Imanol CARRILLO
ESKUBALOIA - EHF EUROPEAN LEAGUE

Artalekuren laguntzarekin ezer ez da ezinezkoa

Bidasoak emaitza ona lortu nahi du gaur, Last 16ko joaneko partidan, txapelketa irabazteko faboritoa den GOG talde daniarraren aurka.

Liga alboratu eta Kopa behin betiko ahazteko ordua du Bidasoa-Irunek. Asobal Ligako bigarren postuan jarraitzen du talde irundarrak –Granollers hirugarrenarekin 30 punturekin berdinduta dago–, baina iragan berri den asteburuan Antequeran jokaturiko Kopan, katalanen kontrako lehen neurketako luzapenean geratu zen kanporatuta Jacobo Cuetararen taldea. Jasotako kolpea, baina, ezin da aitzakia izan gaur bertan Bidaso-Irunek hasiko duen hurrengo erronkarako.

GOG talde daniar indartsua hartuko du Artalekun Bidasoa-Irunek (20.45, ETB4), EHF European Leagueko Last 16ko joaneko partidan. Apirilaren 5ean itzuliko partida jokatu beharko dute Danimarkan; beraz, gaur gauean emaitza ona ateratzea ezinbestekoa izango da datorren astera bizirik iristeko edo, zergatik ez, aurkariari –daniarrak txapelketa irabazteko faboritoak dira– presioa sartzeko.

Talde gipuzkoarra baldintzatuta iritsi zen Antequerako Kopara, Jon Azkue lesionatuta baitzegoen eta Kauldi Odriozola eta Esteban Salinas ere zalantza baitziren. Oraingoan gauza bera gertatzen zaie gipuzkoarrei, baina egoera agian okerragoa da. Azkuek ez du jokatuko, Salinas txiletarrak min hartu zuen sorbaldan Granollersen kontrako kanporaketan eta Kauldi ere ez dago bete-betean oraindik –minutuak izan zituen hala ere Kopan–. Azken bi jokalarien presentzia zalantzan egongo da azken momentura arte.

Pista faktorea, «gako»

«Ni gehien kezkatzen nauena gure maila ematea eta etxean jokatzeagatik urduri ez jartzea da», azaldu du Jacobo Cuetara entrenatzaileak atarikoan. Ildo horretan, Artalekuk aurkariengan eragiten duen beldurraz mintzatu da, «Europako kanporaketotan pista faktorea gakoa izaten baita horrelako aurkari handien kontra irabazteko».

Bidasoa-Irun bere multzoko laugarren bezala sailkatu da Last 16ra, tartean Olsen Wisla Plock eta Fuchse Berlin talde indartsuak egonda. Hamar partidetatik hiru irabazi ditu, sei galdu eta berdinketa bat lortu. Hori bai, azken jardunaldian, hirugarren sailkatu den Fenix Toulousen etxean txartela eskuratuta jokatu zuen, eta garaipena oso gertu izan zuen. GOG taldeak Last 16ko fase honetara sailkatu diren SL Benfica, HBC Nantes eta TBV Lemgo taldeekin konpartitu du multzoen fasea. Beraz, gaur gaueko aurkariaren maila altua argia da. Hala ere, Bidasoa-Iruneko jokalariak «guztiz ilusionatuta eta oso motibatuta daude», azpimarratu du Cuetarak.

Hori bai, prestatzaileak abisatu du aurkaria «Txapeldunen Ligako maila duen taldea» dela. Izan ere, Danimarkako Ligako liderra da, Aalborgi bost puntuko aldea ateraz, eta European Leagueko final-zortzirenetako kanporaketa honetara bere taldeko lehena bezala sailkatu da. Ez hori bakarrik, bere maila ikusteko, kontuan izan behar da Aalborg EHF Txapeldunen Ligako multzo fasean lider bezala sailkatu dela hurrengo kanporaketara.

«Oso talde sendoa da, Lauko Finalean sartzeko faboritoa, baina gu betiko moduan borrokatuko gara», gaineratu du.

Argi dago faboritismoa GOGi pasa nahi diola Bidasoak, eta ongi egiten du horrela jokatuta. Horrek, baina, ez du esan nahi kanporaketa galdutzat jotzen dutela irundarrek. Izan ere, duela urte gutxi Asobal Ligara itzuli zenetik, taldeak behin baino gehiagotan erakutsi du bere maila eta indarra. Horregatik ausartu da Cuetara honakoa esatera: «Inoiz ez dugu esaten ezer ezinezko misioa denik».

«Gugan sinisten dugu»

«Anbiziotsuak gara eta, Ligan Barçaren kontra egiten dugun bezala, hemen ere saiatu nahi dugu. Ezinezkoa dela pentsatzen badugu, oso zaila izango da ezer lortzea. Gugan sinistu behar dugu eta geure buruarengan konfiantza izan», azpimarratu du entrenatzaile asturiarrak.

Aurkariari buruz, aipatu du «erritmo eta kontraeraso askorekin» jokatzen duen taldea dela GOG. Ildo horretan, prestatzaileak argi du bere taldea ez dela «daniarren erritmoan erori behar. Gure erritmoa erabili behar dugu. Horrek ez du esan nahi gol askoko edo gutxiko partida izango denik. Egokitu egin gaitezke, baina betiere gure ezaugarri eta identitatearekin».

GOG taldeak baja garrantzitsu bat izango du Bidasoa-Irunen aurka. Daniarren jokalaririk onena den Mathias Gidsel hegalekoak lotailu gurutzatua hautsi zuen otsailean. Horrez gain, Viktor Hallgrimsson atezain islandiarra ere duda izango da.

«Helburua itzuliko neurketara bizirik iristea izango da», adierazi du Jacobo Cuetarak klubeko kameren aurrean. «Kanporaketan zehar ahalik eta denbora gehien bizirik egon behar dugu. Horrela aukera gehiago izango ditugu», amaitu du.

Emaitza ona aterata, Ligan zentratu ditzake indarrak Bidaso-Irunek, larunbatean laugarren sailkatua den Logroño La Riojari bisita egingo baitio.