Asier AIESTARAN
PILOTA

Garaiz berpiztu zen Laso finalera sailkatzeko

15-10 eta 17-13 galtzen ibili arren, Altuna menderatzeko gai izan zen.

ALTUNA III.A 17

LASO 22


Unai Laso da Buruz Buruko Txapelketako lehen finalista, atzo Bilbon Jokin Altunari 17-22 irabazi eta Nafarroa Arenako finalerako txartela lortu baitzuen. Aurrelari nafarra 15-10 eta 17-13 galtzen joan zen, baina garaiz esnatu eta bederatzi tanto segidan eginda azkenean amezketarra menderatu zuen.

Ez zen partida bete-betea izan. Aurreko neurketa batzuetan baino opari gehiago egin zizkioten elkarri –Altunak bederatzi pilota galdu zituen–, eta jokoak ez zuen horrenbesteko distirarik izan, baina tanto gogorrak asko izan ziren eta emozioa ere izan zuen norgehiagokak.

Unai Laso izan zen partidan ongien sartu zena, 1-5 aurreratuz. Hori bai, lehen tantoa dejada batekin egin zuen arren, ondoren Altunaren bi huts –horma-bikoa zabalera eta gantxoa txapara– iritsi ziren. Sakez egindako beste bi tantorekin –bigarrena Altunak gaizki errestatu zuena– abantaila polita hartu zuen nafarrak.

Sakea berreskuratu zuenean, ordea, amezketarra izan zen jokoaren erritmoa markatu zuena. Sakearekin asko asmatu zuen lehen zati horretan gipuzkoarrak eta zazpi tanto jarraian eginda 8-5 aurreratu zen. Tarte horretan izan ziren tanto apartak; 7-5ekoa, adibidez: Altunak bikain amaitu zuen atzean 21 pilotakadaren ondoren.

Laso presaka antzean aritu zen une batzuetan, eta Jon Mariezkurrena botileroak behin eta berriro eskatzen zion tantoa lantzeko, pilota atzeratzeko, kolpez aurkaria baino gehiago zelako. Bide horri jarraituz, eta beste hainbat tanto gogorren ostean, neurketa berdindu zuen (10-10).

Halere, sentsazioak ez ziren onenak Lasorentzat. Beste askotan gertatu izan den bezala, irudipena zen Altunak errazago lortzen zituela tantoak eta Lasori, aldiz, askoz gehiago kostatzen zitzaiola markagailuan gora egitea. 10-10eko horretatik, adibidez, Altuna 15-10ekora igaro zen erremate ederrak sinatuz: 11-10ekoa pilota irekiz, 12-10ekoa txokoan dejadarekin, 15-10ekoa sake-errematean… Amezketarrak garaipena oso bideratuta zeukala zirudien 17-13koa lortu zuenean, Laso jota utzi zuen enegarren tanto gogorraren ostean.

Ekaitz perfektua

Hurrengo tantoan, ostera, Jokin Altunak oso gutxitan egiten dituen oparietako bat iritsi zen, aurrean harrapatu zuen pilota argi bat zuzenean zabalera bidali zuenean. Eta hortxe hasi zen Unai Lasoren berpiztealdia.

Sakearekin lehen erdian baino askoz gehiago asmatuz, batez ere pilota ezker horman sartu zuelako, bigarren pilotakadari etekina atera ahal izan zion nafarrak, eta arriskatu zuenetan ere jokaldiak ongi atera zitzaizkion –lurretik botatako horma-biko bat, txapa gainean ozta-ozta jo zuen errematea…–. Gainera, Altunak berak ere beste opariren bat egin zion, eta faktore guztiak batuta 0-9ko partzial bat sinatu zuen Lasok, zuzen-zuzenean 17-22ra joateko.

Buruz Buruko Txapelketaren bere lehen finala etxean jokatu ahal izango du nafarrak.