EPIKATIK SAMURTASUNERA, HERRI BATEN SOINU-BANDA ETAINSPIRAZIOA
KANTU BAT GARA» IKUSKIZUNAREN EMANALDI BEREZIA ESKAINI ZION ATZO JON MAIAK GARA ETA NAIZEN KOMUNITATEARI, BEREHALAKO KONEXIO BAT, HERRIA EGIN DUTEN KANTA HORIEK BIZI DITUEN JENDEAREKIN, EPIKATIK SAMURTASUNERA BIDAIATZEKO, ETA AURRERA BEGIRAKO MEZU INSPIRATZAILEZ JOSITA.
GARA eta NAIZen komunitateari dedikatutako saio berezi bat eskaini zuen Jon Maiak, pandemian ezarritako murrizketen aurrean komunikazio proiektuak izandako keinua eskertzeko, eta Campos Eliseos antzokia bete-beteta aurkitu zuen, kantuen letra horiek gertutik ezagutu eta bizi dituen komunitate entregatu bat. Mezu berezi bat espero zutela onartu zuen askok, kanta horiek «herri honen historia hurbila» diren heinean, bazekiten emanaldia emozioari lotuta joango zela, maila pertsonalean eta kolektiboan, eta mezuak ez zirela faltako. Maiak «herriari eta euskarari eman diona jakinda...», zioten Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako lagun talde batean. Ondarroatik etorritako Estik eta Josebak azpimarratu zutenez, «‘Kantu bat gara’ batez ere emozioa» da, bizi izandako askoren musika banda.
Horregatik, seguru asko, berehalako konexioa sortu zen, eta horren erakusle izan ziren bi ordu eta erdiko saioan zehar behin baino gehiagotan sortutako txalo zaparradak, algarak edota Maiaren ahotsari gehitutako ehunka ahots horiek.
Gonbidatu bereziak
Ikuskizunak gonbidatu bereziak izan zituen ikusleen artean zein oholtza gainean. Manu Cabacas eta Fina Licerazu, Iñigo Cabacasen gurasoak, izan ziren horietako batzuk, baina oholtza gainean Toti Martinez de Lezea idazlea eta bere bizitzaren soinu banda, gutun samurra irakurri zuen Amets haurra eta Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen “Miñan” liburuaren pasarte bat irakurri zuen Bouba Diouf Bilboko manteroen ordezkaria izan ziren.
Behin baino gehiagotan kontatu zuen Maiak ez daudela emanaldi berdin bi, bakoitzak kolore bat daukala, eta atzokoak bere konfidentzia momentua ere izan zuen. Aitortu zuen askotan idatzi dituela kolaborazioak GARAn zein “Egin”-en, eta azken hori itxi zutenean, bidegabekeriaren aurreko amorru egun haietan, idatzi bat egin zuela, 200 fotokopia egin eta aparkatuta zeuden autoetan jarri zituela. Letretara emana, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta honek Federico Garcia Lorcari idatzi zion gutun hura ere protagonista izan ziren, baita abuelo eta abuelaren omenezko olibondoaren adarra ere.