GARA
GASTEIZ

Ehun langiletik gorako enpresa gehienetan ez da berdintasun planik

2021az geroztik, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ehun langile baino gehiago dituzten enpresa guztiek berdintasun plana aurkeztu beharra dute Lan eta Enplegu Sailean. Hala ere, urtebete igaro denean, enpresen herenek soilik egin dutela aitortu zuen atzo Lakuak, eta, iragarri zuenez, 50 langiletik gora dituztenei ere eskatuko die aurrerantzean.

Iaz sartu zen indarrean Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ehun langiletik gora kontratatuta dituzten enpresak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko planak diseinatzera behartzen dituen betekizuna. Hala ere, Lakuako Lan eta Enplegu Sailak atzo aitortu zuen orain arte enpresen herenek soilik aurkeztu dutela eskaturiko berdintasun plana. Alabaina, Lakuak jakinarazi zuen are gehiago zabalduko duela eskakizuna eta, gaurtik aurrera, 50 eta ehun kide bitarteko langile-taldea duten enpresei ere berdintasun plana eskatuko diela.

Zehazki, urtebeteko tartean, 289 plan erregistratu dira Lakuako Lan eta Enplegu Sailean, eta beste 28 izapidetzen ari dira; hau da, 317 plan guztira, baina Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ehun langiletik gora dituzten 1.000 enpresa inguru daude. Zifren aurrean, Elena Perezek, Lan eta Enplegu sailburuordeak, onartu zuen kopuru hori ez datorrela bat EAEko enpresa arloko errealitatearekin.

Testuinguru honetan, Perezek iragarri zuen Lakuak ikuskapen kanpainak indartu eta genero eraginari buruzko txostenak prestatuko dituela. «Sentsibilizazio faltako kasuak egoteaz gain, eta Euskaditik kanpoko lantokiak izateagatik beraien planak Ministerioan erregistratu dituztenak hemen ez agertzeaz gain, berdintasun batzordeetako kideen prestakuntza eta trebakuntza falta ere badago. Horregatik, ikuskapen kanpainak indartzeaz gain, Sailak genero eraginari buruzko txostenak egiten ditu hitzarmen kolektiboetan», azaldu zuen Perez sailburuordeak.

Martxoaren 8tik aurrera, Iñigo Urkulluren Exekutiboak 50 eta ehun langile artean dituzten konpainiei ere ezarriko die berdintasun plana izatearen betekizuna. EAEn tamaina horretako 1.074 enpresa daude, eta, Lakuak ohar baten bidez azaldu duenez, 50 ikuskari inguruk bermatuko dute enpresek berdintasun planak prestatzen dituztela.

Ia bi mila enpresa

Ehun langile baino gehiago dituzten 1.074 lantokiei 50 eta ehun behargin bitarteko EAEko enpresak gehitzen baldin bazaizkie, guztira 1.998 izango dira berdintasun planak aurkeztera behartuta egongo diren enpresak.

Eustatek emandako datuen arabera, ia 2.000 konpainia horiek EAEko enpresa guztien %1,31 dira, baina 462.822 pertsonari ematen diete lana; hau da, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako langileen %50,89ri.

Nolanahi ere, Lakuako Gobernuko Lan eta Enplegu sailburuordeak azpimarratu zuenaren arabera, enpresa guztiak daude behartuta beren lantokietan emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna bultzatzen duten neurriak hartzera: gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala desagerrarazten laguntzen duten tresnak, soldata erregistroaren gaineko betebehar orokorra eta ordainsarien gardentasunarena, besteak beste.