Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Japoniarrek, beste behin, ekarpen handia egin dute

Joan den apirilean Takeshi Tani eta Toshiyuki Yamada japoniarrek Kangchung Nup mendiaren (6.089 m) ipar-mendebaldeko hormarenlehen igoera egin zuten. Marra berri gogorra (ED1) zabaltzeaz gain, murruan baldintza txarrak aurkitu zituzten.

Himalaiako aurtengo denboraldiak aurrera jarraitzen du, eta, foku guztiak zortzimilakoetan jarrita badaude ere, mendi txikiagoetan oso jarduera interesgarriak egiten ari dira. Horren adibide da joan den apirilean Takeshi Tani eta Toshiyuki Yamada japoniarrek Nepalgo Kangchung Nup mendian (6.089 m) sinatu zuten eskalada.

Ez da mendi garaia, baina sokada horrek sortu duen bide berriak zailtasun tekniko gogorrak ditu: ED1, M5 eta WI4/AI4. Horretaz gain, zabaldutako 900 metroek “gailur” berezi batera eraman zituzten; batetik, iparraldeko hormatzar tente horretan nazioarteko alpinista indartsu batzuek ekinaldiak egin baina guztiak saririk gabe geratu direlako, eta, bestetik, japoniarrek aipatzen ari garen pareta horren lehen igoera egin dutelako. Horregatik izenburuan genion japoniarrek, beste behin, ekarpen handia egin dutela.

Hori esan eta gero, gehitu behar dugu, herrialde horretako alpinista handiek bezala, lerrootako protagonista hauek ere oso informazio gutxi eman dutela eginiko jardueraren inguruan.

Lau eguneko jarduna

Horietako batek, Tanik, aipatu du Kangchung Nup mendiaren ipar-mendebaldeko igoeraren lehen urratsa Gokyo herrian hasi zutela; hain zuzen ere, iragan apirilaren 24an. Gau bat hormaren oinarrian egin zuten, eta bigarrena 5.400 metroko garaieran. Jaitsieran beste bibak bat egin eta laugarren egunean Gokyora sari preziatu horrekin iritsi ziren.

Jaitsiera aipatu dugunez, japoniarrok Kangchung Nup eta Kangchung Sha mendien artean dagoen lepoan igaro zuten gaua. Antza denez, bidea nahiko samurra zen eta ez zuten arazorik izan mendiaren oinarrira heltzeko.

Aipatutako jarduera hauetako bi protagonista nagusiek aspalditik ezagutzen dute elkar. Tanik, berriz, ondorengoa gehitu du: «Azkeneko zortzi urteotan elkarrekin asko eskalatu dugu Kanadan. Ni han bizi naiz, eta batez ere Mendi Harritsuetan asko eskalatu dut. Eta handik ibili denak badaki murru askotan arroka zein izotz txarra nagusi direla. Mendi Harritsuetan hartutako eskarmentua oso baliagarria izan zait beste mendilerro batzuetan eraginkor jarduteko. Eta onartu behar dut Kangchung Nup-en izaniko baldintzak Kanadakoen oso antzekoak izan zirela».

Baldintza txarrak

Arestian aipatu dugu izen handiko alpinista batzuek seimilako horren iparraldeko paretan ekinaldiak egin dituztela. Duela zortzi urte, adibidez, Martin Klestinec, David Kovarik eta Tomas Svodoba txekiarrek saio ederra egin zuten. Alabaina, arrokaren kalitate txarrarengatik eta aseguratzeko zeuden eragozpenengatik ipar-mendebaldeko ertzean zirela atzera egin zuten.

Txekiarrak aipatu ditugunez, Tanik berak baieztatu du ez ziotela ibilbide berari jarraitu: «Hasieran zuzen joan ginen, baina murruaren goialdean ezkerraldera jo genuen. Txekiarrek ez bezala, gu ertz horretan sartu ginen, eta onartu behar dut espero baino askoz ere luzeagoa zela».

Goi mailako jarduera horretan izan zituzten baldintzei dagokienez, alpinista japoniarrak esan du udaberrian askoz ere elur gutxiago dagoela udazkenean baino: «Duela sei urte, Japoniako kide batzuk udazkenean saiatu ziren, eta utzitako argazkietan hormatzarra zuri ikusten zen. Gure kasuan oso lehor zegoen; ez dugu elur-jausiekin arazorik izan. Ipar-mendebaldeko murruaren erdian izotz sekzio luze bat ikusi eta han sartu ginen. Zorionez, izotzaren baldintzak perfektuak ziren. Azkenik, aipatu nahi nuke 2019. urtean Paul Ramsden eta Jim Hallek egin zuten ekinaldia txalotzekoa dela. Gailurretik 300 metrora erretiratu ziren, baina sartu ziren marra iparraldeko murruaren benetako bidea da».