Saul Arangibel, Gaizka Aranguren, Lander Aurrekoetxea, Juan Kruz Lakasta *
Ekintzaile antimilitaristak eta intsumiso preso ohiak Iruñeko espetxean
KOLABORAZIOA

Intsumisioa gerrei: plazatik parkera

Plazak gure hirietako gune garrantzitsuenetakoak dira, jolaserako eta topaketetarako eremuak, zeinetan gatazka eta protestak ere ikusarazten diren. Halaxe gertatuko da datorren larunbatean, apirilak 9an, Iruñeko Gaztelu plazan, bertan mundu mailan gerraren aurka altxatu diren ahotsekin bat eginik, intsumisioa, desertzioa eta giza desmilitarizazioa aldarrikatuko baitugu. Protesta uhin hori ezinbestekoa dugu Ukrainan herriak eta bizitzak suntsitzen eta mundua amildegiaren ertzean jartzen ari den ordenamendu globalari aurre egiteko.

Sumindurik eta haserre jasotzen ditugu Ukrainatik heltzen zaizkigun berriak, eta horiek ikustean azken urteotan hiriak bonbardatuak izaten ari diren beste eszenatoki urrunak datozkigu gogora (Siria, Yemen, Palestina…) edota hurbilagoak diren beste batzuk ere, Bidasoa ibaia edo Mediterraneoa itsasoa, alegia, zeinetan milaka pertsona hiltzen diren urtero gerratik ihesean. Gure iragan hurbila ere badatorkigu gogora. Horrela mintzo zen duela gutxi 36ko gerrako umeetako bat Ukrainako errefuxiatuen irudiak ikustean: «Nire amak esandakoa gogorarazten dit egoera honek, nola Frantzia aldera pasatu ginen eta kontzentrazio eremu batean sartu gintuzten, nik urtebete eskas nuelarik».

Kasu honetan mina, sufrimendurako makineria, Moskutik gidatzen da, gero eta autokratikoago eta autoritarioago den erregimen batetik, baina, aldi berean, gerrak militarizazio eta sufrimendu dinamikak eragin ditu Ukrainan ere, milizia neonazien indartzearekin eta 2014tik gerran dagoen Donbass aldean bortizkeria areagotuz. Horrekin batera, Mosku zein Kieveko gobernuek gero eta gogorrago kriminalizatzen dute barne disidentzia, hainbat zigor ezartzen diete desertoreei, eta gutxiengoen eskubide politiko zein kulturalak zapaltzen dituzte behin eta berriro.

Testuinguru horretan, gure haserre eta protestak norabide bikoitzean bideratu behar ditugu. Alde batetik, gerraren bukaera eta okupazio tropen erretirada aldarrikatzen ditugu, eta, bestetik, hausnarketa globalago bat ezinbestekoa zaigu, inbasio hau politika militaristen beste adierazle bat delako, segurtasun promesak baliatuz, arrisku, kalte eta sufrimendu berriak eragiten dituztenak.

Ekialderako hedapena abiatu zuen NATOk 90eko hamarkadan, Europan Errusiarekiko segurtasun konpartituaren ideia baztertuz zein mespretxatuz, Gerra Hotzean izandako garaipen oso eta umiliagarri bat ikusarazi nahian. Horrekin batera, Mendebaldeko potentziek gerra zein parte hartze militarrak mundu osoan jarri dituzte martxan haien interesen mesedetan (behin baino gehiagotan Bardeako poligonoan trebatuak!), horretarako pobrezia eta miseria sortzen duen gastu militar itzela bideratuz. Behin baino gehiagotan, eta azken pandemian berriz ere, horren zentzugabekeria ikusi ahal izan dugu, dirutza hori beste betebehar sozialetara bideratzea askoz onuragarriago bailitzateke. Horrekin guztiarekin batera, bestalde, Europa gotorleku gisa eraiki da, bertara ailegatu nahian milaka pertsona heriotzara zigortuz, edota, behin ailegaturik, milioika lagun apartheid egoera batean bizi izatera kondenatuz, eskubide politiko eta sozialik gabe.

Mundu mailako ordenamendu militarizatu horren eta bere tresna nagusienetakoa den NATOren aurka, eta, aldi berean, Putinen asmo inperialisten aurrean, apirilak 9 honetan “Intsumisioa gerrei” leloarekin hiri ezberdinetan (Iruñea, Bilbo, Zaragoza, Bartzelona, Albacete, Granollers, eta abar…) zabalduko den uhinarekin bat egin nahi dugu. Lurralde, gizarte eta gorputzen militarizazioaren aurrean, desorekak, injustiziak eta sufrimenduak eragiten dituen ordenamendu kapitalista eta patriarkala gainditzeko beharra aldarrikatu nahi dugu, horretarako desobedientzia zibil ez-biolentoaren balioa azpimarratuz.

Horregatik guztiagatik, larunbat honetan plazatik parkera abiatuko gara, mundu osoko ejertzitoen, hurbilenetik hasita, funtzioak salatuz eta gazteluak zein gerra makineriak eremu desmilitarizatu bihurtzeko beharra aldarrikatuz, jai zein intsumisio eremuak, alegia.

*Sinatzaileak: Saul Arangibel, Gaizka Aranguren, Lander Aurrekoetxea, Aitor Balbas, Juan Kruz Lakasta Fernando Mendiola, Daniel Mihura eta Sergio Salinas.