Amaia ZURUTUZA

Beristain: «Ez izan beldurrik Downen sindromea dutenekiko»

Downen Sindromearen Nazioarteko Eguna izan zen atzo eta pertsonon errealitatera hurbildu zen NAIZ Irratia Downen sindromea duen Maialen Beristain, Atzegiko Ainhoa Fiz eta Pauso Berriak programako Josu Peñaren eskutik. Aldarrikatu zutenez, fokua gaitasunetan jarri behar dugu. Eta horiek ikusgarri egiteko ezinbestekoa da adimen desgaitasuna duten pertsonek horiek erakusteko espazioak edukitzea. «Besteok gauden espazio berak erabili behar dituzte».

Pozik etorri zen NAIZ Irratiaren estudiora Maialen Beristain, Downen Sindromearen Nazioarteko Eguna izaki, atzokoa bere eguna zelako. Eta bazuen zer esan jendeari: «Ez izan beldurrik Downen sindromea duten pertsonekiko, ezagutu gaitzazu». Jendeak pertsona hauekiko duen begiradari dagokionez, aurkakotasuna baino, ezjakintasuna ikusten du Josu Peñak, Pauso Berriak programako langileak, baina egoera hobetuz doala baieztatu zuen.

Atzegi, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea, «toki oso on bat» da Maialenentzat, topaleku bat. Baita ikasteko leku bat ere, ordularia nahiz dirua erabiltzen ikasi du bertan, baita pertsona askorentzat oso zaila dena ere: bere sentimenduak ulertzen. Oporretara ere joan da Atzegiren eskutik, Saloura eta Benidormera.

Ainhoa Fiz Atzegiko langileak azpimarratu zuen Downen Sindromearen Nazioarteko Eguna garrantzitsua dela kolektibo honi ikusgarritasuna emateko, baina lanketa egunerokoa dela. Atzegik sei hamarkada luze daramatza lanean eta aurrerapausoak izan diren arren, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat espazioak sortzeko lanean jarraitzen du buru-belarri. Hiru multzotan banatzen da euren lana: desgaitasuna duten pertsonak babestuta sentitzeko eta erreferentzia gune bat edukitzeko programa eta zerbitzuak sortzen dituzte; euren familiak laguntzen dituzte; eta jendartea sentsibilizatu, «eraldaketa bat emateko. Hori oso garrantzitsua da».

Duela 61 urte Atzegi sortu zenetik aurrerapauso handiak eman dira, baina lanean segitu behar dela esan zuen Fizek, desgaitasunaren inguruan dauden estereotipoak puskatzeko eta ikuspuntua aldatzeko. «Fokua gaitasunetan jarri behar dugu. Eta gaitasun horiek ikusgarri egiteko ezinbestekoa da adimen desgaitasuna duten pertsonek hori erakusteko espazioak edukitzea. Espazio horiek normaltasunezkoak izan behar dute, hau da, besteok gauden espazio berdinak erabili behar dituzte», defendatu zuen.

 

Pauso Berriak programa

Lan mundua da, noski, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat zabaldu nahi duten eremuetako bat. Atzegik eta Gureak adimen desgaitasuna duten pertsonei lan aukerak sortzen dizkien enpresa taldeak duela 12 urte bultzaturiko Pauso Berriak programak zeregin hori du. Kolektibo honen «garapen sozial eta pertsonala» garatu nahi dute inklusioaren bidez.

Programa honi esker dago lanean Maialen Beristain. Usurbilgo Udarregi ikastolako jantokian egiten du lan. Autobusez joaten da lanera, 10.00etan hasi eta 14.00etan bukatzen ditu eginbeharrak eta pozarren dago bere lankideekin.

Josu Peña boluntario izan da urte luzez Atzegin eta Pauso Berriak programako langilea da orain. Kontatu zuenez, 17 urte zituela hasi zen boluntario, eta elkartearen bitartez iritsi zen Pauso Berriak programara. Bere bizitzaren parte da Atzegi. «Munduko errealitatea beste modu batean ikusten erakutsi dit, eta betirako barruan eramango dut».

Peñak baieztatu zuen nahi baino lan aukera gutxiago dutela Downen sindromea nahiz desgaitasun intelektualen bat dutenek, enpresetan, oro har, lan esperientzia eta formazio zehatzak eskatzen direlako. Fizek aldarrikatu zuen «guztion ardura» dela errealitate hori aldatzea, erakunde publikoena eta jendartearena. Nabarmendu zuen lanpostu bat aukera paregabea dela desgaitasuna duten pertsonentzat, baina baita eurekin lan egiten dutenentzat ere, errealitate berri batera hurbiltzeko aukera ematen dielako.