Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Margaret River Pro 2022: Nichols eta Robinson txapeldun

Isabella Nichols eta Jack Robinson australiarrak nagusitu dira Margaret Riverren. Txapelketa ikusgarria izan da, olatu handi eta zailekin. WSL denboraldiko lehen zatia amaitu eta lehen kaleratzeak gauzatu dira.

Maiatzaren 4an amaitu zen CT itzuliko bosgarren txapelketa Australia mendebaldeko Margaret River urautsi mitikoan. Izugarrizko baldintzak izan ziren, olatu handiak eta zailak, eta, ondorioz, ikuskizuna ere itzela izan zen. Azkenean, Isabella Nichols eta Jack Robinson lehiakide australiarrak gailendu ziren. Bigarren postuak, ostera, bi hawaiiarrentzat izan ziren, Gabriela Bryan nesketan eta John John Florence mutiletan.

Margaret Riverreko txapelketa garrantzitsua zen, lehen mailan jarraituko duten lehiakideak nortzuk izango diren zehazteko txapelketa erabakigarria baitzen. Izan ere, bosgarren lehiaketa amaituta CT itzuliko lehen zatia ere amaitu da eta rankingean behar adinako postua lortu ez duten lehiakideak kaleratuta geratu dira. Soilik nesken rankingean lehen 10 postuetan egotea lortu dutenek eta mutilen rankingeko lehen 22 lehiakideek jarraituko dute lehen mailan lehiatzen. Gainera, hurrengo urtean lehen mailan jarraitzeko bermea ere eskuratu dute. Gainontzeko lehiakideek, alegia kaleratuta geratu zirenek, Challenger Series itzulian lehiatu beharko dute berriz ere lehen mailara itzuli ahal izateko.

Aldaketa esanguratsuak izan dira lehen mailako rankingetan Margaret Riverreko txapelketaren ostean. Horren erakusle, nesken kategorian Brisa Hennessy Costa Ricako surflariak hartu du lehen postua. Mutilen kategorian, berriz, Filipe Toledo brasildarrak jarraitzen du CT rankingeko buruan.

Australiarrak nagusi

Aurtengoan ere olatu handiak eta baldintza zailak izan ziren Margaret Riverren, baina ohikoa baino baldintza zailagoak izan zirela esan daiteke, lehiakideek olatuak mendean hartzeko zailtasun handiak izan baitzituzten. Horrek, baina, are eta ikusgarriagoa bilakatu zuen ikuskizuna.

Asko ziren Margaret Riverreko txapela eskuratzeko behar edo nahi berezia zuten lehiakideak, baina haien artean baziren bi bereziki txapelketa irabazteko itzelezko gogoa erakutsi zutenak, Isabella Nichols eta Jack Robinson. Biek lortu zuten txapela, nahiz eta horretarako larrua arriskatu behar izan zuten. Isabella Nicholsen kasuan, gainera, literalki esan daiteke larrua arriskuan jarri zuela, txandetako batean uharrien gainean erori eta eskuetan zauriak egin baitzituen.

Nicholsek emaitza ona lortzeko beharra zuen, izan ere, WCT rankingean 12. postuan zegoen, eta, beraz, rankingean gora egiten ez bazuen txapelketa amaitu ostean lehen mailatik kaleratuta geratuko zen. «Atzo tourra uztea pentsatzen ari nintzen, baina orain helburuak aldatu dira», azaldu zuen 23 urteko Gold Coasteko surflariak final irabazi eta gero.

Jack Robinsonen kasuan, lehen mailatik kanpo geratzeko arriskurik ez zuen arren, txapelketa oso berezia zen: etxean bertan aritu zen 24 urteko surflaria, surf egiten hazi zen Australia mendebaldeko urautsi mitikoan. «Aspaldi etxean izan gabe nintzen eta bidaia hau oso laburra izan da. Horregatik poz handia eman dit ahalik eta gehien baliatu izanak», azaldu zuen mutilen kategoriako irabazleak.

John John Florencek sekulako puntuazioak lortu zituen txanda guztietan, eta bera zen faboritoa. Olatu handi eta zailetan ezinezkoak ziruditen birak egin zituen, finalean ere bikain aritu zen, baina ez zuen Robinson garaitzea lortu, australiarrak itzelezko bi olatu egin baitzituen.

Mutilen finala sekulakoa izan zen. Olatuen tamaina ez zen aurreko egunetan bezain handia izan, baina, hala ere, bi lehiakideek haien onena eman zuten eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten finalak irain zituen 35 minutuetan. Bi olatu hoberenekin 8,07 eta 8,17 puntu bildu zituen Robinsonek, eta Florencek, berriz, 8,50 eta 7,10 puntu.

Robinsonen esanetan, «oso berezia izan da John Johnekin lehiatzea, aurrez inoiz buruz buru lehiatu gabe ginen, baina berak beti ateratzen du nire surf hoberena eta atsegina izan da». Aurrera begira, «oraindik bide luzea» geratzen dela aitortu eta jada hurrengo txapelketari begira dela nabarmendu zuen.

Lehen kaleratzeak

WSL itzuliko lehen zatia amaitu da. Margaret Riverreko txapelketaren ostean aldaketa esanguratsuak izan dira nesken zein mutilen rankingetan, baina garrantzitsuena lehen mailatik kaleratutako lehiakideen zerrenda da. Nesken kategorian, aurrerantzean soilik hamar lehiakide izango dira eta haien helburua lehen bost postuetako batean egotea izango da irailean Trestlesen egingo den Final Handian lehiatu ahal izateko. Mutilen kasuan ere helburu bera izango dute lehen mailan jarraitzen duten 22 lehiakideek.

Nesken kategorian kaleratutako lehiakideen artean iaz lehen postuetan aritu ziren honako hiru surflariak hauek aipa daitezke: Sally Fitzgibbons, Caroline Marks eta Malia Manuel. Aurten, ordea ez dute behar adina puntu bildu lehen mailan jarraitzeko eta aurrerantzean Challenger Series itzulian arituko dira.

Mutilen kategorian ere izan da ezustekorik. Azken urteetan ezagun egin diren zenbait lehiakide kaleratuak izan baitira, esate baterako, Owen Wright beteranoa, Conner Coffin, Morgan Cibilic, Frederico Morais eta Leonardo Fioravanti.

WCT eta CT rankingei dagokienez, egun Brisa Hennessy eta Filipe Toledo dira buruan. Nesken rankingean Carissa Moore eta Tyler Wright daude bigarren eta hirugarren postuetan, eta, mutilen rankingean, John John Florence eta Jack Robinson dira bigarren eta hirugarren postuetan daudenak.

Cold Coast eta Marokon ere lehian

Challenger Series itzulia Australiako Gold Coasten hasi da eta bertan dira lehen mailatik kaleratuak izan diren lehiakideak, baina baita CS itzulian lehiatzeko postu bat eskuratu duten mundu osoko lehiakideak ere, haien artean, baita zenbait euskal surflari ere.

Bestalde, pasa den asteburuan Europako Junior Txapelketa izan da Marokon eta euskal surflariek emaitza bikainak lortu dituzte. Bi txapelketon inguruko erreportajea hurrengo astean argitaratuko dugu.