GARA
SASKIBALOIA

Aspaldiko arratsik lasaiena izan zitekeen...

BASKONIA 91

ZARAGOZA 59


Indar Baskoniako kide batek sarreran eranskailu bat pegatzeagatik sortu zen zalapartagatik izan ez balitz –segurtasun enpresako kideek ez zioten sartzen utzi eta zale talde osoak pabiloia utzi zuen bigarren laurdenean–, aspaldiko arratsik lasaiena izango litzateke atzokoa Zurbaon, kantxa barruan oso erraz nagusitu baitzitzaion Baskonia Zaragozari (91-59). Atzoko garaipenarekin, gainera, gasteiztarrek sailkapeneko seigarren postuan egonkortzea lortu dute eta play-offei begira ahalik eta posturik onena lortzen saiatzeko borrokan ere aurrerapausoa eman dute.

Bada itxaropenerako beste datu aipagarri bat ere: taldeko gizonik garaienetakoak diren Simone Fontecchio (19 puntu), Matt Costello (15) eta Steven Enoch (15) izan ziren onenak, eta jakina da aurtengo Baskoniak gabeziak non dituen.

Hasi eta buka

Lehen minutuetan Zaragozak markagailuan alde txikiren bat izan bazuen ere, Baskoniak azkar asko erantzun zion 10-0ko partzial batekin eta berea izan zen partidaren aginte makila une oro.

Lehen laurdena amaitzerako zazpi puntuko aldea lortu zuten Spahijarenek (20-13) eta hortik aurrera etxekoen aldeak etengabe egin zuen gora. Kilpatricken kontraeraso bizkorrek min apur bat egin bazieten ere gasteiztarrei, partidari erritmo lasaia ezarri zioten etxekoek, eta, talde baten eta bestearen arteko kalitate aldea hain zen handia, erraz egin zutela ihes markagailuan. Aldageletara 46-29 iritsi ostean, bigarren zatia guztiz sobran egon zen.