Negu «normala»
Jende askori entzun diot eta jende asko dator bat aurtengo negua kaskarra izan dela, ez duela apenas elurrik egin eta azken urteetako dinamika berari eutsi diola. Bada egiarik baieztapen hauetatik, elurrik ez duelako egin edota azken urteetako dinamika hartu duelako, baina datuei erreparatuta aurtengo negua normal joan dela esan daiteke.
Negua normal joan dela esateko, meteorologook gehienbat bi parametro hartzen ditugu kontuan: tenperatura eta prezipitazioa. Tenperaturen aldetik abenduaren lehen erdia hotza izan ostean, bigarrena epela izan zen. Urtarrila eta otsaila orokorrean normalak izan dira. Prezipitazio aldetik, aldiz, abendu hasieran bota zuen guztiarekin eta urtarrilean bi edo hiru egunetan izan ziren euriteekin, balioak normaldu dira. Izotz egunak ere ohikoak baino gehiago izan dira, tenperatura minimoetan ohikoak baino balio baxuagoak izan direlarik.
Azken 6-8 neguetan, ordea, bakarra salbatu da, 2018. urtekoa. Klima aldatzen doa eta horrek gure urtaroetan eragina izan dezakeela jakina da. Baina goiz da esateko azken neguetako joera horregatik ote den, horretarako gutxienez 15-20 urte itxarotea komeni baita. Datozen 10-12 urteetan joera bera errepikatzen bada, orduan esan ahalko dugu gure negua jada ez dela negu. Nire iritzian, oraindik beste urte batzuetan elur kontuak ezagutuko ditugu, nahiz eta garbi dagoen klima aldatzen ari dela.