Arnaitz GORRITI
AIZKORA APUSTUA

Txapeldunaren joa eta zortea alde izan ditu Iker Vicentek

Azken oinbikoan atera zaion adar-begiaren erruz, ia bi minutuko atzerapena izan du Mikel Larrañagak Otsagabiko txapeldunaren aurka.

Aizkoraren egungo aginte makila eta, bide batez, 14.000 euro ere bai, jokatu zituzten atzo Iker Vicente nafarrak eta Mikel Larraña gipuzkoarrak Tolosako zezen plazan. Gazte eta heldu, sekula betetzen ez delako munduko zezen plazarik handiena den horretan kopuru handian eta giro beroan bildu ziren zaleak, eta Iker Vicenteren joa eta txapeldunek izan ohi duten zortea ere nola gailentzen ziren ikusi zuten.

Uste baino askoz denbora gutxiagoan bota zituzten 18 enborrak kirolari biek eta Sherpa.ai txapelketako garaile Iker Vicente izan zen irabazle: 47 minutu eta 47 segundotan amaitu zituen lanak. Mikel Larrañagak ere sekulako lana egin zuen, estrategikoki atzetik aurrera egin nahian, baina Vicenterekiko ia parean zela, azken oinbikoa botatzeko sasoian, adar-begi lodi bat atera zitzaion eta hantxe galdu zuen azpeitiarrak Otsagabikoarekiko alderik handiena.

Lan aparta eginagatik, 49 minutu eta 40 segundo behar izan zituen aizkolari gipuzkoarrak eta, beste behin, Vicenteren bizkarra ikustea beste erremediorik ez zitzaion geratu.

«Kristoren poza daukat. Sasoiko etorri naiz eta oso lan ona egin dut», onartu zuen apustua amaitu berritan Iker Vicentek. Bere zaleek lepoan hartu eta zezen plazari buelta ere emanarazi zioten, aizkora eskuan baino arrisku biziagoan jarriz Otsagabikoa.

Estrategia ezberdinak

Egin beharreko lana pentsatuta bakarrik ere nekatzeko modukoa zen: hamabi kana-erdiko eta sei oinbiko. Otsagabikoa oinbikoekin hasi zen eta Larrañaga kana-erdikoekin. Beraz, lehen enborretako aldea ez zen aintzat hartzeko modukoa izan.

Pisua galduta, bizi ekin zion Larrañagak, Urrezko Kopan eman zuen erakustaldia gogoraraziz. Dena dela, hamar minutu eta erdi pasatxoan bota zituen Vicentek hiru oinbikoak. Denbora bertsuan, aurreneko sei kana-erdikoak gerorako atzean laga eta oinbikoei ekin zien Larrañagak berak ere.

Lan-erdietan Iker Vicentek 22 minutu eta 17 segundo behar izan zituen. Mikel Larrañagari bizkarra erakutsi bai, baina azpeitiarra 23 segundora pasa zen lan-erdien mugarritik.

Azken oinbikoa, erabakigarria

Azkenengo oinbikoa izan zen trabeseko gakoa. Enbor horren hasierara 17 segundoko aldearekin sartu zen nafarra, baina gipuzkoarrari, adar-begi lodi askoa atera zitzaion eta ia bi minuturaino joan zen aldea.

Apustua azken laurdenera sartzerako, Iker Vicentek poltsikoan zuen. Tarteka arnasa hartu, kontrarioari begiratu eta lanari ekin. Otsagabikoaren zaleak kolpe bakoitza bultzatu zuten eta, Larrañaga azken enborrari ekin eta gutxira, Tolosako zezen plaza zutik jarri zen Iker Vicentek bere lanak eta 14.000 euroak bereganatu zituelako, txapeldunek duten joa eta zortea berretsiz.

Iker Vicente: «Giro honen berotasuna ikaragarria da»

Pozarren baina lasaiago, adarrak adar, azkenera arte eutsi beharraren garrantziaz mintzatu zen Iker Vicente. «Lan luze bati ekin diogu eta Mikel aurreneko erdian oso ongi ikusi dut. Momentu kritiko baten aurrera pixka bat egin dit; nire oinbikoa eutsi xamarra ote zen eta ikusi dut une horretan apustuak alde egin zezakeela. Ongi prestatu naiz, zorionez, eta eutsi diot eta bukaerara arte jarraitzea lortu dut. Izan ere, ia ordubeteko lanean burutik gauza asko pasatzen dira eta kirola oso gogorra da; aurretik zoazela ere gauzak zail ikusten dira beti», iritzi zion txapeldunak.

«Ongi atera zait apustua baina beste baten beste batek irabazi dezake. (Herri kiroletako) apustu mundu hau ikaragarri gustatzen zait. Mikelen kontra jokatu ahal izatea gauza ederra izan da niretzat, eta hainbesteko berotasunarekin, are ikaragarriagoa», amaitu zuen Otsagabikoak.

Adar-begiari bueltaka baina bere lanarekin gustura amaitu zuen Mikel Larrañagak ere. «Justu-justuan lan betean zoazenean, adar bat irteten denean, jai dago. Bestela oso gustura jardun dut, baina xehetasun horretan egin dit alde», onartu zuen.

«Bestela, pozik nago jendeak nola erantzun duen ikusita. Beraz, ezin besterik esan; eskerrik asko ikustera etorri den jende guztiari», amaitu zuen azpeitiarrak. A. G.