GARA
ATHLETIC

Vanesa Gimbertek futbola utziko du sasoi amaieran

Bergararrak 42 urte ditu eta denboraldi bukaeran erretiroa hartuko du. 23 urte eman ditu goi mailan jokatzen, azken 9 urteak Athleticen elastikoa defendatuz.

Ligako jokalari beteranoena da Vanesa Gimbert bergararra. 42 urte bete berri ditu eta goi mailan bere azken partidak jokatzen ari da. Denboraldi bukaeran erretiroa hartuko duela iragarri zuen atzo Athleticek.

Gimbertek 23 urte eman ditu goi mailan jokatzen. 1999. urtean egin zuen debuta, Levanterekin. Lau urte eman zituen bertan eta, ondoren, Huelvako Estudiantesera joan zen urtebetez. Sevillan, Rayon eta Espanyolen hiruna urte eman ostean, Athleticera iritsi zen gipuzkoarra, 33 urte zituela. Elastiko zuri-gorriarekin inoiz debutatu duen jokalari zaharrena bilakatu zen 2013an. Ordutik, azken bederatzi denboraldietan, taldeko ikurra izan da Gimbert. Bere kirol-lorpenen zerrenda ere biribildu zuen 2016an irabazitako liga garaikurrarekin. Orotara, bost Liga eta bost Kopa irabazi ditu eta, beraz, euskal futbolari loriatsuenetakoa da.

«Lezamako bederatzi denboraldietan profesionaltasunaren, diziplinaren eta iraunkortasunaren adibide izan da», adierazi zuen atzo klub bizkaitarrak. Bere erregulartasunaren ondorioz, jarraian jokatutako partiden errekorra ere sinatu zuen Gimbertek, 86 neurketetan jarraian minutu guztiak jokatuz. Orotara, 248 partida jokatu ditu Athleticekin eta 41 gol sartu.

Defentsa lanetan aritu ohi den arren, nabarmendu behar da bere estreinako sasoian 13 gol sartu zituela elastiko zuri-gorriarekin. Aurtengo denboraldian bere parte hartzea murritzagoa izan da, 13 partida jokatu ditu (965 minutu), inoizko gutxien (2020an pandemiagatik liga bere horretan geratu zelako jokatu zituen gipuzkoarrak 14 partida bakarrik).

Maiatzaren 15ean jokatuko du bere azken neurketa egun ligako jokalari beteranoena denak. Athleticek Sevillaren aurka jokatuko du txapelketako azken neurketa Lezaman (ordua zehazteke dago oraindik) eta, klubak nabarmendu zuenez, «zaletuen eta emakumezkoen futbolaren errekonozimendua sentitzeko aukera izango du».

Kontuan izan behar da Athletic zazpigarren postuan dagoela 41 punturekin liga amaitzeko hiru partida bakarrik falta direnean, jada Europan jokatzeko txartela eskaintzen duten postuetara heltzeko aukerarik gabe. Asteburu honetan ez dago jardunaldirik, selekzioen partidak daudelako, eta hurrengo neurketa apirilaren 30ean jokatuko dute zuri-gorriek etxean, Granadillaren aurka. Aste bat geroago Alavesen aurkako derbiaren txanda izango da, Gasteizen, eta maiatzaren 15eko asteburuan itxiko du lehiaketa talde bizkaitarrak Sevillaren aurkako neurketa horrekin. Ahalik eta itxura onena emanez amaitu nahi dute denboraldia bizkaitarrek.