GARA

ABORTUAREN AURKAKO ESKUIN KRISTAU AMERIKARRAREN GARAIPEN ILUNA

Abortatzeko eskubidea urratzearen alde Auzitegi Gorenak osatu duen zirriborroa ebazpen bihurtzen bada, eskuin kristau amerikarren garaipen baten aurrean geundeke, joan den mendeko 50eko hamarkadatik hona bere muturreko ideiak zabaldu eta inposatzen aritu ostean.

Katolikoen artean sektore atzerakoienek protestante ebanjelistekin bat egin zuten hasiera-hasieratik  “Roe versus Wade” ebazpen historikoaren aurka, 1973tik emakumeei abortatzeko eskubidea bermatzen dien jurisprudentziaren aurka.

Ordutik hona, itun hori mundu osoan gauzatzen ari den gerra kulturalaren fronte guztietara hedatu da: feminismoa, arrazakeria auziak, laizismoa, LGTB eskubideak.

Aliantza oso ahula zen, orduan, mugimendu progresistarekin alderatuta, baina apurka-apurka politika guztia baldintzatzera iritsi da, udaletatik hasi eta Etxe Zuriraino.

Donald Trump 2016an presidentetzara iritsi zenean, pauso handi bat eman zuen. Agintaria ez zen ordura arte abortuaren aurkakoa, baina kristau ebanjelista rigoristen (musulmanak balira, «fundamentalista» hitza erabiliko lukete askok deskribatzeko) botoak lortzeko, fededunetan fededunena bilakatu zen sekula moral izpirik izan ez duen New Yorkeko enpresari ustela.

Hala, bere agintaldian Auzitegi Gorenerako hiru epaile ultrakontserbadore izendatu zituenean, profeta bat balitz bezala goratu zuten fundamentalistek. Ondorioak orain ikusten eta sufritzen ari dira emakumeen eskubideak.

Izan ere, Gorenaren ebazpen-zirriborroak «eskubide konstituzionalari dagokionez hiru belaunalditan atzera egitea ekarriko luke», Columbia unibertsitatean Zuzenbideko irakasle Katherine Frankeren iritziz.

«Orduan atsekabetuta geunden»

Russell Moore Christianity Today erakundeko teologoa eta ekintzaile kristau ebanjelista da. 70eko hamarkadan abortuaren aurkako auziak ez zuela inolako oihartzunik oroitzen du. «Roe babesten zuten asko beldur ziren bizitzaren aldeko mugimenduak (abortuaren eskubidearen aurkakoak) desagertzear zeudelako», gaineratu du.

Garai hartan, katolikoek eta ebanjelistek lobby mediatikoa sortu zuten eta elizetan zabaldu zituzten beraien mezuak.

Diru-iturri handiak zituzten, abortuaren aurkako hautagaiak babestu eta bultzatu zituzten eta gero eta eragin handiagoa lortzen hasi ziren.

Ronald Reagan 1981ean presidente izendatu aurretik, abortuaren aurkako jarrera politika atzerakoien ardatz bilakatu zen eta politikan karrera egin nahi zuen errepublikano orok bere egin behar zuen ezinbestean.

Moorek azaldu du osasun teknologiako aurrerapenek mugimenduari bultzada eman ziotela; batez ere, ume goiztiarren zaintzaren arlokoek, uterotik kanpo umeki baten bideragarritasuna handitu zelako.

Bide batez, ekografiak ugaritzearekin, «gero eta zailagoa zen jaiotzear zen ehun edo zelula multzo bat bezala aurkeztea», gaineratu du.

Aldi berean, mugimenduak indar politiko bat sortu zuen Washingtonen, AEBen bihotzean, Auzitegi Gorenean bere aldeko epaileak jartzeko helburuarekin. «Hasieratik argi geneukan auzia auzitegian erabakiko zela», gogoratu du Moorek.

Opus Dei eta Leonard Leo

Kanpainaren atzean Leonard Leo dago, garai hartan Gorenean atzerakoiena zen Clarence Thomas epailearen laguntzailea eta Opus Dei erakunde katolikoan zeresan handia duena. Isilean, gero eta eragin handiagoa lortu zuen Opus Deik Washingtonen.

90eko hamarkadaren bukaerarako, Leonard Leok Ameriketako sistema judizialean sare oso bat hedatuz epe luzera begirako eragina bermatu zuen. Bere Federalist Society erakundeak dozenaka milioi dolar jasotzen ditu.

“The Washington Post” egunkariaren ikerketen arabera, Leonard Leok eragin handia izan zuen George W. Bush-en presidentetzan 2000. urteen hasieran; batez ere, Gorenerako bi hautagairen zerrenda inposatzeko: Samuel Alito, ebazpenaren zirriborroaren egile eta defendatzailea, hain zuzen, eta egungo presidentea, John Roberts, berau kasu honetan, eta beste batzuetan, epaile progresisten alde jarri bada ere.

Leok Etxe Zurian zituen kontaktuen artean Brett Kavanaugh zegoen, egun Samuel Alitoren jarrera babesten duen Goreneko epailea.

Inkestetan, estatubatuarren gehiengoa abortatzeko eskubidearen alde dago, baina aurkako mugimenduak auzia 2016ko presidentetzarako hauteskunde-kanpainaren erdigunera eramatea lortu zuen. Trump abortua gaitzesten hasi zen.

Are gehiago, erlijioa bost axola zitzaion agintariak Mike Pence aukeratu zuen presidenteorde izateko. Pence ebanjelista da eta Indianako gobernadorea zenean abortatzeko eskubidearen aurkako neurri zorrotzak inposatu zituen.

Bide batez, Auzitegi Goreneko epaile izateko hautagaien zerrenda iragarri zuen, Leonard Leok eman ziona.

Gauzak horrela, ebanjelisten artean botoen %80 eskuratu zituen, bere bizitza pribatuan hainbat eskandalu zituen Trumpen garaipenerako erabakigarria izan zena.

“Roe v Wade” ebazpena deuseztatzea izugarrizko garaipena da kristau ebanjelisten mugimendu rigoristak duela mende erdi ekin zion borroka luzean.

Halere, Russell Moorek hau dio: «Gure artean gehienok bat gatoz ez dela gudaren amaiera, fase berri bat baizik». Hurrengo urratsa, AEBetako 50 estatuetako parlamentuetan abortua debekatzea izango da.