Amaia U. LASAGABASTER
BIGARREN MAILA

Argi bat gutxiago bidean

Tenerifek hiru puntuak eskuratuta, Sanseren dinamika txarra luzarazi du.

SANSE 1

TENERIFE 2


Hiru porrot jarraian Reale Arenan eta bi puntu azken bost jardunaldietan. Une arriskutsua aukeratu du Sansek hain dinamika txarrean sartzeko, gero eta txikiagoa baita erreakzionatzeko denbora-tartea. Teneriferen eraginkortasunak kondenatu zituen atzo txuri-urdinak, baina baita beren ahulezia defentsiboak ere. Eta bidea ez da argituko euren artean sendoago aritzen ez diren bitartean.

Hamar minutu bete eta heldu zen kanpokoen gola, Mariok buruz sartuta. Aurretik jarrita, Tenerife atzean itxi zen eta Sansek ez zuen zirrikiturik aurkitzeko gaitasunik izan. Aukera bakarra azken minutuan heldu zen, baina Leonek baloia kendu zion Karrikabururi azken unean.

Partida ez zen aldatu atsedenaren ostean. Alta, Tenerife gero eta atzerago zegoela aprobetxatuz eta aldaketen hauspoarekin, Sansek aurrera egin zuen. Romerok baloi dotorea jarri zuen eta Karrikaburuk ez zuen asmatu, baina hurrengo jokaldian berdinketa heldu zen. Roberto Lopezek zabaldu zuen, Romerok erdiratu eta Navarrok hiru atzelarien artean errematatu zuen.

Itxura ona hartu zuen neurketak, baina istorioa, beldurrezko istorioa, errepikatu zen etxekoek markagailuari buelta emateko aukera gertuen ikusi zuten unean. Bigarren zatian lehen aldiz zelai-erdiko marra gainditu eta 1-2koa sartu zuen Tenerifek, Mollejoren erdiraketa Eladyk buruz errematatuz.

Ibiza-Eibar

Eibarrek lidergoa defendatuko du Can Missesen (18.15, Movistar+). Armaginek ez dute irabazi etxetik kanpo otsailaz geroztik eta Ibizak hiru puntu lortu ditu azken bost jardunaldietan.