GARA
NEW YORK

Errefuxiatu palestinarrek nazioartearen ahanzturasalatu dute

Errefuxiatu palestinarrei laguntzen dien Nazio Batuen agentziak (Unrwa) zerbitzu batzuk beste agentzia batzuei utziko dizkiela iragarri du, bere arazo ekonomikoak direla eta. Palestinarrek gero eta baztertuago ikusten dute beren burua nazioartean, Israelen pozerako.

Apirilaren 24an eman zen jakitera berria eta hautsak harrotu ditu palestinarren artean. Nazio Batuen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko (Unrwa) komisario nagusi Philippe Lazzarinik laguntza helarazteko beste era batzuk aurkitu beharko dituztela ohartarazi zuen, diru faltagatik.

1.600 milioi dolarreko aurrekontua du Unrwak (1.500 milioi euro) eta 30.000 langile. Horrela, bada, oinarrizko zerbitzuak (heziketa, osasuna…) eskaintzen dizkie Libanon, Sirian, Jordanian, okupatutako Zisjordanian eta Gazako eremuan sakabanatuta dauden 5,7 milioi errefuxiatu palestinarrei.

«Soilik emaileen diruaren menpe egoteak ez du zentzurik», azaldu zuen Philippe Lazzarinik. «Aukera bat aztertzen ari gara eta zera da, kideen laguntza beste zerbitzu batzuen bidez ematea, betiere Unrwa-ren izenean eta kontrolpean», gaineratu zuen.

Izan ere, 2020. urte amaieratik hona bere historian izan duen krisi ekonomikorik larriena bizi du agentziak eta, horri aurre egiten ez bazaio, Gazan eta Libanon bizi diren errefuxiatuentzat hondamena izango dela ohartarazi zuen.

Joe Bidenen Ameriketako Estatu Batuek Unrwari dirua emateari berrekin diote, Donald Trumpek laguntza guztiz moztu ondoren. Hala ere, agentziak 100 milioi dolarreko defizita aurreikusten du bere 2022ko aurrekontuan. Hori, gainera, «Ukrainako krisia dela eta, jakien prezioaren igoera kontuan hartu gabe», azaldu du Tamara Al-Rifai bozeramaileak. Auziak teknikoa eta administratiboa dirudi, baina eragina izango du palestinarrengan.

Haserre eta kezkati

Palestina Askatzeko Erakundea (PAE) haserre agertu da. Mohammed Shtayyeh Palestinako Aginteko (PAN) lehen ministroak neurri horiek Unrwa sortu zuen Nazio Batuen ebazpena bertan behera uzten dutela salatu du. «Unrwa desegiteko saiakera baten hasieran gaude», deitoratu du Hamas alderdi islamistako bozeramaile Mohammed al-Madhoun-ek.

«Auzia ez da soilik zerbitzuak ematea, ardura baizik», gogora ekarri du Mohammed Shehadak, Genevan dagoen Giza Eskubideen Behatoki Euro-Mediterraneoko adituak.

«Unrwa desegiteak mezu argia dakar, palestinarren zioa ez dela lehentasuna nazioartearentzat, beraien auzia soilik humanitarioa dela, ez gehiago», gaineratu du Shehadak, 1948an Israelek euren etxetik bidali zituen palestinarren eta haien familien «itzultzeko eskubidea palestinarren izaeraren ardatzetakoa» dela gogoraraziz.

Jerusalem Development Fund-eko zuzendari Samer Sinijlawi-ren ustez, Unrwako agintariaren oharpena palestinarrei begirako «zunda-baloi» bat izan daiteke, agentziaren agindua berritzeko Nazio Batuen Erakundean 2023an egingo den bozketaren bezperatan.

Lazzariniren adierazpenak «argi berdea ematen die agentziaren lanarekin amaitzeko asmoa duten herrialdeei, agindua ez berritzeko», dio lurralde palestinarretan garapen humanitarioaren alde egiten duen GKEko zuzendariak.

Errefuxiatu palestinarrek ez dute Unrwa aldatzea nahi, bere agindua betetzea baizik, alegia, «Israelek nahi ez duen errefuxiatuen itzulera eskubide besterenezina ziurtatzea», gaineratu du Sinijlawik.

«Unrwa desegiten badute edota bere zerbitzuak kanporatzen badira, palestinarrei dagozkien eskubideak kolokan jarriko dira», esan du agentziaren bozeramaile ohi Chris Gunnessek.