EDITORIALA
EDITORIALA

Premiazkoa da Parisek eta Madrilek jarrera aldatzea

Bake Bideko eta Bakegileetako ekintzaileek Biarritzeko Zerga Zentroa okupatu zuten atzo, frantziar Gobernuari euskal presoekiko politika aldaketa eskatzeko. Besteak beste, Jakes Esnal, Jon Parot eta Unai Parot aska ditzatela eskatzen dute, 32 urte beteko baitituzte kartzelan asteburu honetan. Poliziak indarrez atera zituen. Halaber, halako desobedientzia zibileko ekintzak egiten jarraituko dutela adierazi zuten, frantziar Estatuak espetxe-politika aldatu arte.

Deitzaileek argi utzi zuten Gobernu frantsesak bakea eraikitzeko egin duen ekarpena hutsaren hurrengoa dela. Parisek, Fiskaltzaren bitartez, Parot eta Esnalen espetxealdia luzatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, mendeku jarrera argiki erakutsiz. Gobernuak presoak gatazkako bahitu gisa erabiltzen segitzen du, eta ez ditu onartzen bake-prozesuko parte aktibo gisa. Jarrera politiko ulertezina da euskal gizartearentzat, gatazka gainditzeko eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko urratsak egiten jarraitzen baitu. Eta horien artean gero eta indar handiagoz eskatzen du presoak askatzea. Ezin ulertuzkoa izateaz gain, jarrera ahula da, eta ondorio tragikoak ere baditu; berriki gertaturiko Yvan Colonna preso korsikarraren heriotza, esaterako.

Parisen jarrera itxitik aldenduz, Lakuak atzo aurkeztu zituen preso guztiei aplikatuko zaien Justizia errestauratiboko planaren irizpideak. Politika horrek delituaren ondorioen konponketa lehenesten du, biktimari eta erasotzaileari mesede egiteko. Eta maila zabalagoan, gizarte osoari egiten dio mesede, presoei ematen zaien tratua humanizatzen baitu eta gizarte bidezkoago bat eraikitzeko baldintzak sortzen baititu. Hori bakea eta bizikidetza eraikitzeko ekarpena da, betiere Madrilgo Fiskaltzak oztopatzen ez badu, Joseba Arregi Erostarberen hirugarren graduarekin egin duen bezala. Antza denez, Espainiako Fiskaltzarentzat ez da nahikoa 30 urte espetxean igarotzea eta 75 urte baino gehiago izatea. Parisek eta Madrilek jarrera aldatzea premiazkoa da.