Amaia U. LASAGABASTER
LEHEN MAILA

Jai amaiera gozoa Anoetan

Realak gol zaparrada batekin (6-1) ospatu zuen denboraldi historikoa, bere helburua aise bete duen Alavesen kontra.

10.000 lagunen txaloen artean agurtu zuten Realak eta Alavesek denboraldia. Historikoa bientzat, Gipuzkoako taldeak lehen aldiz jokatuko baitu Txapeldunen Liga, lehiaketa bigarren postuan amaitu ondoren, eta arabarrek aise lortu dutelako mailari eustea beren debutaren urtean.

Jai amaiera gozoagoa izan zen Realarentzat, haren nagusitasuna erabatekoa izan baitzen eta gol zaparrada eskaini baitzien Anoetan bildutako zaleei. Hasiera-hasieratik erakutsi zuten etxekoek nola amaitu nahi zuten hain urte biribila eta area bietan saio bana izan ondoren, Vanegasek buruz sartu zuen lehen gola. Eizagirre berehala saiatu zen sor-markako gola sartzen, baina Gemmak sartu zuen bigarrena, labelduna hori ere, erremate gogor batekin.

Alavesek erantzun nahi izan zuen, Carla Armengolen ihesaldi batekin, baina etentxo bat besterik ez zen izan txuriurdinen bakarrizketaren barnean. Atsedenaldiaren atarian sartu zuen Franssik hirugarrena.

Partida ez zen batere aldatu bigarren zatian. Sargoriak eta markagailuaren adierazgarritasunak eragina izan zuten, erritmoa zertxobait moteldu baitzen, baina Realak jokoa monopolizatzen jarraitu zuen, Zabaleta harmailak giroarekin egin zuen bezala.

53an Eizagirrek Franssiren jokaldi bat aprobetxatu zuen erremate geldiezina egiteko eta gero Amaiurrek sartu zuen bosgarrena kontraerasoan, Mirariren pase bikain bati esker.

Bigarren zati horretan izan ziren eguneko une hunkigarrienak. Olatz Santana, minutu bakar bat jokatu barik zeukan lehen taldeko futbolari bakarra, zelairatu zen, ordurako Zamora Saria eskuetan zeukan Elene Lete ordezkatzeko.

Emozioa Alavesen aldetik ere etorri zen. Azken txanpan, partida ordurako erabakita zegoela, talde babazorroa etxekoen atera gerturatu zen pare bat aldiz eta 90. minutua betetzear zegoela, Meryk ohorearen gola sartu zuen. Aurretik idatzitako gidoiak ez luke hobeto asmatuko. Izan ere, kapitain arabarrak aste honetan galdu du aita eta gola eskaini zion, bere kamiseta zerura erakutsiz txaloen artean.

Nerea Eizagirrek denbora izan zuen oraindik markagailua eta partida behin betiko ixteko, 6-1ekoa sartuz.

Jaia, berriz, ez zen amaitu epailearen txistuarekin, talde biak geratu baitziren zelai-erdian, zaleen beroa hartzeko eta eskertzeko. Donostiarrek ohorezko buelta ere eman zuten eta bazkaltzeko ordua harrapatu zituen argazkiak ateratzen, Cecilia –deialdian egon arren, azkenean ezin izan zuen jokatu– manteatzen, kamisetak banatzen eta, finean, eguna eta urtea merezi zuten bezala amaitzen.

Hurrengo hitzordua udaren amaieran izango dute zelaian zein harmailan zeudenek, Txapeldunen Ligarekin.

Golez betetako agurra Unben

Azken jardunaldia gazi-gozoa izan zen, berriz, Unben. Eibarrek azken partida jokatu zuen Lehen mailan, aurreko astean jaitsiera matematikoan sartu ondoren, baina gutxienez azken helburua bete ahal izan zuen, zaleen laguntza azken garaipen batekin eskertuz. Garaipen ederra, gainera, 5-1 gainditu baitzuten Valencia.

Eta partida aldapaz gora jarri zitzaien, hala ere, Marta Carrok kanpokoak aurreratu baitzituen 18. minutuan korner batean. Baina talde armaginak erreakzionatu zuen eta atsedenaldirako buelta eman zion markagailuari, Gantxegik penaltiz eta Arolak sartutako golei esker.

Bigarren zatian, Elbak, Kundananjik eta Carmenek biribildu zuten Eibarren garaipena.