A.A.
ZESTA

Aritz Erkiaga eta Jon Zabala, Jai Alai Winter Series txapelketako irabazle

Aritz Erkiaga eta Jon Zabala dira zesta-puntako Jai Alai Winter Series txapelketako irabazleak, finalean Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal 0-2 menderatu ostean. Urdinek final bikaina jokatu zuten berriz ere leporaino bete zen Gernikako Jai Alai pilotalekuan, baina, ikuskizunerako zoritxarrez, gorriek ez zuten beren mailarik onena eman.

Batez ere lehen jokoa izan zen zaleak pilota gosez utzi zituena. Final parekatua espero zen gaur egungo bi aurrelari onentsuenen artean eta txapelketa honetara oso maila onean iritsi diren bi atzelarien artean. Baina lehen setean goitik behera nagusitu ziren Erkiaga eta Zabala.

Bizkaitarrek 0-4ko partzial batekin ekin zioten demari, eta ia jarraian 1-11 aurreratu ziren markagailuan. Aritz Erkiaga aurrean asko asmatzen hasi zen, Zabala ere oso seguru ibili zen atzean, eta, aldiz, gorriei kosta egin zitzaien partidan sartzea. Partidako lehen tantoa, adibidez, Goikoetxeak gora bidalitako pilota batekin iritsi zen, eta hortik aurrera ere konfiantza askorik gabe aritu zen zumaiarra.

Setaren bukaera aldera bere onera etortzen joan ziren gorriak, baina zuloa jada oso handia zen eta lehen jokoa 7-15 amaitu zen. Edonola ere, ez zaie meriturik kendu behar Erkiagari eta Zabalari. Ispasterreko aurrelariak hiruzpalau tanto bikain sinatu zituen, jendea aulkitik altxatzen dituen horietakoak, eta Markinako atzelariak txapa gainean moztutako beste bi tanto ikusgarri ere egin zituen, zaleen gozamenerako.

Gertatutakoa ahaztu eta bigarren jokoan egoera iraultzea zen Goiko eta Aimarren erronka, eta hein handi batean lortu zuten, nahiz eta azkenean urdinak izan ziren berriz ere 12-15 nagusitu zirenak. Baina ikuskizuna oso desberdina izan zen: parekotasun handia izan zuen setak eta Goikoetxeak ere egin zituen bizpahiru erremate bikain.

Parekotasun horren barruan, finaleko tentsioa ere nabaritu zen, 5-7koan adibidez. Epaileak Zabalari falta adierazi zion xisterarekin pilota ukitu zuelakoan, baina telebistako errepikapenean argi ikusi zen ez zela horrela izan. Atzelari urdina kontu eske hurbildu zitzaion epaileari, baina azkenean jokaldiak ez zuen eraginik izan azken emaitzan. Bideotekarako, berriz, Erkiagak 9-12koan errebesez ia lurretik bota zuen horma-bikoa gorde behar. Goikoetxea ez zen iritsi eta zumaiarrak berak ere txalotu egin zuen tantoa.

Partida amaieran, gazteago izaki, Jon Zabala izan zen garaipena gehien ospatu zuena, baina Erkiaga eta biak oso pozik agertu ziren garaipenarekin.