Marta Garcia Teran
Save the Children
KOLABORAZIOA

Zenbait gako ukrainar haurrei laguntzeko

Milioi bat haurrek ihes egin dute Ukrainatik, errefuxiatuen %50 baino gehiago dira. Muga inguruetatik datozen berrien arabera, familia-erreferenterik gabe ari dira iristen haur batzuk, Ukrainatik irten ezin ziren senitartekoek bidalita, seme-alabak lurreko eta aireko erasoetatik babestu nahi baitzituzten horrela. Bakarrik iritsi diren horietako askok 14 urte baino gutxiago dituzte. Krisia areagotzen ari da haurren babesaren arloan, larrialdiko egoera betean, eta hasi dira jada esaten XXI. mendeko Europako errefuxiatuen krisirik larriena hauxe dela.

Hori dela eta, Euskadin gero eta pertsona gehiagok eskaini dute beren burua familia eta haur horiei laguntzeko. Pertsona horiek bizi dituzten tragediei buruz iristen den informazio ugariaren aurrean, herritarrak era askotara ari dira beren elkartasuna adierazten; horietako batzuek beren etxeetan haur errefuxiatuak hartzeko nahia erakutsi dute. Dena den, harrera-prozesua ez da erraza. Faktore asko hartu behar dira kontuan, autonomia-erkidego bakoitzaren mende dauden lege-arlokoak eta administraziokoak.

Save the Childrenek herritarrei bide ofizialak erabiltzeko gonbita egin nahi die, ematen den laguntza eta elkartasuna zuzen bideratzeko sortutako bide ofizialak erabiltzekoa, errefuxiatuen eta haurren babesean eskumena duten erakundeen bidez zehazki, hala, Ukrainako haur errefuxiatuen zaurgarritasuna ez areagotzeko. Horretarako, honako helbide elektronikoa gaitu du Eusko Jaurlaritzak: errefuxiatuak@euskadi.eus.

Kasu bakoitzean, edozein harrera mota gauzatu aurretik, banan-banan aztertu behar da harreran hartuko den haur bakoitzak bizi duen egoera, eta familia bakoitzak zer ahalmen dituen. Kontuan izan behar da haur horrek oraindik familia badu, familiaren ondoen egon nahi izango duela haurrak, eta lotura horri eusteko ahalegin guztiak egin beharko dira.

Save the Childrenen ikusten dugu gero eta interes handiagoa dutela askok laguntzeko konpromisoa hartu eta gauzazko dohaintzak egiteko. Horrelako jarduera guztien abiapuntua eskuzabaltasuna izan arren eta gizarteak laguntzeko duen borondatearen erakusgarri badira ere, badakigu nazioarteko erakunde humanitario gisa, laguntza horiek ez direla oso eraginkorrak izaten horrelako testuinguruetan; izan ere, egungo larrialdian etengabe aldatzen da eszenatokia, eta ezin zaie beti bildutako ondasunekin erantzun lurralde horietako beharrei.

Beharrezkoa da ondo ulertzea nola funtzionatzen duen erantzun humanitarioak horrelako krisi batean. Ukrainaren mugan dauden zenbait herrialderekin lanean ari gara Save the Childrenen, haurrei eta familiei funtsezkoa den laguntza humanitarioa emateko. Era askotara ari gara: laguntza psikosoziala eskainiz, neguko kitak eta higienekoak emanez, janaria, berotzeko arropa eta ura banatuz, haurrentzat gune seguruak sortuz, jolas egin dezaten, ikas dezaten edota mina eta galerarekin bizitzen ikas dezaten.

Bestalde, logistikak, materialak eta elikagaiak manipulatzeak eta igortzeak kostu bat dute, eta kudeatu egin behar da: izapide administratiboak betez, ondasunen jarraipena eginez eta iraungitze-datak kontrolatuz… Munduko edozein tokitatik milaka lagunek webgunearen bidez (www.savethechildren.es/) egiten dizkiguten dohaintzek asko laguntzen digute jada gehiegi sufritzen ari diren haur horiek guztiak babesten. Ezinbestekoa da guzti-guztion laguntza, behar dituzten hornigaiak eta gainerako laguntza guztiak lehenbailehen helarazteko. Haurrek lehentasun osoa izan dezaten lortuko dugu horrela.