Ane URKIRI ANSOLA
Elkarrizketa
ESTHER ARROJERIA
BERA BERAKO JOKALARIA

«Pistan erakutsi beharko dugu faboritoak garela»

Esther Arrojeria (Usurbil, 1994) bere hamargarren denboraldia ari da jokatzen Bera Beran. Irrika bereziarekin da Kopako lehen partidaren atarian, bere txapelketa gogokoena baita. Hala, txapelketa «etxean» jokatzea «pribilegioa» dela iritzi du. Gaurko lehen partida zaila izango dela onartzen duen arren (20.30, Illunbe), usurbildarrak ez du ezkutatzen «faboritoak» direla.

«Gogo izugarria dugu gure zaleen aurrean jokatzeko», onartu du Esther Arrojeriak. Liga denboraldi hain monotonoan, inflexio puntua izan daiteke Kopa, eta usurbildarra baiezkoan da, «batez ere, ondo ateratzen bazaigu». Hori bai, «ez dugu ahaztu behar Ligan ere baditugula erronkak», ohartarazi du. Baina lehendabizi Kopa dute aurrez aurre, hasteko Aula Valladoliden aurkako final laurdena. Jendea erantzuten ari da gainera –2.600 bonu inguru saldu dira–. «Gehiago ezagutzen gaitu jendeak eta horrek sekulako poza ematen digu», onartu du.

 

Giro berezia eragiten du beti Kopak. Ligaren erdian, gainera, inflexio puntu bat ere bada, ezta?

Bultzada bat eman diezaguke, apirilera-maiatzera denboraldia bukatzeko gogoz heldu ohi baikara. Indarrak apurka-apurka agortzen joaten dira, baina, Kopa iristean, inkontzienteki, beste fase sartzen zara eta min guztiak atzean uzten dira. Eta, batez ere Kopa ondo joaten bada, beste bultzada bat emango digu maiatzean geratzean zaizkigun partida horiei aurre egiteko. Ze ez dugu ahaztu behar hor ere baditugula erronkak aurretik.

 

Etxean jokatzeak taldearentzat alde positibo gehiago izango ditu negatiboak baino?

Gure zaleen aurrean arituko gara eta Illunbek oso ondo erantzungo du. Beraien babesa izango dugu une oro; azaldu ezinda da hainbeste jende zuri begira dagoela ikusteak, kasik zurekin jokatzen ari dela ikusteak ematen duen indarra. Gascan Europako partidetako aurkezpenetan zure izena esaten dutenean, ateratzen zaren momentu hori, denak txaloka dauden une hori, oilo ipurdia jartzeko modukoa izaten da. Horrelako zerbait irudikatzen dut Kopan. Egia da presio hori existitu, existitzen dela. Ez da soilik etxeko taldea garela, Liga eskuratzear gaude eta paper gainean faboritoak garela nabarmena da, baina pistan erakutsi beharko dugu hori eta zaleek asko lagunduko digute.

 

Amaia Gonzalez de Garibay Aula Valladolideko jokalariak esan duenez, koadroko zein aldetan hasi zuek aukeratu duzuenez, presio gehiago izan dezakezue.

Aukeratzeko aukera izate horrek berez abantaila ematen dizu, baina final laurdenetan irabazten ez baduzu, ez du oso ondo hitz egiten zuri buruz. Hala ere, ez genuen koadroa aukeratu lehenengo partidagatik bakarrik, ibilbide osoa begiratuz baizik. Badakigu Aula Valladolid bezalako talde bat ez dela batere erraza menderatzen, are gutxiago partida bakarrera.

Zein da beraien punturik indartsuena?

Ez dizute arnasa hartzeko denborarik uzten. Ez soilik gola sartu edo baloia errekuperatzen dutenean, kolpe frankoetan ere edozein despiste aprobetxatzeko gai dira. Ez duzu taldekideekin aurreko jokaldiaren gainean eztabaidan aritzerik, ze segituan jartzen dute baloia jokoan, etan konturatzerako, gola egin dizute. 60 minutuetan %100 kontzentratuta egon beharko dugu.

 

Eta zuen indarguneak? Defentsa eta kontraerasoa?

Bai, zenbakiak ikusita, gainera, argi erakutsi dugu hori hala dela. Defentsan ondo gaudenean eta atezainak laguntzen duenean, normalean biak batera doazela, hor izaten ditugu aukera gehienak eta partida honetan ez da ezberdina izango.

 

Zu zeu nola zaude joko aldetik?

Bada, nahiko ondo. Zorionez lesioek errespetatu egin naute, ez naiz kexatzen. Aurten, denboraldi hasieratik nahiko ondo aurkitu naiz, jokoan galdu nituen alderdi batzuk berreskuratzen; kanpoko ezusteko jaurtiketa hori nahiko alboratua nuen eta aurten partidaren batean zertxobait agertu da.

 

Nola gogoratzen dituzu azken bi Kopa edizioak?

Porrot gogorrak izan ziren, bai bata eta bai bestea. Final laurdenetan inoiz kalean geratu gabeak ginen Bera Berara heldu nintzenetik eta orain bi urte gertatu zen. Egia da Kopa berezia izan zela; denboraldi hasieran jokatu zen, faktore asko egon ziren, taldea ez zegoen guztiz “engrasatuta”... Iaz, berriz, Malagaren aurkako final laurdenetako partida jada asko kosta zitzaigun eta, irabaztea lortu genuenean, bazirudien urrats handia eman genuela. Finalerdietara iritsi eta horrelako kolpea jasotzea, bereziki gogorra izan zen. Arantza hori kentzeko irrikaz gaude.

 

Eta irabazitako azken Kopa nola gogoratzen duzu?

Lasesarren irabazi genuen. Oso oroitzapen onak ditut. Lasesarre ere pabiloi nahiko handia da, hiru egunetan nahiko beteta egon zen, finaleko sarrerak agortu egin ziren... Donostiatik eta Gipuzkoatik jende asko hurbildu zen. Final-laurdenetako partida oso gogorra izan genuen Rocasaren aurka eta, gero, hobetoxeago joan zen.

 

Final hura Bera Bera-Aula Valladolid izan zen...

Bai, egia da! Gainera, lesio dezenterekin iritsi ziren Kopara. Horregatik diote talde arriskutsurik baldin badago Kopa bezalako txapelketa batean, Aula Valladolid dela talde hori. Arreko edizioetan argi erakutsi du.