Tragedia eta hura gainditzea, Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren ardatz
Xostakovitx, Txaikovski, Bruckner, Carl Off... oparo dator Euskadiko Orkestraren 2022-23 denboraldia. Izurriak ezarritako erronkei erantzutea lortu izateagatik pozik eta aurrera begira gogotsu agertu ziren arduradunak atzoko aurkezpenean. Robert Treviñorekin elkarlana muga egunik gabe luzatu da eta, horrekin batera, Zuriñe F. Gerenabarrena eta Ramon Lazkanoren estreinu bana eta datorren urtean Poloniara egitekoak diren bira nabarmentzen dira.
«Arte sorkuntzarako inspirazio iturri arras handia izan da beti historiaren bilakabidea. Baita musikarako ere, arimaren ispilu bihurtu baita maiz; zoritxarrarena, tragedia gordinenarena, zein hura gainditzearena», adierazi zuten atzo Euskadiko Orkestraren arduradunek denboraldi berriaren aurkezpenean.
Denboraldia irailaren 23an hasiko da Gasteizen, eta 2023ko ekainaren 9an amaituko da Donostian. Denera 50 kontzertu iragarri dituzte. Xostakovitxek 8. Sinfonian azaleratzen duen tragediak emango dio hasiera. «Lan hori 1943. urtean sinatu zuen, eta Bigarren Mundu Gerran izandako milioika hildakoek eragin zioten zirrararen emaitza da. Xostakovitxek emango dio amaiera, halaber, 15. Sinfoniaren bidez; tragedia gainditzea begiztatzen da bertan, baikortasuna baitario 1971n idatzitako lanari», esan zuten.
«Denboraldi honetan errealismo eta ezbehar dosi eskergak daude, baita, halere, haien gainditzea, baikortasuna, energia eta grina ere», azken finean.
Treviñorekin elkarlana
Robert Treviñok bost urte daramatza –hiru urterako etorri eta luzatu egin zuten– orkestraren gidari eta elkarlanak ez du amaiera datarik. «Orkestrak azken urteotan lortu dituen emaitza artistiko handiak eta kritikaren babes orokorra direla-eta, haren titulartasunari jarraipena eman eta hura luzatzea erabaki da, hura amaitzeko egunik zehaztu gabe», azaldu du Oriol Roch, Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusiak. Pozik agertu ziren bi aldeak orain arte jorratutako bideaz. Maila pertsonalean, garbi adierazi zuen estatubatuar zuzendariak Euskal Herrian lana baino askoz gehiago aurkitu duela. «Hemendik kanpo genituen beste bi bizilekuak saldu eta Gipuzkoakoa da orain emaztearen eta bion etxea», esan zuen.
Gerenabarrena eta Lazkano
Zuriñe F. Gerenabarrena eta Ramon Lazkano konpositoreek presentzia nabarmena izango dute denboraldi berrian. “Mare Marginis” da Ramon Lazkanok ondutako pianorako kontzertuaren izena. Gerenabarrenak, bere aldetik, “Lorratz” sorkuntza estreinatuko du “Elkano: Mundubira musika bidelagun” proiektuaren barruan.
Izurrian bertan behera utzitako egitasmoak ere berreskuratuko ditu orkestrak. Hala nola, Gary Carpenterren “Mamu kantak” lanaren estreinaldia, hiru orkestra britainiarrekin batera agindutako lana. Partiturak Marion Angus poetaren testuak ditu, eta euskarara ekarriko dira.
Musika klasikoan letra larriz idazten diren izenak izango dira gure artean: Alexei Volodin, Alena Baeva, Yulianna Avdeeva, Dinis Sousa, Roderick Cox eta Frank Peter Zimmermann, besteak beste. Iaz bertan behera utzi behar izan zuten Salzburgorako bidaia, Austriaren ustekabeko itxialdiaren ondorioz, eta kontzertu horiek 2024ko otsailera atzeratu ziren. Datorren urtean Poloniara bidaiatzekoak dira Beethoven Jaialdiaren gonbidapena jaso baitute.
«Asmo handiko» grabazio proiekturik ere badute eskuartean. Denboraldi honetan Maurice Ravelen orkestra lanen bigarren bolumena nabarmenduko da. Euskadiko Orkestrak Ondine diskoetxearekin eta Robert Treviño zuzendariarekin hasitako bideari jarraituko dio. Ravel eta Americascapes egin ondotik –izen handiko nazioarteko hedabide espezializatuetan izaniko oihartzuna azpimarratu dute– bigarren Ravel bat baieztatu dute. «Grabazioa erregistratuta dago jada, eta udaren bururako dago aurreikusia nazioartean kaleratzea», aurreratu dute.
Pandemian publikoarekin gertutasuna ez galtzea lortu dutelako harro agertu ziren arduradunak. Bingen Zupiria kultur sailburuak bereziki bi urte hauetan, garai zailetan, egindako lana eskertu zion Treviñori eta «Europako orkestren artean erreferentzia izatea» dutela erronka azpimarratu.
Ekainaren 15etik aurrera jarriko dira salgai www. euskadikoorkestra.eus helbidean. Sarrera solteak irailaren 1etik aurrera egongo dira eskuragarri.