Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Europako WSL Junior zirkuitua:Surflari gazteak sasoi betean

Hastear da Europako Junior zirkuitua. Urrira bitartean egingo diren sei lehiaketetatik bina surflari sailkatuko dira nesken zeinmutilen kategorian, abenduko munduko Junior txapelketan lehiatzeko. Sasoi betean dira 20 urtetik beherako euskal surflariak.

Maiatzaren 4an hasiko da 2022ko Europako Junior itzulia eta aurten ere euskal ordezkaritza zabala izango da. Lehen txapelketa Marokon izango da eta azkena, urriaren 14an, Hossegorren. Sei txapelketako itzuliaren ostean nesken zein mutilen kategoriako rankingetan lehen bi postuetan diren lehiakideek munduko Junior txapelketan parte hartu ahal izango dute.

Guztira munduko zazpi eskualdetan egingo diren Junior zirkuituetako lehen bi lehiakideak izango dira hautatuak kategoria bakoitzean; hau da, guztira hamalau neska eta hamalau mutil izango dira abenduan egingo den WSL Junior Championship lehiaketan.

Junior kategorian ordezkaritza zabala da Euskal Herrian eta punta-puntan aritzen dira, gainera, euskal surflariak. Apirilaren 23 eta 24ko asteburuan Euskal Herriko Surf Federazioak antolatuta Zarautzen egin zen gazteen txapelketan ikusi ahal izan zenez, surflari gazteak sekulako sasoian daude eta Europako itzuliari ekiteko prest dira.

2022ko egutegia

Maiatzetik urrira bitartean egingo diren sei lehiaketek osatuko dute aurtengo Europako junior itzulia eta amaieran nesken zein mutilen rankingetako lehen bi lehiakideak izango dira hautatuak, abenduan egingo den munduko Junior txapelketan lehiatzeko. Horretarako, Europako itzulian parte hartzen duten lehiakideek eskuratutako hiru emaitza onenak hartuko dira kontuan rankingeko postuak zehazteko orduan.

Maiatzaren 4tik 8ra bitartean Marokon izango dira Europako lehiakide gazteak, zehatzago, Casablancatik gertu dagoen Ain Diab hondartzan. Segidan, Galiziako ur hotzetara joko dute surflari gazteek; maiatzaren 11tik 15era Ferrolen egingo den lehiaketan izango dira, eta, horren ostean, udako «atsedenaldia» etorriko da, ez baita irailera arte Europako Junior txapelketarik izango.

Udazkenean, ordea, beste lau txapelketa egingo dituzte Junior kategoriako lehiakideek, bi Portugalen eta beste bi Frantzian. Iraileko lehen lau egunetan Portugalgo Espinho eskualdean lehiatuko dira eta handik segidan Bretainiako La Torche lurmuturrera lekualdatuko dira irailaren 7an.

Atseden hartzeko betarik gabe, La Torcheko txapelketa amaitu bezain laster Azoreetara bidaiatuko dute surflari gazteek, irailaren 16tik 18ra bitartean Sao Miguel uhartean egingo den Junior itzuliko bosgarren txapelketan lehiatzeko.

Europako Junior itzuliko azken txapelketa Hossegorren izango da urriaren 12tik 14ra; hau da, leku berean egingo den Challengers Series itzuliko bosgarren lehiaketa egin aitzin. Beraz, izango da bi kategorietan lehiatu beharko duen lehiakiderik, Adur Amatrian zarauztarra kasu, Junior kategoriaz gain Europako QS zirkuituko emaitzei esker Challenger Series itzulian lehiatzeko hautatuak izan diren hamar europarren artean baita.

Esan bezala, sei txapelketako Junior itzulia amaitu ostean nesken zein mutilen Europako rankingetako lehen bi lehiakideak munduko Junior txapelketan parte hartzeko sailkatuak izango dira.

WSL erakundeak oraindik ez du zehaztu munduko Junior txapelketa non izango den, baina abendu hastapenean egingo dela iragarri du. Afrika, Asia, Australia, Europa, Hawaii/Tahiti, Ipar Amerika eta Hego Amerika eskualdeetan egingo diren Junior itzulietako hautatuek eskuratuko dute munduko Junior finalean parte hartu eta titulu mundiala irabazteko aukera.

Gazteak indartsu

Iaz Adur Amatriain eta Janire Gonzalez-Etxabarri izan ziren Europako Junior itzuliko irabazleak; ondorioz, abenduan Taiwanen egin behar zen munduko Junior txapelketan parte hartzeko plaza irabazi zuten, baina azkenean txapelketa bertan behera geratu zen covid-19ak eragindako egoeragatik.

Edonola ere, iaz Europako Junior itzulian euskal surflariek emaitzak esanguratsuak lortu zituzten; izan ere, lehiakide berberek aurten berriz saiatzeko aukera izango dute. Mutilen kategorian Adur Amatrian lehen postuan zen, baina aipatzekoa da ere 16 urte dituen Kai Odriozola donostiarrak ranking europarrean eskuratu zuen hirugarren postua, munduko Junior txapelketarako hautatua izateko zorian izan baitzen.

Nesken kategorian, ostera, Janire Gonzalez-Etxabarrik irabazi zuen Europako nesken Junior itzulia. Bere ahizpa Annettek ere emaitza esanguratsua lortu zuen, 15 urteko surflari zumaiarra zortzigarren postuan geratu baitzen, Juliette Lacome biarriztarraren atzetik.

Esan bezala, Euskal Herriko surflari gazteak sasoi betean dira eta 2022ko Europako junior itzuliari ekiteko prest dira, baina baita datozen urteei begira ere, zeren aipatu lehiakide guztiek 18 urte baino gutxiago dituzte eta iaz Junior kategoria 20 urte arte zabaldu zen. Hau da, iaz arte adin muga 18 urte artekoa zen Junior kategorian. Edonola ere, euskal surflariek osatzen duten belaunaldi berria zinez gaztea da eta datozen urteetan zeresan handia emango du.

Margaret River

WSLko lehen mailako itzuliari dagokionez, berriz, datozen orduetan amaituko da Australiako Margaret River urautsi mitikoan egiten ari diren CT itzuliko bosgarren lehiaketa. Horren ostean, rankingeko aurreneko hamar (neskak) eta 22 (mutilak) postuetan egotea lortu ez duten lehiakideak kanpoan geratuko dira eta aurrerantzean CS zirkuituan lehiatu beharko dira hurrengo urtean lehen mailan egon ahal izateko.