin Agirregabiria –«gau oso txarra pasa du eta ez dago jokatzeko moduan», adierazi zuen entrenatzaile bizkaitarrak–. Ikusita zelai erdiko bi jokalarik ezingo dutela jokatu, baliteke entrenatzaile babazorroak sistema aldatzea. Hau da, azken neurketetan zelai erdiko hiru jokalarirekin aritu ostean, gaur hori alda lezake. Toni Moya eta Pere Pons dira zelai erdian Gonzalo Escalanteren ondoan jokatzeko hautagai nagusiak.

Sistema bat edo beste erabili, Mendilibarrek gauza bat argi du: «Dena ondo egin beharko dugu. Beraiek oparirik ez dute egiten. Defentsan ondo egon behar dugu; beraiek aukera asko agian ez dituzte egiten normalean, baina hain jokalari onak dituzte, aukera bat eginda, sartu egiten dutela. Bestalde, atzean bi partida bakarrik ez dituzte ondo jokatu; Athleticen aurka, adibidez, opari batzuk egin zituzten, baina normalean oso sendo egoten dira atzean».

Sevilla, moralez gainezka

Sevilla sasoi betean helduko da Gasteizera. Julen Lopetegiren taldea emaitza onak lortzetik dator –Betisen aurkako derbia 2-1 irabazi zuen azken jardunaldian– eta Liga irabazteko lehian sartu da berriro. Sei puntura du bihar Bernabeun Reala hartuko duen Real Madril liderra, eta sailkapenean hirugarrena den Betisi zortzi puntuko aldea ateratzen dio dagoeneko.

Lopetegiren taldea izugarri sendoa da etxean. Sevillatik urrun ere talde arriskutsua da, baina egia da ere hiru partida daramatzala kanpoan irabazi gabe. Hori bai, jokalari ugari falta izan ditu Lopetegik azken jardunaldietan covida, zigorrak, lesioak eta selekzioen partidak tarteko. Asteasuarrak, aldiz, Jesus Navas kapitaina berreskuratu berri du hiru hilabete eta erdi zelaietatik kanpo egon ostean.