Larraitz Ugarte
Abokatua
GAURKOA

Gerraren albo kalteak

Pandemiatik ateratzen ari ginela, ekonomia eta bizipoza berreskuratzen, gerrak harrapatu gaitu bete-betean eta bien arteko paralelismoak ezagun egiten ari dira. Orduko hasiera haietako inozokeriak kalte handia egin zuela ondorioztatu eta orain mundu guztia ari da zuhurtziaz okerrena iradokitzeko lehian. Eta hasiak gara agintariak «gerra ekonomiaz» hitz egiten entzuten. Supermerkatu kate aleman merke baten aurrean egin ditu adierazpenok Iñigo Urkullu lehendakariak, kontsumitzaileak bertan erostera animatu nahi bagintu lez, oinarrizko produktuen prezioaren gorakada itzelari modu barregarrian erantzunez. Borrell ere ikusi dugu aitatasun desinteresatuaren trazak eginez eta jarrera aktibista-politiko-militanteak proposatuz, «Gutxiago gastatu, ez piztu kalefakzioa, argirik gabe ere ondo zaude...» esaka. Errusiarekiko dependentziarik ez izatean omen datza erronkan. Hotz energetikoa eta gutxiago jatea dira mantra berriak, baina ez munduaren biziraupenerako ohitura aldaketen beharraren gogoeta batek eraginda, ez, ezbeharretara ohitu beharra duen gizarte batean konformatzeko gonbidapen gisa baizik.

Marko arriskutsua ezartzen ari dira, gertatuko dena halabeharrez, ezinbestez eta modu ekidinezinean gertatuko den ideia txertatzeko saiakera gogorrean. Gerra Europan da eta europarrok gerraren ondorioak pairatu beharko ditugu. Bizitza garestituko zaigu, bai, baina ez da beti gerrarengatik izango, hainbatetan gerrari esker baizik. Azkarrak dira batzuk ziurgabetasun testuinguruetan etekinak ateratzen. Eta babes politikoarekin kontatuko dutela badakite. Ekonomia pixkanaka geldotzen doa. Garraiolarien greba baten atarian gaude, supermerkatuetako apal hutsen argazki agian histeriko agian premonitorioak ikusten hasiak gara, produkzio kate batzuk itxi dira dagoeneko eta lantegi osoak ari dira uda bitarteko kontingentzia planak egiten.

Ingurumari horretan, oinarrizko produktuen prezioek goraka jarraituko dutela inork gutxik jartzen du zalantzan eta horrek pandemiatik kaltetuta atera diren sektoreak are eta zaurgarriago bilakatuko ditu. Gerraren kalteak, albo ondorioak, nork pairatu behar dituen da mahai gainean jarriko den, batzuek dagoeneko jarri duten, eztabaida. Errenta paktuez hitz egiten hasi dira eta azkar batean atera dira hainbat sindikatu ulerkor beste masaila jartzera. «Denok eman behar dugu zerbait» desorekatuaren aurrean gaude berriro. Gero eta abiada gehiagorekin iristen gara puntu horretara. Soldata izozte edo jaitsierak, kontsumo ohituren aldaketak... gerra honek asko irauten badu denetarik egin beharko da, seguru. Denoi okertuko zaigu bizitza eta arrazionalak izaten badakigu. Baina ez diezagutela berriz gure gain jarri zama guztia, gizarte arrakalak gero eta jasanezinagoak baitira.

Gobernuek eta Europar Batasunak badute ardura garrantzitsu bat gerra honekiko diskurtso belizistetan, eta Errusiari ezarri beharreko zigor ekonomikoez jardun beharrean herritarrak babesteko neurriez jardun beharko lukete dagoeneko. Hasi dira gauza batzuk iradokitzen, baina faltan botatzen ditut ekonomiaren eta bereziki sektore energetikoaren gaineko gobernuen politika interbentzionistak, gerra garairako herritarrontzat babes neurriak mahai gaineratuko dituztenak, gasaren edota argindarraren prezioaren erregulaziotik hasi eta populazio sektore zaurgarrienentzat errazionamendu kartilletaraino joan daitezkeenak. Instituzio eta gobernu nagusiek erabakien azkartasuna eta borondate politikoa batu behar dituzte berandu izan baino lehen.

Ekonomiak adina kezkatzen nau ezartzen ari den giroak, baina. Gerrak eztanda egin baino lehen inork gutxik uste zuen Putinek Ukraina inbaditzeko eta eragiten ari den sarraskia eragiteko ausardia izango zuenik. Gero, azkar joango zela zioten ahotsak zeuden. Baina Putin ausartu zen, Ukrainak borrokatzea erabaki zuen eta Europak diskurtso belikoari ekin zion arintasun handiz. Gerran parte hartu edo armak bidali, gerrak jarraitzeko borondatea du klase politikoak eta hemengo lurretan ere Ukrainak defendatzeko duen eskubidearen aldeko gerra diskurtsoak idazten ikusi ditugu indarkeria beti injustua denaren defendatzaile sutsuak. Atentzioa eman zidan bereziki Noticias taldean idatzitako artikulu batean parlamentari batek bere amaren aurrean nola defendatzen zuen bide diplomatikoen errefusa bide armatuen alde. Horrela dabiltza europar ezkerreko indar anitz ere. Eta horrela, iparra galduta, gaizki gabiltza. Gaizki gabiltza gerraren apologia egiten bagabiltza, horrelako arinkeriaz hitz egiten badugu milaka hildako eta milioika errefuxiatu eragingo dituen gatazka batez. Bereziki kezkagarria da publikatu diren inkestetan jendearen gehiengo zabalak, ezker-eskuin, armen bidalketa masiboa defendatzen duela ikustea. Agintari belikoenak, autokratenak, badira jarraipen handiena dutenak, etorkizuna beltz datorkigu. Irakeko gerrak Espainian martxoak 11ko Madrilgo atentatuetan izan zuen erreplika ahaztu zaigula dirudi eta berriz ere diskurtso testosteronikoenak uneko gerra ideologikoa irabazten ari direla esango nuke.

Eta honek, mentalitate beliko honek, prezioen gorakadak bezainbeste edo gehiago kezkatu behar gintuzke. Zer-nolako gizartea, zer-nolako nazioarteko ordena berria etor daitekeen ikusteke dago (NATOren indartzea eta prestigiatzea besteak beste), eta hor herritar xumeok zaurgarri gara. Duela lau hilabete ezinezkoa iruditzen zitzaiguna bihar etxeko atean izan daitekeela sinetsita gaude. Mundu ikuskera bera, munduan gauden eta egon behar dugun moduaz hausnarketa partekatua behar dugu. Gerraren aurkako korronteak esnarazi behar du jendartea gerraren aldekoen hipnositik. Badira zimenduak: herri honek NATOri emandako ezezkoa, euskal mugimendu antimilitaristak soldaduskarekin amaitu zuenekoa, zentral nuklearrik ez jartzea lortu zenekoa, Golkoko gerraren aurkako ikasle greba amaigabe haiek... Badago gerrarik gabe eta herrien burujabetza errespetatuz mundu hobe bat eraikitzeko aukera. Euskal Herritik bai behintzat. Aterkia irekita itxoitea ez da aukera bat.