Asier AIESTARAN
TXIRRINDULARITZA

Mads Pedersen, Van Aert baino indartsuago

Garaipen bikaina lortu du denboraldi hasiera aparta egiten ari den daniarrak.

Mads Pedersen Trek-Segafredo taldeko txirrindulari daniarrak irabazi zuen atzo Paris-Nizako hirugarren etapa, 190,8 kilometro Vierzon eta Dun-Le-Palestel artean. 2019ko munduko txapeldunak bere ezaugarrientzat bikaina zen amaiera baliatu zuen aurkariak atzean utzi eta besoak altxatzeko.

Azken bi kilometroetan errepideak apur bat goraka egiten zuen. Ez zen mendate izatera iristen, baina indarreko ziklista azkarrentzat egokia zen helmuga, eta Pedersen bikain moldatu zen egoera horretan. Jasper Stuyven taldekideak erritmoa azkartu zion aldapa hasi bezain laster eta bere atzetik eraso bortitza jo zuen daniarrak.

Pedersenen gurpilean oso adi ibili zen Wout Van Aert flandriarra, garaipena lortzeko beste faborito nagusietako bat, baina Jumbokoak ezin izan zuen daniarraren erritmoa jarraitu. Azkenean, atzetik etorrita, Bryan Coquard frantziarra (Cofidis) izan zen bigarren eta Van Aert hirugarren sartu zen.

«Atzo [herenegun] oso zorte txarra izan genuen, Alex Kirschek arazoak izan zituen eta nik ere bai katearekin. Gaur [atzo] buelta eman nahi genion eta taldeak lan bikaina egin du. Alexek eta Jasperrek [Stuyven] sekulako lana egin dute», adierazi zuen garaileak. «Denbora luzean lortzen dudan World Tourreko lehen garaipena da eta pozgarria da niretzat denboraldia horren ongi hastea. Laster iritsiko diren klasikoetarako bide onean nagoela esan nahi du», gaineratu zuen Etoile de Besseges lasterketan ere etapa bat irabazi zuen txirrindulariak.

Azken metro urduri horietan beste gertakari aipagarri bat ere izan zen, eroriko bat izan zelako eta Christophe Laporte liderra lurrera joan zelako. Hori bai, lasterketa azken hiru kilometroetan sartuta zegoenez ez zioten atzerapenik ezarri sailkapen nagusian eta berak jarraitzen du lehen postuan, nahiz eta gainsarien ondorioz segundo bakarreko abantaila duen orain Van Aert bigarren sailkatuarekiko eta bederatzikoa Primoz Roglic hirugarrenarekiko.

Sailkapen nagusia gaur argituko da asko, txirrindulariek 13,4 kilometroko erlojupeko gogorra izango baitute Domerat eta Montluçon artean.

Tim Merlier Tirrenon

Tim Merlier (Alpecin) izan zen azkarrena Tirrenoko bigarren etapa erabaki zuen esprintean. 219 kilometroko ibilbidea egin zuten txirrindulariek Camaiore eta Sovicille artean, mendate aipagarririk gabe, eta tropela osorik iritsi zen helmugara. Peter Sagan (TotalEnergies) izan zen esprinta abiatu zuena, baina Merlierrek aise hartu zion aurrea eslovakiarrari eta azkenean Olav Kooij (Jumbo) eta Kaden Groves (BikeExchange) ere aurretik sartu ziren helmugan.