Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Janja Garnbret, inoizko onena

23 urteko esloveniarrak, iazko lehen urre olinpikoa lortzeaz gain, IFSCk antolatutako Munduko Kopan 32 garaipen lortu ditu.

International Federation Sport Climbing erakundeak martxan ditu aurtengo denboraldiko zirkuitu nagusiak: Munduko Kopa eta Munduko Txapelketa. Eta lehiakide sasoikoenen artean, batek protagonismo berezia izango du.

Janja Garnbreti buruz ari gara. Nesken zein mutilen tituluak ikusita, aitor genezake esloveniarrak historia egin duela, bene-benetan. Gizonezkoen palmaresak erraz gainditu ditu esloveniarrak. Datuak objektiboak dira: lehen urre olinpikoa irabazteaz gain, Munduko Kopan 32 titulu (18 boulderrean eta 14 zailtasunean) eskuratu ditu. Horrez gain, podiumera 49 aldiz igo da. Eta hori guztia joan den apirilera bitartean lortu du.

Meiringenen (Suitza) jokatutako Boulderreko Munduko Koparen lehen proban sinatu zuen azken garaipena. Hori egin eta gero, baieztatu zuen zirkuitu horretan ez dela lehiatuko; bai, ordea, zailtasunekoan.

Hasieratik, bikain

Esloveniako iparraldeko Slovenj Gradec herrian jaio zen Garnbret, eta 6 urterekin rokodromo bat bisitatu zuen. Hasiera-hasieratik argi eta garbi utzi zuen, lehia gustuko izateaz gain, gaitasun itzela zuela eskaladarako. 13 urterekin boulderreko zein zailtasuneko Europako txapelketak irabazi zituen gazteen kategorian. Arrakastok ikusita, ISFC erakundearen zirkuituetan lehiatzen jarraitu zuen. 2014an eta 2015ean, nagusitasun osoa erakutsi zuen berriz ere Munduko Txapelketan. 

Garnbret 16 urterekin hasi zen seniorren kategorian lehiatzen. Den-denak zur eta lur utzi zituen berehala: 2016an, 2017an, 2018an eta 2021ean Zailtasuneko Munduko Kopa patrikara eraman zuen. Eta 2019ko boulderreko titulua ere etxera eraman zuen. Hori gutxi ez, eta 2016tik 2019ra bitartean Munduko Txapelketako erregina izan zen: sei urre sinatu zituen.

Duela hiru urte, inork ez zuen zalantzan jartzen jada esloveniarraren ibilbide oparoa. 20 urte eskasekin historia egina zuen, besteak beste, denboraldi batean IFSC erakundearen zirkuitu guztiak irabazi zituen lehiakide bakarra izan zelako. Hori bai, Tokioko Olinpiar Jokoetan eman zuen erakustaldiak azpimarra berezia behar du. Abiadurako proban irrist egin zuen, baina egoera hori boulderreko hitzorduan irauli zuen. Aise gailendu zen. Zailtasunean ere berdin. Urrezko domina lortuta, beste behin ere, historia egin zuen.