Amaia U. LASAGABASTER
LEHEN MAILA

Derbiak probetxuzko biharamuna utzi du

Eibarren kontrako garaipenak bolada txarrari amaiera eman eta Realaren bigarren postua sendotu zuen. Garrantzia, ordea, ez datza hiru puntu horietan soilik, baita taldeak partida aurrera atera zuen moduan ere, eta gertatutakoan oinarritu dezakeen hobekuntzan.

Horrela azaldu du Nerea Eizagirrek, «garaipen garrantzitsua» izan zela onartuz. «Lehen zatian kostatu zitzaigun, baina bigarrenean taldea hobeto aritu zen hasieratik. Lehen zatitik ondorio asko atera behar dugu hobetzeko eta bigarren zatitik mantentzeko», azaldu zuen.

Bereziki garrantzitsutzat jo zuen ikasi beharreko hori, azken zazpi jardunaldietan txuri-urdinek sailkapenaren behealdeko aurkari askoren kontra jokatuko baitute. «Ez dakit zer den zailagoa azken txanpa honetan, beheko edo goiko taldeen kontra jokatzea»; hori onartuta, argi dauka hemendik aurrera, igandean gertatu zen bezala, hau gertatuko zaiela: «Atzean geratuko diren talde asko topatuko ditugu, eta gero kontraerasoan saiatuko direnak. Badakite guk baloia ondo mugitzen dugula eta normalean partiden jabe izaten garela. Eta nik uste dut horrelako partida asko aurkituko ditugula, beraiek arean ondo gordeta, asko itxiko direla kontraerasora jokatzeko. Eta baloia galdu ondorengo lehen presioan hobetu behar dugu eta atzeraka korrika egiteko unean taldea izan, denok defentsiboki lan handiagoa egin. Nik uste aurreko igandeko lehen zatitik ondorio asko aterako ditugula».

Hobekuntza horrekin eta taldearen aurreko lan eta ibilbidearekin, Realeko kapitainak prest ikusten du taldea bigarren postuari eusteko, eta ez du espero presioak min egingo duenik, egoera «bakoitza modu desberdinean bizitzen» duela aitortu arren. «Ni lasai nago, taldeak partidetan ondo lehiatzen delako, eta aurten oso talde trinkoa gara. Egia da bolada txarrean atzean kosta egin zitzaigula. Nik izan nuen sentsazioa aurkariek irabazi baino guk galtzen genituela partidak. Baina badakigu gauzak ondo egiten baditugu hiru puntuak guretzat direla. Eta hemendik aurrera finalak izango balira bezala hartu behar ditugu partidak, gutxi falta delako eta bigarren postua nahi dugulako».

Eizagirreren ustez, Real Madril eta Atletico dira aurkari indartsuenak, baina nahiago du besteengan asko ez pentsatu. «Guk gurea ondo egiten saiatu behar dugu. Partidak irabazten baditugu, bigarren postua gurea izango da. Beraz, aurrera jarraitu behar dugu, atzera ahalik eta gutxien begiratuz».