Jon ORMAZABAL
ESKUA

Ladis Galarzak ez du partida gehiagorik jokatuko profesional moduan

Ladis Galarzak ez du partida gehiagorik jokatuko profesional moduan. Aspek ez dio kontratua berrituko Baraibarko atzelariari eta printzipioz larunbat honetan Labriten agur partida bat jokatzekoa baldin bazen ere –hala iragarri zuen Eibarko enpresak hasiera batean–, atzelariak eskuko mina omen du eta ez da debuta egin zuen pilotalekuan jokatzeko moduan izango.

31 urterekin, Galarza bera zen Aspeko pilotaririk beteranoena, eta Oinatz Bengoetxearen agurraren ostean, baita koadroko zaharrena ere. 2009ko uztailaren 12an, sanferminetan, egin zuen debuta, Asier Berasaluzerekin batera; 15-18 galdu zuten Olaetxea-Eskuderoren aurka. Uneka bolada onak izan baditu ere, nafarrak oso ibilbide gorabeheratsua izan du profesional mailan eta nekez eman du beragandik espero zen jokoa. Kolpe izugarriko atzelaria izan da beti, baina ia inoiz ez du benetako jarraitutasunik izan bere jokoan eta huts gehitxo pilatu ditu lehen mailan puntan aritzeko.

Horren erakusle da bere ibilbidean bi enpresa aldaketa egin izana, pilota munduan oso kasu gutxitan gertatzen den zerbait. Aspen eman zituen bere lehen lau urteak eta 2013an garaiko Asegarcek fitxatu zuen, baina bi urteren buruan Eibarko enpresara itzuli zen berriz.

Buruz buruko lehietan tokirik gabe, binakakoa izan da Galarzaren txapelketa eta denera bost aldiz aritu da pilotari titular gisa. Oinatz Bengoetxearekin egin zuen debuta 2014an eta, ordutik hona, Mikel Urrutikoetxea, Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna eta berriz ere Ezkurdia izan ditu bikotekide. Iazko binakakoan baino ez zuen finalerdietako ligaxkara sailkatzea lortu eta, aurten txapelketatik kanpo geratu ostean, enpresak bere kontratua ez berritzea ez da ezusteko handia izan.

Aurpegi berriak

Azken hilabeteotan Andoni Gaskue eta Aaron Arbizu nafarrak fitxatu ditu Aspek atzeko koadroetarako eta, egungo jaialdi murrizketarekin, esperotakoa zen atzelariren batek enpresa utzi behar izatea. Momentuz, Ladis Galarza izan da jakitera eman duten lehen baja, baina pentsatzekoa da oraintxe min hartuta dagoen Alvaro Untoriak ere nekez jarraituko duela profesionaletan denbora luzean.

Eta plantilla berritzeko asmo horretan, Aaron Arbizuk ezagutzen du jada noiz, non eta zer partidarekin debutatuko duen. Etxarri-Aranatzeko atzelariak Irurtzunen jokatuko du profesionaletako lehen partida apirilaren 8an, Joseba Ezkurdiarekin, Elordi eta Martijaren aurka.