GARA
ATHLETIC

Alex Berenguer, pozik bere hobekuntzarekin

Alex Berenguer, Athleticen azken neurketetako jokalari onenetako bat, pozik azaldu zen, atzo, hedabideen aurrean, egiten ari den lanarekin eta bere errendimendu aldaketa Osasunaren aurkako partidan kokatu zuen. «Uste dut Osasunaren kontrako partidatik datorrela, batez ere. ‘Urte berri, bizi berri’ esan nuen neurekiko eta nolabait mentalki askatu egin nintzen. Ordutik eman behar dudan maila ematen ari naiz», onartu zuen nafarrak.

Azaldu zuenez, Marcelinok «bertikala izateko eta areara erdiraketa asko sartzeko» eskatzen dio, eta argi utzi zuen gakoetako bat «sartutako golekin edo emandako asistentziekin ez obsesionatzea» dela, horrek kalte egin ziolako denboraldi hasieran.

Kopatik kanpo geratu ostean, meritua eman zion taldeak Ligan izan zuen jarrerari: «Erortzen zarenean berriz altxatzeko modurik onena gauzak ongi egitea da, eta Levanteren aurka gauzak ongi egin genituen. Baina ez da lehen aldia, denboraldiaren zati handienean horrela jokatu dugu. Uste dut denboraldi nahiko ona egiten ari garela eta goiko borrokan gaude».

Hemendik denboraldia amaitu arte Europan sartzea izango da Athleticen helburua, eta Barañaingo futbolaria baikor azaldu zen taldearen aukerekin. «Ehuneko ehunean konbentzituta gaude hori lortzeko, baina partidaz partida joan beharra daukagu. Lehen lana igandean Sevillara joan eta gauzak ongi egitea da, hiru puntuak Bilbora ekarri ahal izateko».

Dani Garcia, zalantzan

Betisen partidara begira Dani Garcia zalantza da, pubalgia batetik osatzeko «berregokitzapen funtzionaleko prozesu» bat hasi baitu.