Idoia ERASO
ZIBURU

Arrakastaren bidean heldu da Ziburuko Azokaren 3. edizioa

Argitaletxeen presentzia Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren arrakastaren erakusle argia da. 2019ko lehendabiziko edizioan 16 izan baziren, iaz jada 22 izan ziren, eta ekainaren 4an egingo den hirugarrenean 33 izanen dira. Garapena beste eremuetan ere nabari dela nabarmendu dute antolatzaileek, espazioa handitu baitute eta programazioa ugaritu.

Izaera nazionala duen euskara hutsezko Ziburuko azokak Bidasoa ibaiaren bi aldeetako bisitariak, antolatzaileak, artistak eta argitaletxeak elkartzen ditu, eta iaz mahaien alde batean zein bestean egon zirenek hautu hori «azkarki babestu eta eskertu» zietela nabarmendu zuten atzo antolakuntzaren ardura duten Baltsan elkarteko eta ”Argia” aldizkariko ordezkariek. Ziburun bertan egindako agerraldian azaldu zutenez, aurten espazio zabalagoa izanen du azokak, eta, horri esker, literatur argitaletxeekin batera bederatzi diskoetxe edo musika ekoizle ere izanen dira presente. Sei obra aurkezpen ere eginen dira, eta ekitaldik denak urririk izanen dira.

«Gure programak aukera ematen du eguna Ziburun euskarazko sorkuntzaz gozatuz pasatzeko, izan liburu, kantu, antzerki, musika... Nahi dugu jendea hurbil dadila ez bakarrik oren erdi batean itzulia egitera, baizik egun erdia edo egun osoa bertan pasatzera, eta, bistan da, euskaraz», luzatu zuen gomita Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko antolatzaileak.

Euskararen eta literaturaren zubi lanari erreferentzia eginez Zubiburu mahai-ingurua antolatu dute, non Amaiur Epher idazle gazteak Janbattitt Dirassar ziburutarrarekin partekatuko dituen esperientziak. Antolatzaileek Dirassar omentzeko ere baliatuko dute hitzordua.

Programazioa ugariagoa izango da aurten, hala, hiru ekitaldi gehiago izanen dira. Antzerkiari tokia eman nahi izan diote, eta umorezko bakarkako saio bat eskainiko du Pantzo Irigaraik arratsalde hastapenean, eta ni Banna folk taldeak kontzertua eskainiko du eguerdian. Berriz ere eginen da zirriborroka bertso-marrazki saioa eguerdian bertan, haurrentzako ekitaldia izango da goizean eta arratsean ere kontzertua izanen da. Azken hori Adar taldeak eskainiko du.

Jendeak eta euskarak herriko plaza hartzearen garrantzia nabarmendu zuten antolatzaileek. Horregatik, inguruko lau ostatuak babesle bilakatu dira, eta Boga eta Atala ostatuen aitzinean egingo dira kontzertuak.

Iaz jende andana bildu zuen eskoletako haurrekin goizean egindako kantu hitzordua aurtengo ere programatuta dago, nahiz eta oraindik ez den parte hartzaile guztien zerrenda ezagutzen. «Ikasek duela bizpahiru urte argitaratu zuen Maddi Zubeldiaren ipuin didaktiko batean oinarrituta ikusgarria dute Maddik berak eta Bernadette Lurok. Gure helburua da eskola guztiek parte hartzea eta aukera ematea eskola guztietako haurrei euskaraz aritzeko, edo bederen aditzeko eta kantatzeko, eskolatik kanpo, arrotza baitzaie anitzi».

«Argitaletxeak Euskal Herri osotik helduko dira, bisitariak ere ikusi zen joan den edizioan probintzia guztietatik etorri zirela, eta euskara hutsez partekatzeko mementoak ez dira hainbeste, eta behar ditugu arnasa egin dezagun, eta naturalki euskaraz bizi gaitezen» gaineratu zuen Baltsan elkarteko kideak.

Euskara zubi izan daitekeela ere nabarmendu zuten antolatzaileak, Bidasoaren bi aldeen artekoa bezala, euskaldun berri eta euskaldun zaharren artekoa, kostaldekoena eta barnealdekoena: «Euskarak batzen baitu mugek bereizten dutena».

Azkenik, aipatu XVII. mendean bizi izan zen Joanes Etxeberri Ziburukoa idazle ezezagunari buruzko mintzaldia eskaini zuela joan den astean Celine Mounole Hiriart Urruty Paueko eta Aturriko Herrietako Unibertsitateko irakasleak azokaren programazioaren barruan.