Esnalen defentsak auzia gehiago ez luzatzeko galdegin dio epaileari
Parisko Dei Auzitegiak atzo aztertu zuen Jakes Esnalek baldintzapeko askatasuna lortzeko aurkeztutako bigarren eskaera. Martxoan, Kasazio Auzitegiak euskal presoari arrazoia eman zion, baina atzo epaileak CPMS aholku batzordearen iritzia eskatzea proposatu zuen eta fiskalak bat egin zuen proposamenarekin. Erabakia, ekainaren 9an.
Jakes Esnalek Lannemezango espetxetik jarraitu zuen, atzo, baldintzapeko askatasunari buruzko auzi erabakigarria, bere abokatu Maritxu Paulus Basurco alboan zuela.
Parisen, berriz, Dei Auzitegiaren egoitzatik bertatik jardun zuen euskal herritarra defendatzen Serge Portelli Versailleseko auzitegiko buru izan zen abokatuak. Auzialdia amaituta, Maritxu Paulus Basurcok GARAri horren nondik norakoak azaldu zizkion eta bi orenetik gora iraun zuen saiotik «kezkaturik» atera zela fite aitortu zion.
32 urte kartzelan daramatzan preso lapurtarraren abokatuak defendaturiko askatasun eskaerari erantzun beharrean, «auzia luzatzera jokatzeko nahikeria» antzeman zuen abokatuak.
Oroitu behar da Parisko Dei Auzitegiak lapurtarraren defentsak eginiko bigarren eskaera hori ontzat eman zuela 2020ko maiatzaren 12an plazaratu zuen ebazpenaren bidez.
Are gehiago, orduan fiskalak baliatu zuen argudioetako bat, hots, 70 urte betetzear zen presoak berriz ere delitu egiteko arriskua zegoela, «guztiz hipotetikotzat» jo zuen epaileak, «Euskal Herrian azken hamarkadan izan den egoera aldaketa» aintzat hartuta.
Edonola ere, terrorismoaren aurkako Fiskaltzak epaileak plazaraturiko ebazpenaren kontra helegitea aurkeztu zuenez, lohizundarra aske uzteko erabakia bertan behera gelditu zen.
Auziaren hurrengo fasea Kasazio Auzitegian igaro zen. Goi auzitegiak arrazoia eman zion euskal presoaren defentsari, iragan martxoaren 9an plazaratu zuen erabaki baten bitartez.
Ondorioz, bertan behera gelditu zen fiskalak baliaturiko «oztopo teknikoa» –Jakes Esnal CNE izeneko balorazio batzordetik pasatu ez izanak baldintzapeko askatasuna eskuratzea ezinezko bilakatzen zuela zioen haren argudioak–.
Joan den abenduaren 18an 71 urte bete zituen herritarraren abokatua bere aldeko bi erabaki horiek eskuan heldu zen atzoko auzi saiora. Alabaina, fiskalaren babesarekin proposamen harrigarria egin zuen epaileak.
Nahiz eta Kasazio Auzitegiak defentsaren helegitea babestu eta presoa CNEren aurrean aurkeztea ez dela derrigorrezkoa baieztatu zuen, atzo epaileak ebazpen horren gainean «CPMS deituriko bertze batzordeari iritzia eskatzea» proposatu zuen, era horretan auziaren mamiari buruzko erabakia geroratuz.
Defentsak argudiatu zuen prozedura hori ez dela batere beharrezkoa, «dagoeneko CPMS batzordearen aldeko txostena jasoa baitzuen Esnalek».
Horrekin batera, Paulus Basurcok prozedurak jadanik oso luze jo duela erran zuen eta epaileari, erabakitzeko elementu guztiak dituela iritzita, erabakia lehenbailehen har dezala eskatu zion.
Berriro CPMS batzordera joz gero, prozedura urtebete baino gehiagoz luza daitekeen beldur dela aitortu zion GARAri abokatuak, eta «presoak ez duela horrenbeste denbora galtzeko» nabarmendu zuen.
Auzitegiak ekainaren 9an jakinaraziko du bere erabakia.
Ekainaren 11n, manifestazioa
Maiatzaren 13an, Ion Kepa Parot presoak baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aurkezturiko seigarren eskaera aztertzeko auzialdi egunean, mobilizazioa egin zuten Baionan. Atzo, berriz, Esnalen jaioterrian, Donibane Lohizunen, hitzordua eman zuten Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek.
Ion Kepa Paroten eskaera aztertzeko auzian, fiskalak defendatu zuen «goizegi» dela 32 urte kartzelan daramatzan presoa baldintzapean aske uzteko. Ekainaren 15ean jakinaraziko du auzitegiak epaia.
«Ministerio Publikoaren jazarpen zentzugabeak justizia eta giza eskubideei buruz dugun ideala kaltetu» egiten duela salatu zuten, atzo, bakegileek, Luis XIV.a plazan eginiko elkarretaratzean. Heldu den ekainaren 11n Baionan eginen den manifestazioan parte hartzera deitu zuten bake eragileek.