Asier AIESTARAN
TXIRRINDULARITZA

Cavendishek irabazi du Milano-Torino klasikoa

Bouhanni eta Kristoff menderatu ditu 36 urteko esprinter beteranoak.

Mark Cavendish beteranoa (Quick Step) nagusitu zen atzo Milano-Torino klasikoaren 103. edizioan. 36 urteko britaniarrak iaz Tourrean erakutsitako abiadura atera zuen berriz ere Nacer Bouhanni frantziarrari (Arkea) eta Alexander Kristoff norvegiarrari (Wanty) esprintean aurrea hartzeko. Euskaldunei dagokienez, Movistar taldeko Iñigo Elosegi eta Alex Aranburu ez ziren garaipena lortzeko lehian sartu.

Txirrindulariek 197 kilometroko ibilbidea bete zuten Magenta eta Rivoli artean, eta eguneko ihesaldia azkar sortu zen, hiru ziklistez osatuta: Martin Marcellusi italiarra (Bardiani), Juan Diego Alba kolonbiarra (Drone) eta Daniel Viegas portugaldarra (Eolo). 175 kilometroan ibili zen hirukotea ihes eginda, baina esprinterrentzat ibilbide egokia izanik, txirrindulari azkarrenen taldeek lan egin eta helmugarako 20 kilometroren faltan harrapatu zituzten.

Ben Healy irlandarra (EF) izan zen esprinta ekiditen saiatu zen ausart bakarretako bat. Alberto Bettiol taldekidearekin batera egin zuen aurrera, baina Quick Step eta TotalEnergies taldeek ez zioten tartea zabaltzen utzi. Hain zuzen ere, Peter Saganen taldea, TotalEnergies, izan zen kilometro baten faltan esprinta bere alde bideratzen saiatu zena, baina Quick Step garaiz agertu zen eta esku-eskura utzi zion garaipena Cavendishi.

Britainiarrak bere ibilbidean lortzen duen 159. garaipena da atzokoa eta historia luzea duen Milano-Torino lasterketa –egutegiko zaharrena da, 1876an jaioa– irabazi duen txirrindulari beteranoena da. «Edozein lasterketa irabaztea gustatzen zait. Milano-San Remo irabazita daukat, eta orain Milano-Torino ere bai. Ez da beti esprinterrek irabazten duten proba bat, eta horregatik pozik nago maila handiko beste txirrindulari batzuen alboan agertuko delako nire izena», adierazi zuen.

Larunbatean helduko da, hain zuzen ere, Milano-San Remo handiaren beste edizio bat, eta atzo puntan ibili ziren esprinterrak asteburuan ere aurrean egoten saiatuko dira, zailagoa izaten den arren. Larunbatera begira, Julian Alaphilippe eta Sonny Colbrelli ez dira irteeran izango, bronkitis arazoekin jarraitzen dutelako biek.

Caja Rural, bikain Alentejon

Vueltarako gonbidapenik gabe geratu arren, Caja Rural bere maila errepidean erakusten ari da Orluis Aular venezuelarraren eskutik. Igandean Arrabida klasikoa irabazi ostean, atzo Volta Alentejo lasterketako lehen etapa bereganatu zuen Aularrek, eta bigarren postua ere talde nafarrarentzat izan zen, Iuri Leitao portugaldarraren eskutik.

«Oso pozik nago garaipen honekin. Oso azkar joan gara hasieratik eta 50 kilometro behar izan dira ihesaldia egiteko. Taldeak oso lan ona egin du etapa osoan eta baita esprinta bideratzerako orduan ere. Dena prestatu bezala irten da. Sailkapen nagusiari begira egunez egun joango naiz. Erlojupeko ona egin dezaket, baina badakit aurkari oso gogorrak izango ditudala», azaldu zuen Aularrek taldeak zabaldutako adierazpenetan.

Albiste txar bakarra Jon Barrenetxeak jasandako erorikoa izan zen, baina taldeak jakinarazi zuenez ez du inolako ondoriorik izan eta lasterketan segituko du.