UEMAk euskara estrategia demografikoan txertatzeko eskatu dio Legebiltzarrari
Hizkuntza politikaren «giltzarritzat» du UEMAk estrategia demografikoa. Gasteizko Legebiltzarrak horretaz eztabaidatuko du gaur eta euskararen ikuspegia txertatzea proposatu du mankomunitateak.
Gasteizko Legebiltzarrak estrategia demografikoari buruzko osoko bilkura eginen du gaur eta, Lakuako Gobernuak aurkeztutako lan dokumentua oinarritzat hartuta, zenbait ekarpen egin dizkio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Izan ere, UEMAren arabera, hizkuntza politikaren ikuspegitik ere «giltzarria» da estrategia demografikoa eta bertako lan ildoetan euskararen normalizazioarekin lotutako neurriak txertatu behar dira.
Estrategiaren zimendu izanen diren oinarri batzuk zehazten ditu Gobernuaren lan dokumentuak: eraldaketa sistemikoa eta progresiboa, genero ikuspegia, aniztasuna, erantzunkidetasuna, adinekoen eskubideak eta gazteen emantzipazioa. Zerrendan ez da euskararen normalizazioa agertzen, ordea. UEMAk aldarrikatu duenez, «ezinbestekoa da aipatzea».
Beraz, oinarrietan honako hau txertatzea proposatu du: «Euskararen normalizazioaren ikuspegia. Estrategia honetan jasotako neurriek kontuan izango dute euskararen normalizazioa. Helburua da euskararen erabilera indartzeko mesedegarriak izan daitezkeen neurriak hartzea eta balizko eragin negatiboak prebenitzea. Arreta berezia jarriko da arnasguneetako garapen endogenoa sustatzean».
Gazteak errotzeko laguntzak
Lan dokumentuak planteatzen duen jarduera planaren zati bakoitzean ekarpen zehatzak egin ditu UEMAk. Jarduera planaren lehen zatian, epe laburrerako inpaktua lortzea helburu duenean, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak ematea eta haur eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak hartzea komeniko litzatekeela adierazi du.
Jarduera planaren bigarren zatian, bestalde, ibilbide luzeko eraginari dagozkion neurrietan, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak UEMArentzat, baita adinekoentzako zerbitzuak bermatzea eta zaintzaileen prestakuntzan euskara txertatzea ere. Migratzaileei harrera egitearekin batera, euskara eskaintzearen garrantzia ere nabarmendu du: Usurbilen egiten den bezala, adibidez.
Jarduera planaren hirugarren zatian, zeharkako ildoei dagokienean, hiru proposamen egin ditu mankomunitateak: landa ingurunean herri horietako biztanleak bertan gera daitezen neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko tresnen eta prospekzio azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea ere txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatzea, baliabide gutxien duten udalerrietan arreta berezia jartzeko.
Zeharkakotasuna
Erronka demografikoari erantzuteko ezinbestekoak dira UEMArentzat bi oinarri: batetik zeharkakotasuna, «har daitezkeen neurriek beste eremu batzuetan eragin dezaketelako; euskararen kasuan, esaterako, egoera soziolinguistikoan». Bestetik, eragileen lankidetza eta koordinazioa.
Mankomunitatearen ustez, «hizkuntza politikan pauso handiak eman dira urteotan, baina agerian geratu da ebidentzia bat: hizkuntza politika ez da berariazko politikekin egiten, eta beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten diote euskararen egoerari». Horregatik, UEMAk «ezinbesteko» ikusten du estrategia demografiko honetan ere kontuan izatea euskararen indarberritzea, eta bereziki aintzat hartzea udalerri euskaldunen egoera, haien garrantzia eta zaurgarritasuna ikusita. «Udalerrien garapenean eragina duten proiektu guztietan hartu beharko litzateke aintzat errealitate hori», dio.