GARA
DONOSTIA

Helegitea jarriko diote errauste planta eraikitzeko baimenari

Bergarako Udalak iragarri duenez, helegite bat aurkezteko asmoa du Lakuako Gobernuak Valogreene enpresari errauste planta eraikitzeko emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren aurka. Larramendi industrialdeko H partzelan paper hondakinetarako erraustegia ezarri nahi du aipatutako enpresak.

Lakuako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren ebazpen bat jaso zuen Bergarako Udalak joan den apirilaren 8an. Valogreene enpresak paper hondakinen kudeaketarako bultzatu nahi duen errauste plantari Ingurumen Baimen Bateratua eman diola jasotzen du idatziak eta, Bergarako Udalak atzo azaldu zuenez, azaroaren 22an bidalitako alegazioei «ez die erantzuten». Hori dela eta, helegitea aurkeztuko duela iragarri du Udalak.

Alegazioetan ohartarazten zuenez, indarrean dagoen Plan Orokorrak ez du jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegituraren erabilera, «eta beraz, ez dago Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta».

Bestetik, hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez dela bateragarria nabarmendu zuen Udalak, «erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala». Eta, halaber, ez du aintzat hartzen Bergarako hiri ordenamenduak dioenari jarraituz emandako kontrako hirigintza bateragarritasun txostena ere.

Izan ere, iragan otsailean Bergarako Udalak arkitekto zerbitzuburuari eskatu zion aztertzeko Valogreene enpresak bultzatu nahi duen erraustegia bateragarria ote den herriko hirigintza planarekin, eta ezetz ondorioztatu zuen txostenak. Aurretik ere Bergarako Udalak esana zuen proiektua ez dela bateragarria Plan Orokorrarekin.

Herritarren haserrea

Lakuak bidalitako idatziaren arabera, «ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da, eta Ingurumen Baimen Bateratua eman zaio Valogreene Paper BC S.L.-ri, Bergarako Larramendi industrialdeko H partzelako instalazioan Kalkare materialaren ekoizpenerako».

Aitzitik, 2021eko azaroaren 8an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jarduera «Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen baimen integratua» kontzeptuarekin argitaratu zen.

Aurretik, azaroaren 4an, Bergarako bizilagunak kalera atera ziren errauste plantaren aurka daudela adierazteko. “Osasuna interes ekonomikoen gainetik” eta “Errauskailua, ez hemen ez inon” lelopean egin zuten elkarretaratze jendetsua.