Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Mari Salvesenek irauli egin du offwidht-eko eskalada gogor bat

32 urteko eskalatzaile norvegiarrak Indian Creek-eko (Ameriketako Estatu Batuak) «Belly Full of bad Berries» bidearen bigarren igoeraegin berri du. Salvesenen iritziz, igoera hori estilo horretan zein eskalada tradizionalean dagoen adierazgarrienetarikoa da.

Ameriketako Estatu Batuetako Indian Creek-en ohiz kanpoko albistea jaso berri da. Eskalada eremu horretan artesi zabalek edo offwidht-ek ospe handia dute. Eta hain zuzen ere, horietako batean, Mari Salvesenek goi mailako jarduera sinatu du. 32 urteko norvegiarrak “Belly Full of Bad Berries” bidearen (5.13) bigarren igoera egin du.

Salvesenek zur eta lur utzi du Indian Creek-eko komunitatea; izan ere, marra horretan lehen lerroko makina bat espezialista saiatu dira, baina denak etxera esku hutsik itzuli dira. “Belly Full of Bad Berries” librean igotzen lehena Pete Whittaker izan zen. Eskalatzaile britainiar horri buruz gutxi gehitu dezakegu. Soilik aipatu behar dugu artesietan, offwidht-etan eta eskalada tradizionalean munduko espezialista sasoikoenetarikoa dela. Igoera hori 2011. urtean erdietsi zuen, eta, hortaz, hamaika urte igaro behar izan dira aipatu dugun bide horren lehen errepikapena heltzeko. Eta bitxia den arren, nabarmendu behar dugu Whittaker zein Salvesen “atzerritarrak” direla Indian Creek-en.

Lerrootako protagonistak 5.13 maila duen artesi zabal horretan egin duen lana txalotzeko modukoa izateaz gain, gehitu behar dugu oso eraginkorra izan dela. Horrekin esan nahi dugu ekinaldi gutxi behar izan dituela offwidht hori patrikara eramateko. Hori guztia esan eta gero, norvegiarrak berak hauxeonartu du sare sozialetan: «Egin berri dudan jarduera horrek muga guztiak apurtzen ditu. Zaila baino zailagoa da, eta nire uste apalean eskalada estilo horretan berebiziko garrantzia du».

Gogoratu behar dugu Indian Creek-eko “Belly Full of Bad Barries” munduko artesi zabalen edo offwidht-en artean munduko ospetsuenetarikoa dela. Brad Jackson eskalatzaileak jarri zuen “Belly Full of Bad Berries” foku guztien aurrean. Marraren lehen igoera egin zuen, baina, aipatu ditugun beste bi eskalatzaileak ez bezala, ez zuen bide guztia era askean igo. Ondoren, bisita ugari jaso ditu. Eta horien artean oihartzun zabala jaso zuena Adam Ondrarena dugu. Duela lau urte, eskalatzaile txekiarrak Indian Creek-eko artesiei bisita egin zien. Eta aukeratu zuen horietako bat Salvesenek eskalatu berri duen bide horixe izan zen. Ondrak “porrot” egin zuen. Kirol eskaladan errege den eskalatzaile horrek pare bat ekinaldi egin zuen, baina ez zuen arrakastarik izan: «Ni ez naiz estilo horretan espezialista; izaera horretako artesiak ez ditut inoiz egin. Baina oso motibatuta nengoen ’Belly Full of Bad Barries’ probatzeko. Onartu behar dut nire bizitzako borroka handienetarikoa bide horretan egin dudala”.

Baina Jackson, Whittaker eta Ondra alde batera utziko ditugu Salvenseni ohorezko tarte bat egiteko. Hurrengo lerrootan eskalatzaile norvegiarrak berak luze eta zabal kontatuko digu Indian Creek-eko bide horretan bizi izandakoa.

Indian Creek

«Arrazoi ezbedinengatik, ziur aski, ’Belly Full of Bad Barries’munduko offwidht ezagunena da. Oso estetikoa, argazki ederrak ateratzeko aproposa, marraren oinarrira hurbiltzeko ez dago arazorik... Eta, batez ere, oso zaila; ez du muturreko zailtasuna, baina asko eskatzen du. Eskalada tradizionalean jarduten duten kide askok bezala, bide hori ezaguna nuen. Indian Cree-eko proposamen hori probatzeko ez dut izan plan espezifikorik. Baina duela hilabate batzuk Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatzeko aukera zabaldu zen, eta neure buruari esan nion zerrendan nituen bide guztien artetik ’Belly Full of Bad Berries’-ek lehentasuna izango zuela. Duela bost urtera arte, offwidht-etan ez nuen eskarmenturik. Nire lehen marra Peak District-en (Ingalaterra) eskalatu nuen. Gogoan dut borroka ederra izan zela. Metro bakoitzean mugimendu oso eroak egin nituen. Gorputz osoko atalekin eskalatzen duzu: belaunak, besoak, eskuak... Esperentzia bitxia zein aberasgarria izan zen. Nahiz eta nire lehen offwidht-a izan zen, ondoren, eskalada trazionaleko beste estilo batzuetan jardun dut. Estilo hori ez nuen baztertu, baina hala ere, ez nintzen espezialista bihurtu.

Konturatu naiz nire herrialdean eskalatzaile gehienek artesi zabalak saihesten dituztela. Normala da: Norvegian euri asko egiten du, eta artesi horiek bustita edo hezetasunez eskalatzea ez da batere erosoa. Nik, bederen, estilo horretako bideak igotzen jarraitu dut, eta argi eta garbi dut oinarri sendoa eman didala Indian Creek-en bikain jarduteko. Eskalada eremu horretan baldintzak oso onak izaten dira. Basamortu horretako marra guztiak eskuarki lehor daude; hondarra da eragozpen bakarra.

Artesi zabal horiek eskalatzea berezia da oso. Esango nuke soilik leher eginda zaudenean etsi egiten dela. Hots, aurrera jarraitzeko aukerarik ez dagoenean. Ez dira ohiko erorikoak izaten.

Eskalatu berri dudan bide horri buruz esan behar dut sasoiko behar duzula egon. Berez, ez du misteriorik; egin behar duzun bakarra da mugimendu bera maiz errepikatu. Banekien goi mailako eskalatzaile askok ez dutela marra horretan saririk lortu. Ez nekien ondo moldatuko ote nintzen; izan ere, etxeko hibernazionetik nentorren. Lehen aldiz probatzera joan nintzenean, oso lasai nengoen. Honnolden eta Ondraren bideoak ikusi nituen, eta ohartu nintzen eskalatzaile horiek egin zituzten mugimendu batzuk niretzat ezinezkoak zirela. Baina ondo aztertu ondoren, beste irtenbide bat aurkitu nuen. Ukabilak erabili ordez, nire gorputz osoa buruz behera jarri behar izan nuen. Eta indarrean jarritako estrategia hori bikain atera zen.

Bidaia hau prestatu ahal izateko, entrenamendu gogorrak egin nituen. Neure egoera fisikoa ere asko landu nuen. Boulderreko mugimenduak egiteko gaitasuna dut, baina egun luzeak eta jarraiak direnean hutsik geratzen naiz. ‘Hutsune’ hori konpondu ahal izateko, gehiago jan eta pisuak altxatu nituen.

Etxeko garajean 45ºko artesi zabal bat altxatu nuen. Lehen entrenamenduetan konturatu nintzen ‘Belly Full of Bad Berries’-eko neurriekin alderatuta gaizki antolatu nuela neure burua. Baina okerrak konpondu eta artesi artifizial horretan sasoiko jarri nintzen.

‘Belly Full of Bad Berries’ 25 metro luze da, eta 45ºko eroria du. Ez da munduko offwidth gogorrena; ezta gutxiagorik ere. Baina alde guztietatik begiratuta, berezia da oso. Espezialista indartsuenek zoriondu naute. Estilo horretan jarduten dutenak oso alaiak eta dibertigarriak dira. Eta egundoko berotasuna azaltzen dizute.

Alabaina, haiekin pixka bat nahastuta nago. Ni baino askoz ere indartsuagoak dira, eta oraindik ez dira gai izan bide hori erorikorik gabe igotzeko. Nire bikotekide Petek eta biok soilik arrakasta lortu dugu, eta hori ere oso-oso bitxia da.

Hori guztia aipatu eta gero, onartu behar dut arrakasta hori ez zaidala burura igo. Ia ahantzita dut; izan ere, proiektu berriekin buru belarri jarri naiz. Ez dut muturreko maila amesten; ez, nire xede nagusia motibatzen nauten bideak dira».