GARA
HERRI KIROLAK

Otañoren sasoiak dema eta Arria V.aren apustu gogoak eraman zituen Azpeititik

Beizamarrak 46,57 minutu behar izan zituen ebaki beharreko 20 kana-erdikoekin amaitzeko eta errezildarrak, aldiz, 5 minutu eta 40 segundo gehiago.

«Hau bizi legea da. Ikusi da hauek sasoia dutela eta ni makalduta nago pixka bat eta zer egingo zaio: gazteei paso eman, hauek ikusten gozatu eta ez dago besterik. Hau nik uste dut kolpe erabakigarria izango dela, niri kale edo bale jokatzea gustatzen zait, baina dagoeneko ez dauzkat 30 urte, gerria dela edo belauna dela, beti ezinean eta horrela ez dago hobetzerik». Apustua galdu berritan, berotan, egindako adierazpenak izanagatik, Arria V.ak egindako aitorpenak errezildarrak atzo Azpeitian jarritako 5.000 euroak baino gehiago galdu zuela agerian utzi zuen, halako desafiotan aritzeko gogoa edo har hori ere joan baitzaio antzeko 30 dema baino gehiago jokatuak dituen kirolari zailduari.

Hasterako ere bazekien Xabier Orbegozok lan zailak hartuak zituela aizkolari txapelketan hirugarren izan zen Eneko Otañori halako hordagoa jota. Dirua ere doblean irten zen beizamarraren alde. Baina halakoetan pilatutako esperientzia nahiko izan zitekeenaren konfiantza ere bazuen nonbait. Usteak erdia ustel, ordea. Lehen enborretik bere burua atzetik ikusi eta lan erdietara hainbestean eutsi ostean, azkenerako ia sei minutuko aldea atera zion Otañok ebaki beharreko 20 kana-erdiko lana amaitzen.

Hasi eta buka

Azpeitiko zezen plazan bazen ikusmina Urola aldeko derbian gerta zitekeena ikusteko, baina hasterako argi geratu zen Otañok beste sasoi puntu bat duela gaur egun. Bakoitza plazara berak eramandako enborretatik hasi zen arren, lehen kana-erdikoan 17 segundoko aldea atera zion beizamarrak errezildarrari. 1,15ean ebaki zuen lehen enborra Otañok eta 1,32 behar izan zituen Arria V.ak.

Eta hasierako urduritasuna baretzen joan zen heinean, Otañok aldeak areagotu baino ez zituen egin. Bosgarren kana-erdikoan ia minutukoa izan zen gazteenaren aldeko aldea –9,28 eta 10,20– eta lan erdietarako errezildarraren desabantaila ia bi minutukoa  –21,04 eta 22,56– izatera iritsi zen.

Lan erdietara arte hainbestean eutsi zion arren –beti izaten da aurkariari korapilo bihurriren batek lanak hondoratzeko esperantza–, lana pilatzen joan zitzaien eran buruak ere bere lana egin zuen eta aldeek handitu baino ez zuten egin. Garailea nor izango zen argi izanda, markak hartu zuen apustuaren interesa. Baziren lanak 45 minutuz azpitik egitearen inguruko apustuak, baina azkenerako, egur bihurriren bat eta emoziorik eza tarteko, irabazleak 46,57 minutu behar izan zituen 20 kana-erdikoak mozteko; 52,37, plazan bere azken enborrak izan zitezkeenak mozteko, Arria V.ak.